Delegatzea

Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
Bilbon gertatu da: gaixotasun arraro eta larri horietako bat pairatzen1 duten bi umeren amak epaitegira eraman du Bizkaiko Foru Aldundia, zaintzarako jasotzen duen laguntza urriegia2 delakoan. Gastuak murrizteko, abokatua kontratatu beharrean, bere burua defendatzea erabaki eta ChatGPT erabiliz prestatu du demanda. Epaitegi aretora iritsi eta zazpi minutura eten da saioa, ez epaileak ez aretoko beste inork ez duelako tutik ulertzen makinak isuritako3 testuan. Lau egun eman dizkio epaileak nahaste-borrastea orrazteko eta, orduan bai, gure protagonistak abokatu batengana jo du azkenean.
Bartzelonan entzun dut, kazetarien bilkura batean: “Lehen, ordubete behar izaten nuen iristen zaigun prentsa ohar bakoitza irakurri, ulertu eta gure estiloan berridazteko. Orain, adimen artifizialari esker, ordubetean horrelako lauzpabost egin ditzaket”. Jasotako oharren ideia nagusiak, laburpena eta berridazketa makinak egiten ditu. Kazetaria ez da informazio horretaz jabetzen. Ez du ezer ikasten bidean. Eguneroko gertaeretan aditua zena testuak irabiatzeko4 makinaren operadore eta hark sortutako edukien zuzentzaile bilakatu da.
AEBetako irakasle bati irakurri diot: unibertsitateko ikasleentzat gero eta naturalagoa da unibertsitateko lanak, gradu bukaerakoak eta halakoak adimen artifizial bidez egitea. Kexu da irakaslea, harrituta, ikasle horien helburua ez delako ezer ikastea (ezta testuak idazten ikastea ere), baizik eta titulu bat erostea. Produktibitate santuaren arauen arabera, gainera: ahalik eta lanik onena egitea, ahalik eta denbora, ahalegin eta esfortzurik txikiena inbertituz. Produktibitatearen tiranian, huts egitea bekatua baita, ez ikasteko modu bat.
Ezinegona sortzen dit, eta ez txikia, ikusteak zer azkar delegatzen ari garen erabakiak hartzeko, ikasteko, komunikatzeko eta pentsatzeko lanak ustezko adimen artifizial horietan. Ez baitira ez adimen eta ez artifizial, hitzekin jolas estatistikoak egiten dituzten kalkulagailu potoloak baizik.
LOTURAK
https://labur.eus/ezadimen
‘Adimen artifizial’ hitza marketineko amua5 da, ez besterik. ChatGPT eta halako hizkuntza modelo handiak ez dira ez adimen ez artifizial.
https://labur.eus/konfi
Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu txatbotak konfidente edo psikologo gisa. Benetan: ez egin hori.
https://labur.eus/sedentarismo
Adituek dagoeneko izena jarri diote ‘adimen artifizialaren’ gehiegizko erabilerak eragiten digun kalte psikologikoari: sedentarismo kognitiboa.
1. Pairatu: sufritu, jasan, nozitu.
2. Urri: eskas, txiki.
3. Isuri: verter(se) (es), verser (fr).
4. Irabiatu: batir (es), battre (fr).
5. Amu: señuelo (es), appeau (fr).

