“Gomendioa? Ez ibili zergatiak bilatzen eta ez itzuli”
Imane Alaoui Benamar
Oujda, Maroko, 1987
2009an iritsi zen Euskal Herrira, eta Gasteizen jaiotako bi seme-alaba euskaldun dauzka. Bizitokiko hizkuntza jakitea, oinarrizkoa gutxienez, “beharrezkoa” iruditzen zaiolako hasi zen euskara ikasten. Osakidetzan lan egiten du, erizaintzako laguntzaile. M. Egimendi.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Duela bederatzi urte, elkarte batean egon nintzen lau hilabetez euskara ikasten. Oinarrizko gauza batzuk ikasita, utzi egin nuen. Geroago, Gizarte Etxean urtebete, Gasteizko Udalak gurasoentzat antolatutako ikastaro batean.
Zergatik erabaki zenuen ikastea?
Bi seme-alaba ditut ikastolan, eta zaharrena laugarren mailara heldu zenean, arazo bihurtu zen euskara ez jakitea. Senarra eta biok analfabetoak sentitu ginen eta ikastea erabaki nuen. Duela lau ikasturte, Gasteizko AEKn eman nuen izena, eta orain gai naiz semeari idazlanak egiten laguntzeko.
Nolako prozesua izan duzu?
B1 maila lortu nuenean oso gustura nengoenez, jarraitu eta iaz B2 maila lortu nuen. Familia barnetegi bat ere egin genuen, euskara ikasteko egin dudan gauzarik onenetakoa. Alabarekin joango naiz aurten berriro, oporrak ondo egokituz gero, Osakidetzan bainabil lanean.
Erabiltzen duzu euskara?
Paziente batzuekin bai, beren ama hizkuntza delako, eta zenbait lankiderekin ere bai. Etxean, gure ama hizkuntza hitz egiten dugu, baina kalean euskaraz. Ikastolako kontuetan ere, beti euskaraz irakasleekin. Oso ondo datorkit mintzamenean soltura areagotzeko, hori baita orain nire asmoa. Gasteizko Udaberria euskaltegian nago, ordutegia hobeto datorkidalako; ondo pasatzen dut eta taldea oso ona da.
Zer izan da zailena eta errazena?
Zailena, idazlanak, ez dudalako hainbeste ideia, beti kostatzen zait. Eta errazena, berriz, hitz egitea. Gustatu egiten zait, ez zait inporta akatsak egitea eta ez daukat lotsarik. Aditz laguntzaileak konjugatzea, adibidez, jolas baten antzekoa da, oso polita.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Hitz asko oso logikoak dira; adibidez, erditu: horixe gertatzen da! Eta hitz batzuk arabieratik datoz: alkandora eta albaitari berdin esaten dira.
Trikimailuren bat?
Buruari bueltarik ez ematea, zergatiak bilatzen ez ibiltzea, ez itzultzea... Eta prozesua jarraian egitea, ez uztea, berrio hastea oso zaila delako.