Dabid Argindar
Argazkilaria

Hainbat arlotan aritzen da Argindar (Donostia, 1973). Paisaiak eta kirolak asko lantzen ditu ere. Besteak beste, pilotan eta futbolean jarduten du, baita Donostiako Hipodromoan ere. Zaldi lasterketei buruzko zaldilasterketak.eus euskarazko webgunearen sortzaileetako bat ere bada. Berriki, Paretaren mintzoa izeneko erakusketa izan du zabalik Bilboko Terminal aretoan: 2013tik frontoiei ateratako argazkiekin egindako erakusketa. Leku gehiagotan jarriko du ikusgai, eta gehiago garatzeko asmoa du. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Eñaut Mitxelena.

Paretaren mintzoa. Zer diote paretek?
Gauza asko. Batez ere, nortasuna adierazten dute. Ez dira berdinak Nafarroako frontoi bat, Iparraldeko bat, Gipuzkoako bat eta beste edozein lekutako bat. Herrialde bakoitzak badauzka bere berezitasunak. Herrialde bakoitzaren nortasunaren adierazleak dira, hein batean.
Frontoi bakoitzak gauza bat esaten du?
Normalean, bai. Gaur egun egiten dituztenak oso antzekoak dira, eta ez zaizkit hainbeste interesatzen. Lehengoak, ordea, bai. Kontuan hartu behar da non dauden eginak: kon-tzejupeetan (udaletxeetako arkupeetan), elizetan... Eliza eta udaletxe guztiak ez dira berdinak, beraz, frontoiak ere ez.
Zergatik frontoiak?
Urbasakoan hasi nintzen. Elurra egin zuen egun batean, mendira joan nintzen paisaiei argazkiak egitera. Hango pilotalekuaren albotik askotan pasata nintzen, baina une hartan atentzioa eman zidan. Argazkiak egin, eta bazegoela lantzeko zerbait iruditu zitzaidan. Pixkanaka, bilatu ez, baina aurkitzen nituenean argazkiak egiten nizkien. Ondoren, pentsatzen hasten zara: umeen jolastoki, afariak egiteko leku... Ez da jolaserako bakarrik, gauza asko egiten ditugu bertan. Herri honen nortasuna adierazten duen zerbait da. Orduan hasi nintzen frontoiak bilatzen, eta orain ezin diot utzi.

Zenbat bisitatu dituzu?
Zehazki ez dakit, baina azkenekoz zenbatu nituenean... baziren 100 baino gehiago. Eta gehiago izango dira.
Pilotarik eramaten al zenuen?
Ez, eta damutu izan naiz, zeren eta gerora bururatu baitzait ongi zegokeela soinua grabatzea. Orain bai, frontoietan pilotaren soinua grabatzen dut, erakusketari beste buelta bat emateko.
Gehienak hutsik ageri dira. Horrela erakutsi nahi zenituen edo errazagoa da jenderik gabe topatzea?
Ez da erraza, ez pentsa. Batzuetan, zain egon behar izaten nuen, jendea zegoelako, edo autoak aparkatuta, eta oso zaila zen. Nik espazioa nahi nuen, espazioa hutsik. Espazioari argazkiak egiteak beste xarma bat dauka. Halere, kasu batzuetan, ez ditut hutsik atera, hala nola Baionako Trinkete Modernoa eta Muzkiko pilotalekua.
Frontoia osorik, xehetasun txikiak... Nola aukeratu zeri atera argazkia?
Hara joan, bertan egon eta denbora hartu behar duzu. Ez dut aldez aurretik pentsatzen. Ideiaren bat izaten dut, Interneten begiratzen dudalako gutxi gorabehera nolakoa den, baina pilotalekuak berak esaten dizu argazkia zeri atera, han denbora daramazunean. Azkenean, baliteke argazkian pentsatuta ez zenuen hori ateratzea.
Paisaien geldotasuna, batetik, eta kirolen mugimendua eta bizitasuna, bestetik. Biek asetzen zaituzte?
Bai. Oso ezberdinak dira, baina bakoitzak bere xarma dauka. Paisaiena frontoienaren antzekoa da, neurri batean. Argiak asko egiten du. Estalita daudenetan, argia sar daiteke, baina hein batean kontrolpean daukazu. Paisaietan, ordea, argi berezia behar duzu; leku polita bakarrik ez, argiak ere indar handia duelako. Gauzak patxadaz egin behar dira. Hala ere, kiroletako estres hori ere asko gustatzen zait. Pilotan, esaterako, oso gustura ibiltzen naiz, eta txirrindularitza ere oso gustuko dut; hor, gainera, gauza biak uztar ditzakezu: paisaia eta kirola edo azkartasuna.
Zaldilasterketak.eus gunearen sortzaileetakoa zara. Oso mundu arrotza da gehienontzat?
Halakoa zen niretzat. Uste nuen oso arrotza zela guretzat, elitista, erdalduna... Lanean hasi nintzenean, zaldi lasterketetan komunitate oso euskalduna dagoela ikusi nuen, hemen zaletasuna badagoela. Zaldi lasterketak oso gogoko dituzten bi kazetari ere ezagutu nituen han, eta zerbait egitea erabaki genuen, euskaraz ez zegoelako ezer. Ondorioz, zaldilasterketak.eus sortu genuen, euskaraz osorik. Nik webgunea egiten dut eta argazkiak jartzen ditut, adituak haiek dira. Kronikak idazten dituzte, analisiak egiten, eta gida batzuk ere badauzkagu. Jende askok ez daki, baina hipodromoa eguna igarotzeko leku eder-ederra da.

Di-da batean

Zerk alaitzen dizu eguna? Argazkitarako motibo bat aurkitzeak.
Eta tristatu? Lan bat egitera joan eta argazkiak ateratzen fin ibili ez izanak.
Zerk eragiten dizu barrea? Tontakeriek.
Eta negarra? Gizakiak bere akatsetatik ikasten ez duela ikusteak.
Zerk haserrearazten zaitu? Lana ez balioesteak.
Bizio bat? Kafea.
Plazer txiki bat? Mendira bakarrik joatea.
Eta sekulako plazer bat? Pentsatu dudan argazki bat lortzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Txirrindularia.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Lan monotono batean aritzen den norbait.
Pilotaleku bat argazkiak egiteko? Sorpresa handia hartu nuelako, Baxaurikoa (Trebiñu). Pilotaleku bat partida bat ikusteko? Labrit.
Argazkilari bat? Graham Watson, txikia nintzenetik jarraitzen diot.
Ametsetako argazkia? Hurrengoa.
Zuri-beltza ala kolorea? Kasuaren arabera. Argazkiak berak eskatzen dit bat ala bestea.
Zein kirol da fotogenikoena? Zaila. Zaldi lasterketak oso fotogenikoak dira, baina nik txirrindularitza izan dut gustukoen umetatik. Gainera, joko gehiago ematen dizu, eta asko gustatzen zaidanez, txirrindularitza... bai.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.