Txuma Murugarren: “Nire diskoak saltzen jarriko banintz, ganbara bete disko edukiko nuke”
TXUMA MURUGARREN (Errenteria, 1964) Sasoi Ilunak taldearen liderra izan zen joan den mendeko 90eko hamarkadan. Bakarkako musika ibilbidea 2000. urtean hasi zuen. Gautegia lana (Gaztelupeko Hotsak) argitaratu berri du, Nick Caveren Nocturama euskaratuta. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.
Gautegia lanaren ernamuina 2014an sortu zen, ezta?
Bai, Izar & Star zikloan, Euskal Herriko musikari batzuoi gustuko dugun artista baten diskoa geure erara moldatzea proposatu zitzaigun, bizpahiru kontzertu emateko, baina horretarako talde osoa muntatzea eta entsegu guztiak egitea ez zen egingarria. Orduan, Nick Caveren Nocturama lana gogoratu nuen, oso bitxia haren ibilbidean, oso lirikoa delako. Pianoan oinarrituta dago, gehienbat, eta pentsatu nuen Rafa Acebes, nire piano jotzailea, eta biok elkartuz gero, gitarrarekin, pianoarekin eta ahotsarekin soilik egin genezakeela diskoaren moldaketa, eta halaxe egin genuen. Lauzpabost kontzertu egin genituen azkenean, eta hor gelditu zen kontua. Baina, orain dela gutxi, diskoa grabatu ahal genuela bururatu zitzaigun, egindako lan hura ez galtzeko, eta horixe egin dugu. AME estudioan elkartuta, egun batean grabatu genuen dena, ukitu batzuk izan ezik.
“Ez nuke esango Nick Caveren zale amorratua naizenik, Nocturamazalea baizik”
“Ez nago oso adiskidetua zuzenekoekin”
“Azken bolada honetan, ez dut musikarekiko errespetu handirik ikusten”
“Euskara ikasita, mundua ikusteko beste begi batzuk zeureganatzen dituzu”
“Ez nuke musikatik bizi nahiko, praktikan lan handia eskatzen duelako”
“Durangoko Azoka oso beteta egoten da”
Nola definituko zenuke diskoa?
Nocturama diskoko kantuetan oinarrituta dago, baina gure begietatik ikusita; gainera, hitzak euskaratuta, gertuagoa izango zaio euskal publikoari. Oso introspektiboa dela esango nuke, Nick Caveren diskoa bezalakoxea. Pertsonaia ahulak bizi dira kantu horietan, eta elurra ere agertzen da, oso metafora erabilia garbitasuna, isiltasuna eta nolabaiteko mugagabetasuna islatzeko. Gauza horiek guztiek giro berezia sortzen dute diskoan, horri hagitz ongi eutsi diogula uste dut. Beraz, lirikoa, metaforikoa... baina kantu indartsuren bat ere badago. Nahasketa polita da.
Itzuli egin dituzu kantak?
Abesti baten itzulpena ezin da hitzez hitz egin. Fidela izan behar duzu egileak esan nahi duenarekin, dauzkan irudiak mantendu eta abar. Baina beste hizkuntza batera ekartzean, arazoak sortzen dira. Batetik, metrikagatik, hitzak beren tokian eta ahotsaren lerro melodikoan sartu behar dituzulako; bestetik, errima baldin badauka, beste arazo bat dator, eta Nick Caveren abestietan errima dago. Beraz, horri guztiari heltzeko, ekilibristarena egiten ibili behar zara neurri batean. Halere, oso jolas polita da. Hizkuntzak gustatzen bazaizkizu, eta hizkuntzekin gozatzen baduzu, puzzle bat egitearen antzeko zerbait da. Dena den, banuen entrenamendu pixka bat, beste disko baterako ere egin genuelako itzulpen sorta bat: Jonan Ordorikak Lou Reeden omenez egindako hartan, neuk itzuli eta egokitu nituen abesti guztiak. Gustatu egin zitzaidan esperientzia, eta hau proposatu zidatenean pentsatu nuen Nocturama albumaren inguruko lana euskaraz egin behar zela, ezin genuela ingelesez egin. Bizpahiru egun behar izan nituen abesti bakoitza lantzeko: lehendabiziko bertsioa egin, behin eta berriz jo, txukundu, kantua jo, silabak kendu edo gehitu musikara egokitzeko, errimak... esanahiaren eta naturaltasunaren bila. Baina ez da beste munduko ezer.
Oso gustuko izango duzu Nick Cave...
Ez pentsa, ez nuke esango haren zale amorratua naizenik. Beste musikari eta sortzaile batzuk askoz ere gehiago gustatzen zaizkit. Lehendabiziko diskoetako alderdi bortitzak edo Grinderman proiektuak ez naute gehiegi erakartzen, baina Nocturama diskoa, nahiz eta Caveren benetako zaleei gustatu ez, niri gehiago gustatu zitzaidan. Hortaz, esango nuke Nocturamazalea naizela, ez Nick Caveren disko guztien zalea.
Udazkenean hasiko duzu bira. Animatuta?
Ez nago oso adiskidetua zuzenekoekin. Zerbait ari da gertatzen, hor bira nahiko nazkatuta amaitu nuen. Azken bolada honetan, ez dut musikarekiko errespetu handirik ikusten, jotzen ari zarela jendea hizketan kristoren burrunba sortzen... Gauza berriak aurkitzeko ere ez dago interes handirik: kontzertu batean kantu berriak abestu nahi dituzu, baina jendeak ezagutzen dituenak entzun nahi ditu, ez dago garai batean bezalako interesik. Horrek guztiak erre egiten nau. Egingo ditut kontzertuak, bai, eskaini egin behar direlako eta gustura egiten ditudalako, baina atzean beti dago zalantza: nola aterako ote den, nola etorriko ote den jendea... Sorpresa ona batzuetan, txarra beste batzuetan.
Euskara irakaslea zara lanbidez. Zergatik merezi du euskara ikastea?
Beti merezi du euskara ikastea. Topiko asko daude; esaterako, hizkuntza bat ikastea ez dela bakarrik komunikaziorako kode bat eskuratzea. Baina, horrekin batera, mundua ikusteko beste begi batzuk zeureganatzen dituzu, bestelako sentsibilitatea, euskal kulturari buruzko gauza asko argitzen dizkizu... Alde batetik, horrexegatik merezi du. Bestetik, Euskal Herrian integratuta bizitzeko. Hemen gaztelaniaz bakarrik dakien jendea euskarari eta euskal kulturari bizkarra emanda bizi da, ez du ikusten. Garai batean, joan den mendeko 80ko hamarkadan eta, bazegoen hartu-emana erdal eta euskal munduen artean, euskal munduko kultur ekoizpena erdal munduan kontsumitzen zen, baina hori bukatu da. Gaur egun, erdal munduan ez dakite nor den Ruper Ordorika edo Berri Txarrak, txundigarria da. Bada, gauza horiek guztiak eskuratzeko, hor daukazu euskara, horra pasatzeko eta aberasteko aterik zabalena.
Musikatik bizi ahal izan nahiko zenuke?
Euskal Herri honetan, musikatik bizitzea oso-oso zaila da. Euskal produktua eskaintzen baldin baduzu, badakizu non zauden. Are gehiago amiltzen gara, gainera, gure inguruko bi hizkuntzak, frantsesa eta espainiera, oso handiak direlako. Horiekin lehiatzea etsigarria ere gerta daiteke, nolabait. Noski, geure burua ez dugu alderatzen Danimarka, Islandia, Suedia edo Norvegiako kultur merkatuekin, hau da, euskararen antzekoagoak diren hizkuntzekin, eta horiek ere larri daude, nahiz eta estatu baten babesa eduki. Halere, ez nuke musikatik bizi nahiko, praktikan lan handia eskatzen duelako, ez naiz oso lanzalea. Bestalde, musika zure ogibidea bada, kontu asko irentsi behar dituzu; agian, uneren batean, nahi ez duzun bidera lerratu behar duzu, hortik joanda aurreko lanen bat ondo atera zaizulako. Egia esan behar badizut, ez nuke nahi.
Autoekoizpena, sare sozialak... ez dituzu gustuko?
Ez zaizkit batere gustatzen, ez dudalako balio. Orain, batzuek produkzio propioa egin eta dena hartzen dute beren gain, baina nik ez dut hori nahi, nahikoa dut kantuak egitea. Disko bat saltzeko utziko balidate, ez nuke jakingo nola egin, eta gogorik ere ez neukake saltzen hasteko. Garai batean onartuago zegoen ekoizpen propioa, edo jendeak hortik ibiltzeko gogoa zeukan, baina nik orduan ere pentsatzen nuen kristoren lana zela. Diskoa grabatu, musikariei eta estudioa ordaindu, dena fabrikatzera bidali, gero banaketa... Nik ez daukat horretarako bururik, aizu! Ez dut balio nire kantuak saltzeko, eta hor sartuko banintz, ganbara bete disko edukiko nuke, ez nuke bakar bat ere salduko. Niri kantuak egitea gustatzen zait, grabatzea, estudioan pixka bat jostatzea, zuzenekoak egitea ere bai, gustura egonez gero... baina gainontzeko guztia, merkataritza lan hori, nire eskuetatik oso urrun dago.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratu dituzu bakarkako ia disko guztiak. Leialtasun hori ez da ohikoa.
Harreman polita izan dugu hasieratik, konplizitatea. Nire alde egiten dute eta gustura egiten dute lan hori. Ni ere pozik nago haiekin, lan hori egiten dutelako; ez horregatik bakarrik, jakina, baina manager etxe bat edukitzea ere oso garrantzitsua da. Konplizitate berezia izan dugu eta horrek ekarri gaitu gaur egunera arte. Are gehiago, hurrengo diskoan pentsatzen hasiak gara.
Lozorrotik atera zaitu Gautegiak? Azken lan luzea 2016an kaleratu zenuen...
Bai, egia esan, ondo etorri da lozorrotik pixka bat ateratzeko; izan ere, gauzak uzten badituzu, gero eta nagiago zaude. Baina hurrengo diskoan pentsatzen hasi gara, esan bezala, eta berriz planteatu behar dira estudio kontuak, musikariekin bildu behar dugu... Gauza batek bestea dakar.
Zerbait aurrera dezakezu?
Bueno, gauza handirik ez. Kantu asko daudela, asko ziurrenik erori egingo direla... Azken diskoekin bezala egingo dugu, hau da, denok estudioan sartu eta oinarria egun batean edo bitan grabatu, hiru saio luzetan. Nire bidetik doazen kantuak izango dira, beti introspekzio puntuarekin; hitzak ere, bide beretik (galera, bizitzaren zorrak eta horrelako kontuak); hortik aurrera, ez dakit. Beharbada, “moztu eta itsatsi” sistema erabiliko dut, adibidez: atera gabeko kanturen baten 30 segundoko zati bat diskoan tartekatu eta collage moduko zerbait egin...
Datorren urteko Durangoko Azokarako argitaratuko duzu?
Ez, lehenago. Datorren urteko udaberrian edo, hor nonbait. Durangoko Azoka oso beteta egoten da, eta jendeak Gatibu, Zea Mays eta antzeko produkzioetan edukitzen du interesa. Beraz, ez zait interesatzen. Ohikoa ez den tarte batean argitaratuta, hori guztia gainetik kentzen duzu.
KOLKOTIK
Taberna batean sartzen bazara eta zure musika badago jarrita... Norbaitek ezagutzen banau, lotsatu.
Gustuko musikari edo talde bat? Asko, baina Tom Waits bururatu zait lehena.
Musikaria izateak daukan gauza on bat? Ez nuke jakingo esaten.
Eta txarra? Ez dakit, ez dut neure burua musikaritzat hartzen, istorio kontatzailetzat baizik. Musikariak dira musika tresna benetan jotzen dutenak. Nik, gitarra eta pianoa, ozta-ozta.
Agertokira atera aurreko maniaren bat? Arnasa sakon hartu, edo zerbeza bat. Ez daukat erritual handirik.
Ahots berezi hori zaintzeko erremediorik onena? Ez zaintzea, kar-kar!
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Garai batean, garagardoak. Orain, arrautzak.
Zer moduz konpontzen zara sukaldean? Oso ondo! Asko gustatzen zait kozinatzea, gauzak nahastea, jostatzea...
Irakurtzeko, zer? Poesia eta eleberria, batez ere.
Zein da heroia zuretzat? Mundu honetan duintasunez bizitzen ikasi duena.
Bizitzako zure leloa, edo zure bizitzako leloa? Bizi izateko leloa, post nubila Phoebus: hodeien atzean, eguzkia.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Batzuetan, atsegin dudan pertsona bat; beste batzuetan, gorroto dudana.
Larunbat gauerako planik onena? Kontzertu bat.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen titularra? Euskarak badu estatua.
Zerk galarazten dizu loa? Arazo txikienak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Kazetaria.
Zerk ematen dizu beldurra? Maite dudan jendeari zerbait txarra gertatzeak.
Eta amorrua? Ezjakintasunak, jakin gabe hitz egiteak. Horrek mindu eta sumindu egiten nau.
Labur, nolakoa da Txuma? Itxuratia. Barruan dauzkadan mila Txumaren zentsuratzailea, horiek otzantzen dituena.