Guda galduen alde
Diskurtso belizistak inguratzen gaituen honetan, utzidazue niri ere gurpil zoroan sartzen. Galdutako guda baten alde egiteko eskatu nahi dizuet, aparteko ahaleginik egin gabe eta etxeko sofako erosotasunetik bada ere.
Izan ere, Firefox web arakatzaile libreak 100. bertsioa kaleratu du duela gutxi, eta erabiltzera animatu nahi zaituztet. Beharbada, ez da munduko nabigatzailerik azkarrena. Chrome, Safari, Edge eta abar primeran optimizatuta daude zein bere gailuan ezin hobeto funtzionatzeko... Horrexegatik egin behar da Firefoxen alde, estandar irekietan oinarritutako Internet izaten jarrai dezagun.
Gogoratu, bestela, zer gertatu zen 1990eko hamarkadan: Windowsekin batera instalatzen hasi ziren unean, Internet Explorer munduko ordenagailu gehienetara hedatu zen pixkanaka. Arrakastak bultzatuta, Microsoft web orrialdeak egiteko erabiltzen den HTML hizkuntza estandarraren aldaera propioa sortzen hasi zen, Explorerren soilik funtzionatzen zuena. Konturatzerako, administrazio publiko, banku edota osasun zerbitzu askoren webguneak Explorerrekin baino ezin ziren ireki. Linux edo Mac sistema eragilea erabiliz gero, adibidez, ez zegoen modurik errenta aitorpena online aurkezteko edo sendagilearenerako hitzordua online eskatzeko.
Zorionez, administrazio eta web diseinatzaile asko arazoaz jabetu eta, Microsoftek zein Explorerrek beren historian izandako arazo tekniko eta legezkoen laguntzaz, HTML estandarrera bueltatu ziren. Baina hara non azken urteotan teknologia enpresa handiak garai bateko jardunbideetara itzuli diren, eta zenbait zerbitzu (bideokonferentzia aplikazioak, adibidez) nabigatzaile jakin batzuetan baino ezin dira erabili.
Testuinguru honetan, Firefox erabiltzea bera estandar irekien aldeko aldarrikapena da, eta web programatzaile eta diseinatzaileentzako mezu argia: “Aizue, Internet kode estandar irekiekin funtzionatu nahi dut, eta ez enpresa bakoitzak sortutako kode ilun eta bateraezinekin!”. Zer diozue, batuko zarete gerra galdura?
LOTURAK
https://www.mozilla.org/eu/firefox/new/ Firefox deskargatzeko web orria. Firefoxi buruzko informazio gehiago ere aurkituko duzue bertan, nahi izanez gero.
https://lilbrezale.eus Librezale taldeak hamarkadak daramatza software librea euskarara egokitzen. Firefox ez ezik, aukera gehiago ere badira egunero erabiltzeko!
https://labur.eus/grafikak StatCounter zerbitzuaren arabera, zeinak webguneen trafikoa neurtzen duen, Interneteko trafikoaren % 64 baino gehiago Chrome arakatzailearekin sortzen da. Tresnen monopolio hori oso-oso arriskutsua da epe ertainera.