Ane Lindane

Umorista

Aktorea, irrati esataria, gidoigilea... baina, batez ere, umorista da Ane Miren Hernandez Ane Lindane (Bilbo, 1988). Halakotzat jotzen du bere burua. Okupazio mugimenduan zebilenean hasi zen umorea sortzen, bere bizipenetan oinarrituta. Egun, besteak beste, Despotorre bakarrizketa saioa egiten ari da Raquel Torresekin batera. Beste leku askotan ere jarrai dezakegu bere jarduna; esaterako, sare sozialetan, non oso aktiboa baita. Eñaut Mitxelena.

Feminista, politikoa… Nola azalduko zenuke zure umorea?

Nahiko punka. Ez naiz inoiz musika talde bateko kide izan, eta uste dut punka egiteko nire modua umorea dela. Umore punka egiten dut, eta, batez ere, oso umore politikoa. Gordina kasu batzuetan eta azidoa beste askotan. Feminista naiz, oso pertsona politizatua, eta nire bizipenetatik sortzen dut umorea.

Lindanoa intsektizida da. Nolako zomorroei eragiten die zure umoreak?

Fatxa, homofobo, matxista, transfobo, kapitalista... halakoei. Era berean, nire umorea nire militantziatik eta lagunen arteko elkarrizketetatik sortzen denez, gure kontraesanetan eragiten ere saiatzen naiz. Nahiko gizarte desmobilizatu eta despolitizatuan gaude orain, magufokeria pila bat ikusten dut inguruan, kontraesan ikaragarri handiak ere bai, eta gure baitan dauden zomorro horiei ere eragitea gustatuko litzaidake.

Egurra banatzen duzu, baita jaso ere.

Banatzeko, jasotzen jakin behar. Bai. Sareetan zaudenean eta nik egiten ditudan gauzak egiten dituzunean, oso ikusgai egoten zara. Gainera, Interneten anonimotasuna handia da, eta mundu guztiarengana irits daitezke zure bakarrizketak eta… Bai, jakin behar da jasotzen. Denetarik dago Interneten, eta hater asko ditut. Nire hater-ak ikaragarri maite ditut, oso-oso dibertigarriak dira. Azkenean, halako pertsonak Interneten guztiz biluzik geratzen dira, eta zein absurdoak eta ergelak diren ikus dezakezu. Asko disfrutatzen dut iraintzen nautenean. Bestalde, batzuetan, ez beti, biktimizatu egiten nau, nolabait. Baina ez naiz biktima bat, mesedez! Hortaz, bi aurpegi horiek ikusten ditut.

Denaz egin daiteke umorea?

Bai, noski. Beti. Edozer gauzari buruzko txisteak egin daitezke. Zure asmoa eta helarazten ari zaren mezua zein diren, noski. Nire zuzeneko bakarrizketetan, gai asko jorratzen ditut, besteak beste tortura, pederastia, emakumeon kontrako tratu txarrak… Torturen kasuan, adibidez, nire asmoa da gogoraraztea hemen duela gutxira arte gertatutako errealitate bat izan dela. Bakarrizketak dira, barre egitekoak, baina mezu politiko nahiko indartsu eta sakona daukate. Hori da garrantzitsuena.

Garai txarrak al dira umorea egiteko?

Ezetz esanen nuke. Gero eta emakume gehiago ari dira umorea egiten; gero eta gai gehiago jorra ditzakegu, eta maritxuei buruzko gero eta txiste gutxiago daude. Uste dut inoiz baino garai hobeak direla.

Despotorre izenburupean, Open Mic edo mikrofono irekiko saioak antolatzen hasi zara Raquel Torresekin batera. Zer dira?

Bai. Despotorre showarekin hasi ginen eta ikusi genuen Bilbon ez zegoela Open Mic-ik. Jam session baten modukoa da. Hainbat umorista mikrofono aurretik igaro, eta hamar minutuko bakarrizketa laburtxoak probatzen dituzte. Izan ere, txisteak publiko aurrean probatu behar dituzu noizbait, etxean eginda ez dakizulako barregarriak diren ala ez. Gainera, emakume umoristak lehenesten ditugu. Guk dakigula, behintzat, Euskal Herri osoan ez dago halakorik. Zoragarria da jakitea gauza txikietatik bada ere aitzindariak izaten ari garela.

Euskaraz eta gaztelaniaz egiten duzu umorea. Alderik bai?

Egia esan, bai. Euskaraz gertatzen da, askotan, ez dugula toki komunik, denok kulturalki ezagutzen dugun egoera komikorik. Topiko horiek oso gauza zehatzekin lotuta egon ohi dira, eta gerta liteke jendeak ez ezagutzea. Beraz, kosta daiteke ulertzea egiten ari zaren hori txistea dela. Horrez gain, badago nahiko gipuzkoarkeria handia, oro har. Horretan, telebista publikoak erru ikaragarria dauka. Ondorioz, zure bizkaitar kontuekin Gipuzkoara joaten zarenean, gainera erdi bizkaieraz edo Bizkaiko euskañolez eginez, ez dute gustuko. Bestalde, autokritika ere egingo dut: hain da gogorra agertokian egotea eta inork barrerik ez egitea edo barre gutxi entzutea, ezen sarritan bakarrizketa gaztelaniaz egiteko joera handiagoa dugun. Orduan, sorgin gurpil bihurtzen da. Oso gogorra da, konpontzeko zaila, baina gero eta gauza gehiago ari dira egiten euskaraz, eta errealitate hori aldatzen ari da. 

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkiak.

Eta tristatu? Eguraldi txarrak.

Zerk eragiten dizu barrea? Barrerik gehien, absurdoak.

Eta negarra? Barre handia eragiten didaten gauza horiek negarra ere eragiten didate.

Zerk haserrearazten zaitu? Hiru gauzak: batukadak, magufokeriak eta faxistak.

Bizio bat: Azazkalak jatea.

Plazer txiki bat: Txakur baten belarriak laztantzea.

Eta sekulako plazer bat? Aitarekin mendira joatea.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Aktorea.

Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Polizia.

Umorista bat: Miguel Noguera.

Zerk ez dizu graziarik egiten? Umeek sortzen duten zaratak.

Gaztetxea ala antzokia? Gaztetxea.

Batukadak, bai ala ez? Noski ezetz! Debekatu egin beharko lituzkete!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.