UXUE APAOLAZA (Hernani, 1981) idazleak Euskadi Literatura saria irabazi du berriki Bihurguneko nasa (Susa, 2021) liburuarekin. Aurretik, Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin bilduma (Erein, 2005) eta Mea Culpa (Elkar, 2011) nobela kaleratu zituen. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zer dira sariak idazleentzat, eta zuretzat, bereziki?
Batetik, dirua. Eta dirua denbora da. Idazle asko ez gara profesionalak eta, nahiko egoera prekarioan bizi garenez, diruak asko laguntzen du. Bestetik, poza da literaturan ibiltzen den jendeak osatutako epaimahai batek zure lana onena dela erabakitzea, edo ona, behintzat. Ulertu dute eta liburuaren konplize egin dira. Eta Eider Rodriguezekin eta Pello Lizarralderekin jartzea, bada, ohorea da.

“Orain badakigu emakume irakurlea irakurle kultua dela”
“Ipuina gehiago lotzen dut poesiarekin nobelarekin baino”
“Ezinegonak eramaten nau idaztera”
“Fikzioa da, gezurra izan arren, nire egiaren esparrua”
“Hizkuntza bat ikastea beste identitate bat estreinatzea da”
“Literatura ez izatea jaten ematen didana oinarrizkoa iruditzen zait”


Sariak presioa gehituko dizu?
Ez. Oso gazte hurbildu nintzen literaturara, eta niretzat beti izan da oso eremu intimo eta beharrezkoa: bizitza aspertzen hasten zaizunean, edo ez zarenean ondo egokitzen ingurura... halakoetan, irakurtzeak salbatu nau, idazteak baino gehiago. Eta idaztea irakurtze horren jarraipen modukoa da. Sariak, elkarrizketak... alde farandulero hau ez dut lotzen zuzenean literaturarekin. Nik nire koadernotxoan idazten jarraituko dut, baina ez dakit argitaratzeko izango den.
Hiru liburu, hiru argitaletxe...
Argitaletxe askotan daude orain emakumeak, eta ez dakit hori bakarrik den, baina niretzat aldaketa handia izan da Susan Leire Lopez Ziluagarekin aritzea. Lehen aldia izan da lana eman eta ulertu duela sentitzea, konplizea dela. Lehen entregatik azken emaitzara, aurrenekoz egin dut hain lan handia, berridatzi eta berridatzi... Esan nion ez nuela zegoen moduan argitaratu nahi, editore lana egingo zuen editorerik gabe ez nuela argitaratuko, eta Leirerekin posible izan da. Oraingoan, nire literatura, eta uste dut horrek badaukala zerikusia emakumetasunarekin, ez da erori inork ulertzen ez duen zulo huts batean. Panorama lehen idatzi zuten emakumeei esker aldatu da asko, baita gero etorri direnei esker ere. Danele Sarriugarte eta bere belaunaldia autoestimu handiarekin plazaratu ziren, idazleak zirela esanez. Horrek koltxoia eman digu lehendik genbiltzanoi, eta asko ahaldundu du emakume irakurlea. Lehen ikusezina zen, bazirudien nobela erromantikoak baino ez zituela irakurtzen, baina orain badakigu irakurle kultua dela. Hori guretzat ere baliagarria da.
Eleberritik igarota, ipuinetara itzuli zara. Erosoago sentitzen zara genero honetan?
Bai, dudarik gabe, baita irakurtzeko ere. Agian, nire lehen irakurketak Sargori (Pello Lizarralde), Obabakoak (Atxaga), Cortazar... izan zirelako. Ipuina izugarri gustatzen zait, oharkabean pasa daitekeen anekdota txiki batek aukera handiagoa ematen du diskurtsoa asko aztertzeko eta formarekin jokatzeko. Batzuetan, ez dakit ba ote dakigun ipuin liburuak irakurtzen. Hasieratik bukaerara irakurtzen ditugu, kapituluak balira bezala, eta ez dira: ipuin bakoitza behin, bi aldiz edo hirutan irakurri behar da. Ipuinean ez dago betelanik, nire ipuinetan ez dago ezer kontatzen ez duen hitzik, esaldi edo hitz bakoitzak zerbaitetarako balio du. Gehiago lotzen dut poesiarekin nobelarekin baino.

Zure ipuinek nahiko deseroso utzi ohi dute irakurlea. Zertan inspiratzen zara?
Lur da Bihurguneko nasa liburuko ahots narratiboa eta, ipuin independenteak izan arren, arroztasunak lotzen ditu. Nik bizitzan funtzionatzeko sentitzen ditudan arroztasunak edo dauzkadan zailtasunak daude ipuinetan. Nire obsesioak eta ezinegonak kutsatzeko nahia da, edo enpatiak lortzeko modua. Zerbaitek kontraesana sortzen badit, nirekin egun askoan badago eta ez badakit askatzen, ipuinera eramango dut. Beraz, ipuinak deserosoak badira, ni deseroso nagoelako da.

Orduan, lasai eta bakean zaudenean ez duzu idazten?
Ez, oraingoz ez. Gustatzen zait literatura atsegina irakurtzea, baina irakurtzea gustatzen zaidana eta zergatik idazten dudan bi gauza oso ezberdin dira. Irakurri, denetik egiten dut, baina ezinegonak eramaten nau idaztera. Erridikulua da liburuko beste gaietako bat: diskurtso menderatzaileen pean bizi gara, eta baditugu diskurtso askatzaileak, baina kolektiboak dira. Eta gero bakarrik ibili behar dugu, oso ahul, oso txiki. Eta, normalean, bazterrean dagoen batek ahotsa altxatzen badu, erridikulua egiten du. Duintasuna ez dugu geuk diseinatzen, askoz gorago diseinatzen da; eta baliabide materialik eduki ez arren, duinak izan behar dugu. Borroka horretan bizi da Lur: hau pentsatzen dut, ezin dut egin, kontrakoa egiten dut... Zer aukera daukat, honen txikia izanda, duintasunerako eta moralerako? Ezinegona nahitaez azaltzen da.
Lurrek Uxueren ezaugarri asko dauzka.
Egia da, baina ez naiz ni, beti barruan daramadan ahots lotsagabea baizik. Ustez, nik oso iritzi zuzenak dauzkat, ondo funtzionatzen dut, depilatzen naiz... baina Lurrek hori guztia zergatik egiten dudan gogorarazten dit. Horrek ez du esan nahi Lurri gertatzen zaiona niri gertatu zaidanik, edo Lurrek egiten dituenak nik egingo nituzkeenik. Fikzioa da, gezurra izan arren, nire egiaren esparrua, askatasunerako gunea. Literaturak uzten dizu bizitzan egin ezin dituzun gauzak edo egin nahi ez dituzunak, min emango zenukeelako edo ezin duzulako horrela funtzionatu, muturreraino eramaten. Lurrek egiten du hori.
Lurrek Auto beltza ipuinean bezala, soineko arrosa jantzi zenuen saria jasotzeko...
Erabaki kontzientea izan zen, erridikuluaz esan dudanarekin lotua. Ez dakit emakumeon kontua den, baina beti gabiltza beldurtuta, apal, duin... Arrosaz jantzita joango nintzela erabaki nuen, nabarmen: “Atentzioa emango dut, eta erridikulua egin behar badut, egingo dut. Ez dut onartuko duintasun sotilik. Ez naiz izango isila, esker onekoa... beti nabil barkamena eskatzen eta eskerrak ematen”. Baina mikrofonoa aurrean jartzen badizute eta argazkia ateratzen badizute, ez zara zu. Hor irudi publikoa dago, eta horrek ez dauka zertan zu izan. Arrosa kendu egin digutela transmititu nahi nuen: antzina, boterearen kolorea zen, indartsua, erregeek erabiltzen zuten, baina emakumeei pasatzean erridikulua eta ahula bihurtu da. Ez dakit ondo ulertu ote zen diskurtsoarekin zihoala...
Zazpi emakume saritu azken Euskadi sarietan...
Pentsatu nahi dut kasualitatea dela. Alegia, kategoria bakoitzeko lanik onena emakume batek egin duela. Hainbeste azpimarratzea ere sintomatikoa iruditzen zait, askotan izan baitira denak gizonak... Atentzioa eman badu, oraindik zerbait falta den seinale. Honelako titularren bat irakurri dut: “Emakumeen begirada saritu dute”. Ez! Badirudi emakumeek idaztea saritzeko jarri direla ados orain, eta ez! Ez nuen espero niri ematea, eta buruan neuzkan saritu posibleak emakumeak ziren: Ana Malagon, Nerea Loiola, Eider Rodriguez, Itziar Ugarte... Ez emakumeak direlako edo emakume begirada daukatelako, baizik eta oso irakurle eta idazle onak direlako. Gu idazle gara irakurri egin dugulako eta idazten ikasi dugulako. Literatura ikasi egiten da, ez gara idazle emakumeak garelako. Zazpi emakume? Zein ondo! Iritsi gara. Behartuta zeuden, oso ondo egin dugulako; bestela, ez ginen hor egongo. Eta jendaurrean hori esatea tokatzen zaigu.
Amatasuna askotan ageri da euskal literaturan azken urteotan, baita liburu honen azken ipuinean ere.
Azken ipuinean amatasuna ageri da, baina baita ahuldadea, beldurra... ere. Forma zehatza dauka, bilatutako hitzak... Literatura da, ez amatasunari buruzko zerbait. Gure zerbait ateratzen denean, badirudi ipuinaren alde literarioa desagertu egiten dela, baina gai horiek gai literario gisa landu behar ditugu, bizitza osoan gizonenak entzun izan ditugun moduan. Gai literarioak dira, denonak. Gizonek irakurtzen jakin beharko lukete? Bai, guk ikasi genuen gizonen literatura irakurtzen. Hor literatura dago eta haientzat ere bada? Bai! Ez dute ikasi nahi? Bada, egin dezatela nahi dutena. Teorikoki gureak ziren gauzak gero eta gehiago aterako dira: pertsonaia bat ontziak garbitzen edo supermerkatuan erosketak egiten. Ez dut esan nahi emakumeen lanak direnik, baina gizonek idatzi dute horretaz? Egunero erosketak egin beharrak sortzen duen itomenaz, kapitalismoarekin duen loturaz, literaturan kontatzeko behar duen formaz, abiaduraz, ahots narratiboaz... Egin ez badute, guri tokatu zaigulako izan da agian, baina gure gaia da? Ez, gai literarioa da.
Irakaslea zara AEKn. Idazle profesionala izatea ametsa litzateke?
Ez! Izugarri gustatzen zait AEK-ko irakaslea izatea, batez ere maila baxuetan. Orain, hutsetik hasitako bi talde dauzkat, 13 herrialdetako jendea. Hizkuntza bat ikastea beste identitate bat estreinatzea da, eta neu naiz ikasleek identitate horretarako, euskararako, duten lehenengo zubietako bat. Hori izugarrizko ohorea da, eta oso ondo pasatzen dugu eskolan. Nik AEKn familia txiki bat daukat, eta literatura ez izatea jaten ematen didana oinarrizkoa iruditzen zait.
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Batetik, bestela ezagutuko ez duzun komunitatea ezagutuko duzula. Bestetik, oparia dela! Geure kultura daukagu, asko sortzen dugu, oso ona, gauza zoragarri pilo bat... eta euskara ikasten baduzu, hori guztia eskura izango duzu.

KOLKOTIK

Behin baino gehiagotan irakurri duzun liburu bat?
Asko! Topikoa da, baina Obabakoak esango dut.
Zer ematen dizu irakurtzeak?
Bizitzen segitzeko arrazoi bat.
Baduzu liburu elektronikorik?
Ez.
Idazle izateak daukan gauza on bat?
Hilda egon daitezkeen konplize horiekin elkarrizketan nagoela sentitzea.
Eta txarra?
Elkarrizketak, kar-kar!
Zer albiste irakurri nahiko zenuke biharko egunkarian?
Kapitalismoa abolitu dugula.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Esnea.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Irakurri edo musika entzun.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Ez dakit, baina ez dut neure burua ikusten.
Eta nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Norbait erridikulua espero dut.

Zer izan nahi zenuen txikitan?
Superheroia.
Zerk galarazten dizu loa?
Eguneroko kontraesanek, eta badute zerikusia kapitalismoarekin.
Zure bizitzako leloa?
Saiatu zauden unean egoten, ez naizelako gai.
Nor da zuretzat heroia?
Ez daukat heroirik.
Bizitzako plazer txiki bat?
Txakurrarekin paseatzea.
Zerk ematen dizu lotsa?
Jendaurrean agertzen naizen bakoitzean lotsatzen naiz.
Eta amorrua?
Jendea hain azpiratuta egoteak eta azpiratuta daudenei hainbeste exijitzeak.
Zerk ematen dizu beldurra?
Hiltzeak.
Labur, nolakoa da Uxue Apaolaza?
Neurotikoa, kar-kar!

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.