PAUL URKIJO (Gasteiz, 1984) gidoilari eta zinemagilea jaialdiz jaialdi dabil Irati aurkezten, bere bigarren film luzea. Hilaren 24an estreinatuko da zinema aretoetan. Urkijok film laburrak eta ilustrazioak ere egiten ditu, eta Hortzak taldeko abeslaria da. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Nola azalduko zenuke zer den Irati?
Ikuslea VIII. mendeko Pirinioetan murgilduko duen filma da, euskal kulturari, mitologiari eta historiari eginiko omenaldia. Espero dut jendeak gozatzea eta bere sentitzea.

 

“Irati euskal kulturari, mitologiari eta historiari eginiko omenaldia da”
“Euskara oso antzinatik datorren altxorra da, herrian guztiz errotua”
“Sariek zeure buruarengan konfiantza edukitzeko energia txutea ematen dizute”
“Bizitza osoa emango nuke film fantastikoak egiten”
“Fantasia
oso tresna boteretsua da gizakion mundua deskribatzeko”
“Munstroak edonon daude, baita gaur egun ere”

Zure lehen film luzean bezala (Errementari, 2017), honetan ere euskal mitologia eta fantasia nahasten dira. Nondik datorkizu zaletasun hori?
Txikitatik. Gurasoekin mendira joaten ginenean, han Mari bizi zela kontatzen ziguten. Lamiak, errekan; Basajaun, basoan... Euskaldunok naturarekiko eta mendiarekiko dugun kultura. Etxean geneuzkan ipuinetatik ere bai: Barandiaranek jasotako kondairetan oinarritutako ipuin bilduma argitaratu zuen Elkar argitaletxeak, eta lehena Patxi errementaria zen.
Biak ere Euskal Herrian kokatuak, euskaraz grabatuak...
Ekoizleek beti esaten dute gaztelaniaz edo ingelesez eginda hobeto saltzen dela. Baina nik beti izan dut oso argi istorioak euskal mitologian guztiz errotuta eta finkatuta daudela; hortaz, euskaraz egin behar dira, ez dago beste aukerarik. Beti izan naiz oso burugogorra horrekin. Horrela izan behar zuen eta horrela izan da.
Euskal mitologia ezagutzen ez duen ikusleak ez ote ditu gauza batzuk galduko?
Ez du zertan, azpitituluak ditu. Alderantziz, irabazi egingo du, ezagutzen ez duen kultura baten hizkuntza, soinua, exotismoa, izenak... ezagutuko ditu. Hor ere badago informazioa. Zineman esaten da film onak bisuala ere izan behar duela, ez dela gidoira mugatu behar.
Euskarari VIII. mendeko kutsua eman nahi izan diozue. Nola egin duzue?
Pertsonaien hizkerak ere balio du haiek eraikitzeko. Iratin, adibidez, magiatik hurbilago dauden pertsonaiek errimak erabiltzen dituzte. Ikuslea filmaren garaian murgilarazteko tresna da. Errementarin ere egin genuen, Gorka Lazkanorekin halaber, baina hura XIX. mendeko istorioa zen; Iratin, urrunago joan gara, VIII. mendera. Ez da oso fidela, ez dakigulako nolakoa zen euskara garai hartan, baina hurbilpen ulergarria egin nahi izan dugu. Oso argi daukagu garrantzitsuena dela publikoak istorioa ulertzea, baita pertsonaiek esaten dutena ere, noski.
Bi arrazoi XXI. mendeko euskara ikasteko?
Batetik, edozein hizkuntza bezala, guztiz erabilgarria dela, gure herrian komunikatzeko hizkuntza. Bestetik, eta niretzat garrantzitsuena, oso antzinatik datorren altxorra dela, herrian guztiz errotua. Izaki mitologiko ia paleolitiko horien, ibaien eta abarren izenetan euskara dago. Hortxe ageri da nola deskribatzen zuen mundua antzinako jendeak hizkuntza honen bitartez, eta gaur eguneraino heldu zaigu. Guztiz ederra da.
Bost urteko lan neketsua izan da filma egitea. Non aurkitu dituzu zailtasun handienak?
Tamaina handiko filma da, eta Estatu mailako film dezente baten aurrekontua eduki dugu. Halere, hemen ez dira honelako film epikoak, fantasiazkoak... egiten. Hori garestia da, konplikatua izan da arlo guztietan, dirua lortzeko, adibidez. Gidoia ere nahiko lan latza izan da, elementu asko batzen saiatu naizelako: euskal mitologiako pertsonaiak, Iruñeko Erresumako historia pixka bat, Orreagako Gudua... Eta errodajea ere zaila izan da: paraje natural horiek filmean sartzeko lokalizazio natural ugaritara joan behar izan dugu, ailegatzeko zailtasunak handiak izanik... Dena den, asko gozatu dut.

Ausardia handia behar da halako proiektu batean sartzeko?
Askok esaten didate ausardia dela, baina nik uste dut gehiago dela erokeria. Hasieran, gidoilariaren eta zuzendariaren bidaia nahiko bakartia da, eta idaztean zalantza sortzen da, beldurra: nork ekoitziko du hau? Orduan, txip suizida jarri eta bihotzean, erraietan, sentitzen duzunarekin egin behar da aurrera, ez buruarekin. Horrek bultzatu behar zaitu, maite duzun material hori garrantzitsua delako zuretzat, lehentasun osoa daukalako.

Promozio lana aurreko guztia baino neketsuagoa izaten ari da?
Lan hori filmaren bukaeran dator, eta neketsua da, bai: askotan esan behar dituzu gauza berberak behin eta berriro, diskurtsoa sortu behar duzu... Gero, jaialdietara bidaiatzea oso polita da, jendearen harrera ikusten duzulako, baina nekagarria ere bai. Ni erosoago sentitzen naiz sormen prozesuan publizitatean baino, baina bueno... gozatzen saiatzen naiz.
Sariak jasota, ez da hain gogorra izango...
Noski! Sitgeseko emanaldiak, hasierakoak, sekulakoak izan ziren. Ikusi ondoren, jendeak ez ninduen zoriontzen, filma eskertzen zidan! Gainera, publikoaren saria jaso genuen, saririk politena, amaiera bikaina. Beste jaialdi batzuetan ere egon gara, eta harrera beti izan da oso polita, sari gehiagorekin. Horrek energia txutea ematen dizu zeure buruarengan konfiantza edukitzeko, filmak ondo funtzionatu duela eta aurrera jarrai dezakezula ikusteko.
Laster estreinatuko da zinema aretoetan, baina orain arteko ibilbidea ikusita lasai egongo zara...
Beti egoten zara urduri samar, jaialdien testuingurua eta aretoena ez direlako berdinak. Durangoko Azokan emanaldi bat egin genuen, baina euskal publikoari erakusteko daukat beldur edo irrika handiena, azkenean geu garelako kritikoen gure gauzekin, bai euskararekin bai historiarekin bai mitologiarekin... denok gara oso jakintsuak eta adituak. Nik omenaldia egin nahi izan diot Euskal Herriari, eta erreakzioak ikusteko irrikan nago. Dena den, orain arte euskal ikusleengandik jaso dudana polita izan da, beraz, lasai nago. Lasai eta gogotsu.
Lehenago, Goya sariak hilaren 11n. Zer espero duzu, bost izendapen jaso ostean?
Egia esan, ez genuen izendapenik espero. Filma oraindik oso gutxi ikusi denez, zaila zen izendatua egotea. Baina hor gaude, oso pozik, eta filmaren beste atalak bost horien bidez defendatuko ditugu, merezi zutelako. Ea zer gertatzen den, film faborito asko dago, baina gu ere hor gaude, eta, izendapenak oso merezita egon arren, batek daki. Azkenean, joko hutsa da. Lortzen baditugu, bikain! Eta lortzen ez baditugu, berdin, bikain!
Bi filmak kondairetan oinarrituak, baduzu besterik buruan hirugarren filma egiteko?
Bai, noski! Elezahar asko dago kontatzeke eta egokitzeke. Euskal mitologian oinarritutako hainbat proiektu dauzkat. Ildo beretik jarraituko dut, material hori maite dudalako. Beraz, egon egongo da, baina oraindik ezin dut zehazki esan zeri buruzkoa den.
Ez dizu beldurrik ematen beti gai horiekin aritzeak?
Egia esan, ez. Bizitza osoa emango nuke film fantastikoak egiten. Askotan, jendeak uste du genero hau apalagoa dela, drama dela garrantzitsuena, baina fantasiari esker edonora hel gaitezke, lana ahalik eta finen, sofistikatuen edo barrokoen eginda. Fantasia beti egon da hor, eta milaka era daude. Mundua mundu denetik, ipuinak izan dira gizakiok hura deskribatzeko baliatutako erreminta, fantasia oso tresna boteretsua da horretarako, eta oso dibertigarria. Asko gozatzen dut munstroak diseinatzen eta marrazten. Hori ez nuke sekula aldatuko, ezergatik ez. Agian, gustatuko litzaidake komedia egitea, goi mailako generoa da, nire ustez, halakotzat jotzen ez den arren, baina publikoaren barrea lortzea da gauzarik zailena. Halere, komedia bat egingo banu, fantastikoa eta beldurrezkoa izango litzateke.
Trebiñuko sagardotegi batean, txotx garaia inauguratu zenuen. Film baterako jokalekua izan liteke?
Bai, kar-kar! Hor egoera dantesko dezente sortzen dira. Telmo Esnalek egin zuen giro iluneko Txotx film laburra. Oso testuinguru boteretsua da gizakion munstroak erakusteko.
Deformazio profesionalak eragiten dizu zauden edozein tokitan film bat koka daitekeela pentsatzea?
Nahi gabe, bai. Munstroak edonon daude, baita gaur egun ere, baina askotan gertatzen zait filmetako munstroak gero ez direla munstroak, beti daude aurreiritziak. Patxi errementaria zergatik da gaiztoa? Deabruak zergatik izan behar du munstroa? Beharbada, harekin hitz eginez gero, lagun bat aurkituko duzu. Iratiren kasuan, hasieran suposatzen da erlijio berriak hobeak direla, gizatiarragoak, baina basoan bizi diren izaki printzipioz basati eta ilun horiek baliteke argitsuak ere izatea.
Hortzak taldeak duela bi urte argitaratu zuen Heriotza ala hil diskoa. Non geratu da orain musika?
Pandemia garaian hasi nintzen hitzak idazten. Abesteko, autoan entseatzen nuen, han ez nuelako inor izorratzen. Hasieran, taldekideok ezin ginen elkartu, baina azkenean diskoa hamar abestirekin plazaratu genuen. Niretzat, istorioak kontatzeko beste modu bat da: beldurrezkoak, ilunak, heriotzarekin lotutakoak, munstroekin eta abarrekin. Gero, ni pelikularekin hasi nintzen eta taldekideek beren bizitzarekin jarraitu zuten. Halere, baditugu abesti gehiago beste disko bat egiteko, baina pixkanaka ari gara. Ea aurten zerbait atera dezakegun, musika proiektua bizirik dago eta.

KOLKOTIK

Zer eman dizu zinemak?
Nire barneko mamuak ateratzeko erreminta.
Eta kendu?
Denbora.
Zinemarekin lotutako amets bat?
Bizi naizen heinean, zineman lan egitea.
Askotan ikusi duzun filma?
Jason and the Argonauts.
Oscarra inoiz?
Ondo legoke, baina ez dut horretan pentsatzen.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Zinema aretoak berriro bete direla.
Zerk galarazten dizu loa?
Gauza gehiegik.
Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan?
Arrautzak.
Zer plater ateratzen zaizu ondo?
Patata tortilla.
Larunbat gauerako planik onena?
Lagunekin garagardo batzuk hartzea.
Eta igande arratsalderako?
Film bat ikustea.
Gehien erabiltzen duzun sare soziala?
Instagram.
Zerk ematen dizu lotsa?
Lotsa da kendu dudan mamuetako bat.
Eta beldurra?
Gizakiak.
Amorrua?
Zapaltzaileek.
Nor da zuretzat heroia?
Nire gurasoak.
Zure bizitzako leloa?
Gutxinaka-gutxinaka.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Garagardo bat hartu.
Nolakoa da Paul Urkijo Alijo?
Burugogorra, langilea, disfrutoia eta erreserbatua.

 

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.