heltzear web

Loira Manzani
Ravenna, 1984

Italian Zientzia Politikoak ikasi ostean, 2009an hiru hilabeterako etorri zen Donostiara, praktikak egitera. Ordutik, bertan bizi da. Hirugarren urtea du Groseko AEKn, orain C1 taldean, “hobetzeko” asmoz. Aurten, Korrikaren lekukoa eraman du Zuhaizti Eskola Publikoko Ikasleen Gurasoen Elkartearen izenean. Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Sinplea da: bizi naizen lekuan bi hizkuntza daude, bat ezagutzen dut eta bestea ez; beraz, ikasi egin behar dut. Kito. Errespetu-kontua da. Hala, duela 15 urte hemen bizitzen geratzea erabaki nuenean, euskaltegian izena eman nuen. Hasieran, ulertu besterik ez nuen nahi, ez nuen jendeak nirekin hizkuntza aldatzerik nahi. Gaur egun, ordea, hitz egin dezaket.
Nolako prozesua izan duzu?
Hasieran, euskaltegira astean lau aldiz-edo joaten nintzen. Oso polita izan zen. Bat-batean, ulertzen hasi nintzen: kalean hitz bat ikusi eta ulertu egiten nuen! Zenbat eta gehiago ulertu, orduan eta gehiago jakin nahi nuen. Niretzat euskarak xarma1 handia dauka, eta horrek izugarri motibatzen nau. Ez naiz urtero joan euskaltegira, baina beti jarri diot arreta euskarari. Adibidez, jende artean: talde batean denak euskaraz aritzen zirenean, nahiz eta ez ulertu, geratu egiten nintzen, ulertu arte. Ez zen erraza, baina beti egiten nuen ahalegina.
Zer izan da errazena zuretzat?
Batetik, euskaltegietan zorte handia izan dut, irakasle oso onak eta dibertigarriak izan ditudalako beti: Arantxa, Josu... Niretzat, hizkuntza bat ikastean oso garrantzitsua da ongi pasatzea eta barre egitea. Askoz gehiago ikasten da, eta errazago. Bestetik, badut ikasteko ohitura eta horrek ere laguntzen du. Eta euskaraz hitz egiten hastean, hemengo jendeak beti laguntzen dizu.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Hitzak, piloa. Xuxurlatu2, adibidez. Esamoldea, “hil arte bizi”. Nire bizi-filosofiarekin guztiz bat dator3: ez kexatu, saiatu konponbideak bilatzen, maitatu, zaindu elkar, ez epaitu...
Trikimailuren bat?
Musikak asko laguntzen du: hitzak, esaldiak... Beste bat: eskolakide batek egunero hitz bat ikasi eta apuntatu egiten du. Azkenik, lotsa galtzea. Jendea ez dabil zure akatsaren bila, kontrakoa baizik: harrera ona egingo dizu. Gainera, euskarak jendearengana hurbiltzen zaitu.

1. Xarma: encanto (es), charme (fr).
2. Xuxurlatu:
susurrar (es), chuchoter (fr).
3. Bat etorri:
coincidir (es), coïncider (fr).

 


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.