AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI (Andoain, 1971) Euskaldunon Egunkariako erredakzioan hasi zen lanean kazetaritza gradua amaitu bezain laster. Berria kazetaren zuzendaria da orain, joan den uztailetik. Laster, Berria guztiz berrituta plazaratuko da. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zein izango dira Berria berriaren erronka nagusiak?
Aldaketa handia dator, erabatekoa. Denbora luzeko gogoetaren ondorioa hil honen erdialdera argitaratuko da. Erronka izango da, batez ere, egiten dakiguna hobeto egitea, hau da, gertuko informazioa ematea Euskal Herrirako, eta erronka berriei hobeto erantzutea. Adibidez, feminismoari atal berezia eskainiko diogu, ingurumenari beste bat, baita tokian tokiko informazioari ere. Eta hori guztia ondo erakustea, guretzat inportantea delako edukiak ondo ematea, baina baita ondo erakustea ere. Horrexegatik egingo dugu erabateko aldaketa, bai digitalean bai paperean. Webgunea, jendeak gauzak errazago eta arinago irakurtzeko, argiagoa izango da. Eta irakurleak bere webgunea pertsonalizatu ahal izango du gustuko dituen gaiekin. Entzun Berria atala ere sortuko dugu, eta, orain daudenez gain, podcast berriak egingo ditugu. Euskararekin lotuta ere bai, noski. Erronka nagusia da euskal komunitate sendoak merezi duen egunkaria egitea eta, hori egiten dugun neurrian, komunitatea indartzea. Azkenean, gurea euskal mundua da, eta gure hizkuntzak aurrera egiteko tresna bat gara.
Euskara, feminismoa, ingurumena. Zergatik gai horiek?
Euskara oinarrizkoa dugu, euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra da Berria. Bestalde, mundua berdintasunetik ikusten dugu, eta berdintasun hori bultzatzea eta bermatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Alde horretatik, geure burua feministatzat daukagu, eta ez kanpora begira bakarrik: etxe barruan ere berdintasun hori bultzatzeko betebeharra sentitzen dugu. Hori dela eta, barne prozesua egin dugu, egiten ari gara eta egingo dugu, azken batean guretik begiratuta egin dezakegun ekarpena mundu justua eraikitzea delako. Ingurumenari dagokionez, mundua suntsitzen ari gara, baina hori gabe ez daukagu zereginik. Mundua hondatzen ari garen neurrian, ezberdintasunak ere areagotzen ari gara. Eta badakigu nori eragiten dion, batez ere, ingurumenaren sarraskiak: pobreziari, emakumeari... Zeregin handia daukagu hori argi adierazten, salatzen eta irtenbideak ematen saiatzen. Horixe da gure eginkizuna.

“Erronka nagusia da euskal komunitate sendoak merezi duen egunkaria egitea”
“Papera uste baino denbora gehiago irauten ari da”
“Gure eginkizuna da jendeak ahalik eta gehien irakurtzea euskaraz”
“Independentea izatea Berrialagunen eta harpidedunen bidez bakarrik lortuko dugu”
“Pentsatzen dugu sare sozialak erabiltzen jakiteagatik denok izan gaitezkeela kazetari”
“Egunero-egunero
egin beharko diogu aurre euskararen aurkako oldarraldiari”

Aurreikusi duzue uneren batean paperezko egunkariaren desagertzea?
Oraingoz ez. Orain dela urte dezente agertu zen mamu hori. Argi dago papera indarra galtzen ari dela; halako batean, bere izaera ere galduko du, baina uste baino denbora gehiago irauten ari da. Gainera, paperezkoaren gure irakurlea oso fidela da, eta horri esker ere irauten dugu. Hortaz, papera ezin dugu alde batera utzi, eta ez dugu nahi, gainera. Mantendu egin nahi dugu ahal den neurrian, irakurleek erosten edo harpidedunek jasotzen duten neurrian. Paperezkoa oso ondo egiten dakigu, eta ez genuke galdu nahi, baina egoerak ez dela bideragarria esaten digunean, utzi egingo diogu.
Webguneko edukiak doan ematen jarraituko duzue?
Bai, gure eginkizuna ahalik eta euskaldun gehienengana iristea delako. Herri txikia gara eta ezin diogu mugarik jarri irakurle euskaldunari. Hori bai, guretzat komunitatea oso garrantzitsua da, Berrialagunak oso inportanteak dira, eta horiekiko harremana areagotu egin nahi dugu. Pentsatzen ari gara diruz babesten gaituen komunitate horri zerbait berria ematea; adibidez, zenbait eduki aurreratzea. Abantaila batzuk orain ere ematen ditugu, baina horretan sakondu nahi dugu, feedback handiagoa jaso. Berrialagunak egunkariaren alde zerbait ona egiten ari dela sentitzea nahi dugu, hark ere jaso ditzala abantaila batzuk, baina ez da inondik inora edukirik itxiko. Hori argi geratzea nahi dut, gure eginkizuna delako jendeak ahalik eta gehien irakurtzea euskaraz eta ahalik eta euskaldun gehiago egotea mundu honetan.
Gazte askorentzat informazioa jasotzeko modu bakarra sare sozialak izanik, bereziki erreparatuko diezue?
Bai. Oso modu ezberdinean irakurtzen dute dena, eta sare sozialetatik iristen zaizkie gauza asko. Ahalegina egiten ari gara ikus-entzunezko eskaintza asko handitzeko, sare sozialez gain, podcasten bidez eta. Helburua gazteengana heltzea da, baina ez sareen bidez bakarrik, baita edukien bitartez ere. Azkenenean, garrantzitsuena da zer irakurtzen den. Badakigu gazteen gustuak non dauden, baina ez dugu horietara mugatu nahi, beste guztia zaindu gabe. Gazte jendeak beste gustu batzuk dauzkala ikusten dugu, hor kokatzea zaila da, baina hori da bidea. Gure eginkizuna egunkari bat egitea da, kalitatezkoa, fidagarria, gertukoa... Hala ere, komunikabide bat jada ez da egunkari bat bakarrik, baita ikus-entzunezkoak ere, eta hortik egin nahi dugu saialdia. Etorkizuna gazteengan dago; beraz, etorkizuna eduki nahi badugu, haiengana heldu behar dugu.
Hedabideen digitalizazioa eta berrikuntza beharrezkoak dira, baina nola egin? Dirulaguntza publikoen bidez?
Aitortu behar dugu, eta ez dugu inolako lotsarik esateko, guretzat erakundeen dirulaguntzak oso inportanteak direla. Hedabide euskaldun batek ezingo luke bizi horiek gabe, baina momentu honetan gure diru sarrera gehienak publizitatetik eta Berrialagunengandik eta harpidetzetatik datoz, % 70 gutxi gorabehera. Komunitatea handitzeko helburua ere badu berrikuntza honek, informazio hobea eskainiz, besteak beste, independenteagoa izateko. Hau da, edukiak geuk aukeratzeko, eta zer esan nahi dugun geuk erabakitzeko. Hori Berrialagunen eta harpidedunen bidez lortuko dugu, ez dago beste modurik. Haien ekarpenari esker gaude hemen, eta haien ekarpen handiagoari esker espero dugu urte dezentean hemen jarraitzea.
Adimen artifiziala ziztu bizian zabaltzen ari den honetan, egin daiteke kazetaritza ona?
Adimen artifiziala erakusten zaionetik elikatzen da. Ez dakigu oso ondo nondik joango diren gauzak, oso azkar doa dena eta gogoeta ere egin behar dugu. Iruditzen zait guretik ere elikatu beharko genukeela adimen artifiziala, gure albisteak emateko. Halere, guk dakigun hori egiten jarraitu behar dugu. Oraingoz, kokatzen ari gara, ikusi egin beharko bide hori nolakoa izango den, inork ez daki. Beldurra ematen du neurri batean, baina aukerak ere zabal ditzake.
Sinesgarritasun galera izugarria izan dute hedabide batzuek azkenaldian. Merezita?
Ez nuke inor markatu nahi, baina egia da oro har sinesgarritasuna galdu egin dela. Batetik, batzuk mendekotasunetik ari direlako eta menderatzaileak nahi duena esan behar dutelako. Bestetik, sare sozialetan nahas-mahas izugarria dago, eta hortik egia ez diren albiste asko etortzen dira. Pentsatzen dugu sare sozialak erabiltzen jakiteagatik denok izan gaitezkeela kazetari. Horregatik da orain une inportantea guretzat: sinesgarritasun ezaren aurrean, konfiantzazko albisteak eman eta jende batentzat eredugarriak izan nahiko genuke, Berrian aurki dezatela benetan gertatzen dena. Horretan saiatu nahi dugu behintzat, eta horregatik da guretzat oso inportantea komunitate handia edukitzea atzean, horrexek ahalbidetzen digulako nahi duguna edo ikusten duguna inolako mendekotasunik gabe kontatzea.
Adibidez, zer iruditzen zaizu nola ari diren jorratzen hedabideak Palestinako gatazka?
Argi dago Hamasek eraso egin diola israeldar herriari, jendea hil du, hori inork ez du onartzen eta ez da onartu behar, baina israeldarrena justifikatzeko eta palestinarrena justifikatzea ahazteko joera handia dago, noiztik dauden zanpatuak eta zer-nolako zapalkuntza den. Leku askotan hori argitzen ari badira ere, beste askotan parean jartzen dituzte biak, Hamasen erasoa ezerezetik etorri balitz bezala. Israelek esan zuen Gazakoak ez zirela pertsonak, animaliak baizik! Hortik abiatzen dira, baina abiapuntua ez da hori. Ez dezagun ahaztu Gaza errefuxiatuen eremua dela eta errefuxiatu horiek beren lurretatik alde egin behar izan zutela. Ez da ahaztu behar Gazan kartzela handi batean bizi direla, argindarrik, jatekorik eta urik gabe. Egun batean, bonba bat; hurrengoan ere bai. Beldurrak eta etorkizun ezak eragindako egundoko arazo psikologikoak dituzte. Sekulako sarraskia da, eta hainbeste urteko zapalkuntza mahai gainean jarri behar da. Hedabide batzuk politikariek esaten dutenetik bakarrik elikatzen dira, eta hori baino gehiago egin beharko lukete.
Badago gurean publiko nahikorik euskaraz egindako kalitatezko produktu batentzat?
Oraindik badaukagu nondik hazi, asko. Gure komunitatean, hainbatek dakite euskaraz, baina batzuek ez dute euskaraz kontsumitzen. Ohitura horiek aldatu egin behar ditugu. Hedabide sare sendoa edukiko bagenu, pixkanaka aldatuko genituzke ohiturak. Zerbait interesantea ematea lortuko bagenu, eduki propioa, gaurkotasuna izango duena, mundua beste begirada batez erakutsiko duena... erakartzeko aukera asko dauzkagu. Ohiturak aldatzeko, inurri lana behar da, pixkanaka.

Zer egin euskara pairatzen ari den oldarraldi judizialaren aurrean?
Euskara oldarraldiz oldarraldi bizi da. Orain, oldarraldi judiziala daukagu. Aurretik, beste zapalkuntza mota batzuk. Beti gabiltza arriskuan. Kalean erantzun behar dugu, azaroaren 4an manifestazioan aterako gara, baina egunero erakutsi behar dugu zer nahi dugun, eta injustiziak salatu. Zer dela eta oraingo hau? Ez dakit, baina badirudi estrategia jakin bat dagoela atzean. Katalunian ikusi genuen, orain dela urte batzuk, zer pasatzen ari zen: katalana hazkundean zegoen eta bat-batean gaztelania zapaltzen ari zelako diskurtsoa agertu zen. Hemen, diskurtso hori bera zabaltzen ari da orain, euskarak gaztelania zapalduko balu bezala, kar-kar! Barregarria litzateke, hain kontu serioa ez balitz. Garai batean ateratzen ausartzen ez zen diskurtso hori orain esan egiten da, eta euskaldunok pribilegiodunak bagina bezala zabaltzen ari da. Kontradiskurtsoa eraiki behar dugu horri aurre egiteko, eta hori eguneroko lana da. Manifestazioarekin Bilboko kaleak bete behar ditugu, zer garen eta zer gertatzen ari zaigun erakusteko, baina egunero-egunero egin beharko diogu aurre oldarraldiari.
Hala ere, merezi du euskara ikastea. Zergatik?
Mundu bat zabaltzen duelako, bizimodu oso aberatsa. Merezi duen kolektibo oso bereziaren parte izateko aukera ematen du, eta bizitzeko beste modu bat eskaintzen. Ni goizetik gauera bizi naiz euskaraz, amets ere euskaraz egiten dut, eta ez nuke ezergatik aldatuko. Probatzea merezi du.

KOLKOTIK

Kazetaria izateak daukan gauza on bat? Mundua eta gauzak ikusteko sentsibilitate berezia pizten dizula.
Eta txarra? Kontrasterako astirik eza. Azkar ibili beharrak askotan galtzen gaitu.
Urte bukaeran jakiten da, baina zein izango ote da 2023ko hitz erabiliena? Oldarraldia, zoritxarrez.
Ondo informatuta egoteko modurik egokiena? Egunero egunkaria irakurtzea, kar-kar! Zer esango dut, bada?
Zein sare sozialetan ibiltzen zara erosoen? Eroso, inon ez. Ez zait gustatzen horko nahasmena eta gauzak hainbeste magnifikatzea.
Biharko egunkarian argitaratu nahiko zenukeen titularra? Euskal Herri euskalduna lortu dugula, edo pobrezia bukatu dela, baina ezin dira egun batetik bestera eman.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Askotan ez dut lortzen erlaxatzea, baina korrika egiten dut, edo pianoa jo.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Urdaiazpiko egosia eta gazta.
Bizitzako plazer txiki bat? Ganbak jatea.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Neska serioa. Ispiluaren aurrean barre gutxi egiten dut, kar-kar!
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Orain baino zaharrago, baina orain bezalatsu. Hori nahiko nuke, jada jubilatuta, hori bai.
Larunbat gauerako planik onena? Ez dut plan berezirik egiten, gehiago gustatzen zait eguna.
Eta igande arratsalderako? Telesail bat ikustea, liburu bat irakurtzea edo pianoa jotzea.
Zerk galarazten dizu loa? Batez ere, nire beldurrek. Lo gutxi egiten dut, eta gaizki.
Zerk ematen dizu, bada, beldurra? Normalean, gertatuko denak edo gertatuko dela uste dudanak.
Eta amorrua? Injustiziak.
Eta lotsa? Gauza askok. Jendearen aurrean hitz egiteak, adibidez.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Idazlea.
Labur, nolakoa da Amagoia? Pertsona ona, eta burugogorra.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.