Arrate Egaña
“Bikotekidearekin joango nintzateke trago batzuk hartzera, baina ez du nahi”
Idazle bat? Idazle asko, unearen arabera. Orain, Alice Munro berriro.
Opari egiteko liburu bat? Jada ez dut libururik oparitzen, ez dut asmatzen.
Irakurtzeko lekurik onena? Pantailetatik urruti.
Zer gosaltzen duzu? Glutenik gabeko edozer.
Bestondoari aurre egiteko erremediorik onena? Zer da hori?
Zein esaldi edo esakune errepikatzen duzu askotan? “Hau ez da hain inportantea, denok hilko gara eta”.
Zertan ez zaizu inporta gehiegitxo gastatzea? Katuen jostailuetan.
Norekin joango zinateke trago batzuk hartzera? Bikotekidearekin, baina ez du nahi.
Pertsonaia historiko bat? Hedy Lamarr.
Zer dago traban zure etxean? Liburuak eta paperak.
Joateko asmoa daukazun leku bat? Aritzatxura, gaur arratsaldean.
Zure lehen mito erotikoa? Jesucristo Superstar.
Zure bertuterik onena? Moldagarritasuna.
Zure akatsik handiena? Dispertsioa.
Besteengan errazen barkatzen duzuna? Krudelkeriarik gabeko edozer.
Eduki nahiko zenukeen eta ez daukazun dohaina? Bake mentala.
Badakizu aurreskua dantzatzen? Nola edo hala; koreografietan erraz galtzen naiz, halere.
Lurpera, erraustu ala zure gorpua zientzia ikerketarako? Lurpera, Oreretako hilerrian (family, adi).