Internetik gabeko Internet
Gauza harrigarri gutxi dago Errusiak Ukrainaren aurka abiatutako erasoaren barruan, baina idazki honetan badago zer komentatu. Izan ere, oso deigarria da nola jo duten alde biek zuzenean, erasoaren lehen-lehen mementotik, informazio eta komunikazio kanalen aurka.
Pausoak bata bestearen atzetik joan dira garatzen, gero eta larriago: Europan, Errusiako hainbat komunikabideren zabalkundea debekatu edo, gutxienez, teknikoki oztopatu da. Errusiak Estatuaren (eta gerraren) aurkako informazioa hedatzea debekatu eta kartzelarekin zigortu du. Hari erantzunez, Mendebaldeko hainbat komunikabideren ordezkariek Errusiatik alde egin dute, eta sare sozialak Errusiaren aldeko mezuak iragazten hasi dira... eta Errusiak bere esparru osoan Instagram blokeatu du, beste sare batzuen artean, makina bat influencer-en atsekaberako.
Ikusteko dago noraino iritsiko den komunikazio eremuko eraso eskalada, baina, bitartean, jakin dugu Errusiak, badaezpada, bere Internet paraleloa prest duela: Runet delakoa, Errusiatik soilik erabil daitekeena. Mendebaldeak Errusia Internetetik erabat deskonektatzea erabakitzen badu, errusiarrek Runet bitartez sareratzen jarraitu ahal izango dute.
Runetek bi alderdi dauzka: alde batetik, sare azpiegitura bera, konexioak eta DNS zerbitzariak, Internet arruntean bezala. Beste alde batetik, zerbitzuak ere baditu: Wikipediaren kopia bat gordeta, gobernuaren zaintzapeko informazioz baino ez osatua; Facebook eta Twitter propioak, VK eta Odnoklassniki; Yandex bilatzailea eta Mail.ru posta zerbitzua... denak ere Errusiaren kontrolpekoak.
Egia esan, ez zait plan guztiz txarra iruditzen. Edukiaren kontrola alde batera utzita, iruditzen zait kasu honetan badagoela zer ikasi errusiarrengandik, eta sare bidezko komunikazioa multinazionalen beharrik gabe bermatzeko ahaleginak baduela meritua. Ikusi, bestela, zelako arazoak sortzen ari diren jatorri estatubatuarreko multinazionalak Europako pribatutasun araudia betetzeko eragozpenak jartzen hasi direnean...
LOTURAK
https://labur.eus/runet
Zer da Runet? Ahozko azalpenak Euskadi Irratiaren podcastetan.
https://labur.eus/burutek
Burujabetza teknologikoaren gaineko artikulua Wikipedian.
https://labur.eus/errusiafb
Errusiaren eta Facebooken arteko tirabirak Berrian.