Maddalen Arzallus: “Euskara ikasteak ateak eta bihotzak irekitzen ditu”
MADDALEN ARZALLUS ANTIA (Hendaia, 1990) ETB1eko Biba Zuek! saioko aurkezlea da, baina orain Bertsolari Txapelketa Nagusian ere badabil lehian: dagoeneko finalaurrekoetan, azaroaren 5ean Irunen kantatuko du. Euskadi Irratian abestutako bertso batzuen harira Interneten sortutako kalapitaren aurretik mintzatu ginen berarekin. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.
Zein da zure helburua txapelketa honetan?
Orain arte, Euskal Herrikoan, finalaurrekoetarako beti sailkatu izan naiz. Behin eskatzen hasita, badaukat gogo hori. Finalaurrekoek bi fase dituzte eta, batetik bestera, kanpoan geldi zaitezke. Aukeran, nahiago dut bigarren fasera ere iritsi. Gero, hain objektiboak ez diren helburuen artean, zure bertsoren bat jendearen gogotan geratzea nahi izaten duzu, jendea oroit dadila benaz, seinale ona izaten delako.
Aurreko txapelketan, ederki lortu zenuen hori: Puigdemont eta Doraemonena birala bihurtu zen…
Badirudi lortu nuela, bai, kar-kar! Bost urte igaro dira, eta badirudi oraindik ere jendearen gogoan dagoela. Jolasa izan zen, uste dut jendeak jolasa ere eskertzen duela. Dena ez da hain zurruna, niretzat, behintzat.
Oraingoan ere egin beharko duzu halakoren bat…
Brometan-edo galdetu izan didatenean aurten beste marrazki bizidunen batekin pentsatzen ari naizen, baietz esaten dut, horixe dela nire estrategia, kar-kar! Printzipioz, ez dago horrelakorik. Gero, badakizu, ideia hauek azken ordukoak izaten dira, eta azken mementoan auskalo zer bururatzen zaidan, baina ez noa horren bila.
Nola prestatu duzu txapelketa?
Hasteko, niretzat oso garrantzitsuak dira bertso eskolak, elkartu egin behar da, eta kantatu. Nik Aitor Servier bertsolariarekin izan dut horretarako aukera, hark lagundu dit dezente. Astero-astero etortzen da ni nagoen tokira, nire prestaketari bere denbora eskaini dio, eta hori asko eskertzen dut. Gero, bakoitzak egiten duen bakarkako lana ere hor dago. Aurten, daukadan denbora apur horretan, ahalegintxoa egin dut bai teknikoki errimak-eta lantzen bai burua horretan izaten. Beti begiratzen diezu berriei edo inguruari, baina beste begirada batekin egiten saiatu naiz, eta oraindik ere burua horretan dudala sentitzen dut. Nire saio bakoitza ere hartzen dut prestaketarako edo neure burua probatzeko, nola ote nagoen, nola sentitzen ote naizen...
“Txapelketan, zure bertsoren bat jendearen gogoan geratzea nahi izaten duzu”
“Ez naiz batere teknologikoa”
“Ez dakit zer esaten den sare sozialetan, eta niretzat hainbat hobe”“Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak egonezin handia sortu zidan hasieran”
“Pandemiak zaplazteko galanta eman dit, eta geldirik egoten erakutsi”
“Euskaraldia iristean konturatzen gara denok badaukagula zertan hobetu”
Biba Zuek! magazina bertsoa kantatuz hasten duzue, behintzat...
Xabier Sukiaren [beste aurkezlea] eta bion artean ibiltzen gara horretan, baina normalean hark egiten du. Beraz, hori ez dut entrenamendu gisa erabiltzen, baina saioa bera ez da batere entrenamendu txarra, egunero jorratzen dugulako gai bat lehendabiziko orduan, gaia barrutik bizi duten protagonistekin. Horrek ere laguntzen dit, ez teknikoki, baizik eta ideia aldetik eta.
Hirugarren denboraldia hasi duzue. Non dago arrakastaren gakoa?
Erantzuten oso zaila da. Telebistan, lana gaizki egiten baldin baduzu, gauzak gaizki ateratzeko aukera dago; eta lana ongi egiten baldin baduzu, gauzak gaizki edo ongi ateratzeko aukera dago. Guri, oraingoz, ongi ateratzen ari zaigu. Gako asko izango dira: atzean lantalde handia dago, gure artean oso-oso giro ona daukagu, eta hori ez da beti erraza izaten. Lantaldea oso anitza ere bada: badago jende adintsuagoa, baita gazte asko ere, egiten dugun lan horretan ilusio handia... Gainera, Xabiri eta bioi esaten digute oso naturalak garela kamera aurrean, hurbil sentitzen omen gaitu jendeak... Halere, nik uste dut benetako gakoa atzeko lantalde hori dela.
Nola daramazu audientzien tirania?
Egunero-egunero aztertzen ditugu. Zorionez, nahiko ondo doaz kontuak, baina egun batzuetan audientzia txarrak ere izaten dira, egunero ez da zoragarria izaten... Tira, ondo doazenez, egun txar horiek ongi onartzen ditugu. Boladak izaten dira, baina sumatzen da audientzia gutxixeagoko bolada horietan guk geuk jartzen diogula geure buruari bestelako presioa. Audientzia ona pozgarria da beti, baina alderantzizkoa ere gertatzen da. Ez da batere erraza, eta zeuk esan duzu, tirania da. Hortik ateratzen saiatzen bagara ere, egunero-egunero erreparatzen diegu audientziei eta... ufa! Beste batzuek ere egiten dute, eta geuk ere egin behar.
Badirudi ez duzula gustuko sare sozialak erabiltzea...
Begira ibili zarete, ala? Kar-kar! Ez naiz batere teknologikoa, hori hasteko. Lagunartean, zahartzen naizenean oso atzean geldituko naizela esan izan dut, eta jada atzean nagoela erantzuten didate. Ez zaizkit bereziki gustatzen, eta, gainera, gero eta kontzientzia handiagoa dut ez direla bereziki onuragarriak. Ulertzen dut beren funtzioa izan dezaketela, baina baditut neure gatazkak sare sozialekin. Nire bizitza pribatua nahiko pribatua izatea gustatzen zait eta horrekin loturiko gauza gutxi hedatzen ditut. Badaukat profila Instagramen, ez dago nire izenean, baina topatzen ez duena lasai egon daiteke, ez delako bereziki interesgarria, ezta oso aberatsa ere. Twiterrik ez daukat. Ez dakit zer esaten den mundu horretan, eta niretzat hainbat hobe.
Unibertsitatean errusiera ikasi eta San Petersburgon bi uda igarotakoa zara. Horrek Ukrainako gerra beste modu batean ikusarazten dizu?
Hasiera-hasieran, bereziki hunkitu ninduen. Errusiarekin beti izan dut harreman bitxi eta estua, nik neure baitatik, eta azken urteotan Ukrainarekin ere harreman bereziki estua neukan. Bi herrialdeak bizi nituen, eta ditut, maitasun puntu batekin. Eta bat-batean bi herrien arteko gerra pizteak egonezin handia sortu zidan, nire baitatik negar egin nuen. Esango nuke, barrutik bizi izanda, inork baino gutxiago ulertu nuela egoera hasieran. Pixkatxo bat barrutik ezagututa, oso gertu zeuden bi herrialde sumatzen nituen, nahiz eta beren artean botere harremanak nagusitu. Oso gertu zeuden gizarteak ikusten nituen nik, beren gatazka guztiekin, eta ez nuen uste hau gertatuko zenik. Gertutik ezagututako ukrainarrak ere oso harrituta zeuden gertatzen ari zenarekin. Eta orain, denok bezala, distantzia hartu eta lasaiago bizi dut.
Oraindik ez zaizu hizkuntza ahaztu?
Saiatzen naiz eusten, nire egunerokoan mantentzen dut. Instagram erabiltzen dut Erasmuseko lagunekin harremanetan egoteko, eta instagramer errusiarrei jarraitzen diet, nahita, errusiera lantzeko. Badago errusiera ikasteko atari piloa ere. Horrela, sare sozial hori ia-ia errusiera hutsean kontsumitzen dut egunero; horretarako erabiltzen dut bereziki.
Obaneuke erromeri taldean ere ibiltzen zara...
Pandemia garaian, erromeriak oso apalduta egon dira, baina aurten zertxobait egin dugu, erromeria batzuk eskaini ditugu. Urteak daramatzagu eta gustatzen zait, lan sufritua izan arren. Jendeak kanpotik oso erraz ikusten duen lana izan daiteke, agian, baina lau ordu lehenago joan behar da muntatzera, gero jo, gero desmuntatu... Hala ere, giro polita dagoenean, oso langintza ederra da.
Ez zara geldi egotekoa...
Geldirik egoten ere ikasi dut, e? Pandemiak zaplazteko galanta eman dit alde horretatik, eta hori erakutsi didala onartu behar dut.
Plazandrea era guztietara: oholtzan bertsotan, kantuan, kamera aurrean... Ez zaitu publikoak izutuko!
Ez, ez nau izutzen, baina esan beharra dut nahiko lotsatia naizela gertuko harremanetan. Gaitasun sozialak nire indargunerik sendoena izan ez arren, behin oholtza gainean edo kamera aurrean, bueno... Agian, txikitatik horretara ohitu naizelako izango da, baina badauka adrenalina puntua ere... Ez dakit zer daukan, baina erakartzen nau.
Plazandrea hitzak hiru urte baino ez daramatza Euskaltzaindiaren Hiztegian. Bazen garaia?
Hara! Ez nekien hitzak ofizialki hiru urte zituenik. Bazen garaia, jakina! Hemen, plazandreak aspalditik daude, ez duela hiru urtetik. Beti esaten da izena duena badela, baina kasu honetan izenik ez zuena ere aspalditik bazela esan beharko dugu. Baita bertsogintzan ere, nahiz eta, beharbada, ezkutuan egon denbora askoan. Orain ari gara bilaketa eta artxibo lana egiten, horiek geuregana ekartzeko. Andre horiek ez dira beti plazakoak izan, batzuetan ezkutuan egon behar izan dute, baina horrek ez die kentzen plazandre izatea.
Euskara ikasteko bi arrazoi?
Euskal Herrian bizi izanda, euskara ikasteak ateak irekitzen dituelako, nahiz eta pentsatu beste hizkuntza batzuek ate gehiago irekitzen dituztela; bada, euskarak ere bai. Bestalde, eta hau beste hizkuntzek ez dute egiten, euskara ikasteak bihotzak irekitzen dituelako.
Nola hartuko duzu parte Euskaraldian?
Oraingoan ere parte hartuko dut, eta gogoz, gainera. Hasteko, ahobizi izango naiz, aurreko bietan bezala. Egunerokotasunean ere saiatzen naiz Euskaraldiko dinamika hori izaten, barnean daukadan gauza da, baina Euskaraldia iristean konturatzen gara denok badaukagula zertan hobetu, denok hobe ditzakegula, agian, gure ekintza batzuk. Neuk ere izango ditut segur aski euskara gehiago erabiltzeko aukera emango lidaketen pertsona edo eremu jakin batzuk, eta horietan sakontzen saiatuko naiz.
KOLKOTIK
Nor duzu faborito Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazteko? Orain arte, bederatzi txapeldun egon dira Txapelketa Nagusian. Aurten, hamargarrena izan daiteke, baina uste dut bederatzi txapeldunetan geratuko dela.
Autoan zoazela, irratia ala musika? Irratia.
Kantu bat? Orain, Hertzainak bueltan datorren honetan, 564.
Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan? Ziurrenik aspalditik hor egon behar ez zuen limoi zatiren bat.
Zer plater ateratzen zaizu ongi? Edozein postre, baina mango krema oso goxoa egiten dut, fama ona du.
Larunbat gauerako plan onena? Niretzat, normalean, etxean egotea.
Zerk galarazten dizu loa? Ezerk ere ez.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria? Agian oso tipikoa eta tradizionala izango naiz, baina Euskal Herri independentea nahiko nuke.
Telebista saio bat? Mihiluze.
Miresten duzun pertsonaia historiko bat? Ez da hain aspaldikoa, baina Hugo Chávez esango dut.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Igeri egin, mendira edo hondartzara joan. Eta marrazteak ere asko erlaxatzen nau.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Nik ere nire hormonak ditudanez, oso gauza ederra, batzuetan; beste batzuetan, aldiz, ikusten dudana ez zait batere gustatzen.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Aldaketak behar dituen pertsona naiz. Ez dakit non biziko naizen, ez dut uste telebistan lan egingo dudanik... Ziur aski, hemen, baina ez dakit gehiago.
Bizitzako plazer txiki bat? Txokolatea.
Zerk ematen dizu lotsa? Jende berria ezagutzean sentitzen dut lotsa.
Eta beldurra? Esate baterako, ilunduta dagoenean, autoa aparkatu eta etxerako bideak.
Bertsolari izateak duen gauza on bat? Belaunaldien arteko lotura. Berdin-berdin egon zaitezke 16 urteko batekin eta 60ko beste batekin, elkarrekin une bera konpartitzen, adina traba izan gabe.
Eta txarra? Gertukoengandik urrun pasatzen ditudan orduak eta egunak.
Nolakoa da Maddalen Arzallus? Jakin-min handikoa, mugitua eta bizia, eta jendeak uste duena baino barnerakoiagoa.