Alba Menendez

Eskubaloi jokalaria

Espainiako Ohorezko Mailako Liga irabazi berri du Menendezek (Zarautz, 1991) Super Amara Bera Bera eskubaloi taldearekin. 8.a du, denak ere Donostiako taldean irabaziak. Txikitatik mugitua eta kirolzalea, bi lagunek eskubaloian jokatuko zutelako hasi zen: “Nik eskubaloia aukeratu baino, hark ni aukeratu ninduela uste dut”. Zarauzko Kirol Elkartean hasi eta 2009an joan zen Bera Berara. Taldeak ordutik lortutako garaipen guztietan parte hartu du: ligak, kopak... Taldeko kapitainetako bat da. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Bera bera.

Liga irabazi duzue. Kopako arantza kentzeko balio izan dizue?

Ez. Liga titulu oso garrantzitsua da, urte osoko lana saritzen du, baina aurten gogo berezia genuen Kopa lortzeko, eta uste dut zauritxoa hortxe dagoela oraindik, irekita.

Kopan, Donostian jokatuan, finalerdian kanporatu zintuzteten, ezustean. Kolpe gogorra?

Bai. Gainera, azken hiru urteotan ere ez gara finalera iritsi, eta aurten, etxean izanda, behintzat finalera iristeko esperantza genuen. Irabazi ere egin nahi genuen, edota, bederen, finala gure publikoarekin disfrutatu. Tira, harmailan ikusi genuen, beste edozein ikuslek bezalaxe.

Azken 10 urteetan, 8 liga irabazi dituzue. Erraz esaten da, baina egin...

Ez da batere erraza. Ligak urte osoko lana saritzen du, esan bezala, eta hainbeste urtean hain erregularra izatea ez da batere erraza ezta urte osoan, 10 hilabete luze horietan, hor goian irautea ere.

Zein da arrakastaren zergatia?

Oso zaila da esaten. Bera Berak beti izan ditu asmo oso handiko helburuak, eta klubak hori transmititzen digu jokalari guztioi. Hemen urte gehiago daramatzagunok badakigu hori; eta badakigu, halaber, tituluak irabaztea zer den. Bat irabazita, gehiago nahi ditugu. Datozen jokalari berriak ere, askotan, titulu bila etortzen dira gurera. Hortaz, haien gogo horrek ere asko bultzatzen du. Klubak eskatzen diguna, geuk nahi duguna eta jokalari berriek nahi dutena, horixe izan daiteke zergatia: halako helburuak jarrita, betetzeko gogoa daukagula beti.

Kapitainetako bat zara. Zein da kapitainaren rola?

Jokalari berriei klubaren helburuak zein diren erakustea, hemen egunerokotasunean nola funtzionatzen dugun, eta balio horiek transmititzea. Nik, Estherrek (Arrojeria) eta Maitanek (Etxeberria) urte dezente daramagu hemen, eta saiatzen gara gu baino lehen egondako jokalariek erakutsi zigutena berriei eta gaztetxoei ezagutarazten.

Bera Beran hasitako Alba eta oraingoa asko ezberdintzen dira? Zertan?

Espero baietz. Hona iritsi nintzenean 17 urte nituen, orain 30; beraz, pixka bat hobetu izana espero dut. Hasi nintzenean, umetxoa nintzen, hau guztia berria zen niretzat, baita eskubaloian profesional izatea ere... 13 urte hauetan, jokalari gisa hazi egin naiz, baina garrantzitsuena izan da pertsona gisa ere asko hazi naizela. Beti esaten dut kirolak ematen dizkizun balioak-eta bizitza normalean ez direla jasotzen, edo beste era batean jasotzen direla, behintzat. Hortaz, jokalari gisa hazi bai, baina nik uste garrantzitsuena izan dela pertsona gisa ere hazi naizela.

Eskuak, burua, hankak... zer da garrantzitsuena?

Ufa, dena! Talde profesional batean zaudenean, burua ongi jarrita izatea oso garrantzitsua da. Presioa daukagu irabazteko, bai kanpotik jartzen digutena bai guk geure buruari jartzen dioguna. Hortaz, garrantzitsua da kontziente izatea gure inguruan jende asko dagoela kanpotik ikusten, emaitzak exijitzen. Horretaz jabetzea eta ulertzea ezinbestekoa da. Eta sasoian egotea ere bai, noski. Egunero entrenatzen gara, jardun zorrotz-zorrotza da, eta gorputza ongi izatea ere oso garrantzitsua da.

2014an, Berrian etorkizunaz galdetuta, “eskubaloitik bizitzea ezinezkoa da” esan zenuen. Orain, zer diozu?

Gure kasuan, hemen, Bera Beran, badago eskubaloitik bizitzea. Hori bai, ez futbolariak bezala, diru iturri itzelarekin. Haiek etorkizunean bizitzeko adina ere badute. Gu orainean bizi gaitezke, betiere diru poltsa handirik gabe.

Itsasorik gabeko hiri batera joango al zinateke, talderen batek deituko balizu?

Taldearen eta baldintzen arabera, bai. Hala ere, egia da nire eguneroko bizimoduan itsasoa beti oso presente daukadala, eta ufa! Ibai handi bat, gutxienez, izatea eskertuko nuke!

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Eguraldi onak, askotan.

Eta tristatu? Entrenamendu edo partida txar batek.

Zerk eragiten dizu barrea? Tontakeriek, baina ez dute zertan txiste txarrak izan.

Eta negarra? Hemen (Gaska kiroldegian) partidak edo tituluak galtzeak.

Zerk haserrearazten zaitu? Askotan, pasotismoak.

Bizio bat: janari ezezagunak probatzea.

Plazer txiki bat? Zarautzen hankak itsasoan sartzea entrenamendu gogor bat eta gero.

Eta sekulako plazer bat? Bidaiatzea.

Taldekide bat: Esther Arrojeria eta Maitane Etxeberria, bi.

Arerio bat: Norvegiako Larvik taldea. Bere garaian, oso talde garrantzitsua izan zen, eta, zorionez, harekin lehiatu ginen.

Jokalari bat: Stine Bredal Oftedal zentral norvegiarra.

Gaska ala Bidebieta? Oso galdera zaila. Gaska.

Zarauzko hondartza ala Donostiakoak? Zarauzkoa.

 

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.