Ane Elordi Alburquerque: “Administrazioari dagokio pausoak eta apustu sendoa egitea”

ANE ELORDI ALBURQUERQUE (Zornotza, 1991) Korrikako arduraduna da. Lanez lepo dabil, 24. Korrika martxoaren 19an hasiko delako Atharratzen, Euskara gara lelopean. Beharra1, ordea, ez da bukatuko Bilbora iritsitakoan, orduantxe hasiko baita benetako Korrika. M. Egimendi. Argazkiak: Javi Colmenero.
Dagoeneko tximeletak sabelean?
Irailean, indarberrituta hasi genuen ikasturtea, aurrekoa ere gogorra izan zelako: nahiz eta Korrikarik egon ez, prestaketa lan asko aurreratu genituen. Korrika gero eta dimentsio handiagoa hartzen ari da, eta horrek ahalegina eskatzen digu. Orain, atzerako kontaketa hasi da; gero eta gutxiago geratzen da martxorako eta, bai, tximeletak sabelean, gogotsu. Badaramatzagu bi hilabete eragileekin bilerak egiten, eta gero eta babes handiagoa jasotzen ari da edizio hau ere. Euskalgintzan, hainbat mugarri izan ditugu azken hilabetean, eta espero dugu aurrerantzean ere jendartearen2 babesa sentitzea, euskararen aldeko olatu hori gero eta handiagoa izatea. Nabaria da badagoela euskaraz bizi nahi duen herri bat, eta hizkuntza erdigunean jartzeko garaia dela uste dugu.
“Nabaria da badagoela euskaraz bizi nahi duen herri bat”
“Errigorak euskara elikatzen du Nafarroako hegoaldeko produktuekin”
“Hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira”
“Hizkuntza erdigunean jartzeko garaia dela uste dugu”
“Korrikaren helburua askotarikoen aterpea izatea da”
“Denok gara beharrezkoak euskararen herria osatzeko”
”Lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea” dio, besteak beste, 24. Korrikaren mezuak. Zer falta da hor egon dadin?
Bada garaia, batez ere dagokionak, apustu sendoa egin dezan. Kasu honetan, administrazioari dagokio. Azken urteotan, argi ikusi da pausoak egiten ari direla, eta ondo dago. Beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Benetako beharra dagoela adierazi behar da, eta apustu egin. Euskal Herri euskalduna irudikatzen dugu Korrikarekin, baina horren alde lan asko dago egiteko. Beti norbanakoaren3 lepo utzi4 barik (kontzientzia hori ere beharrezkoa izan arren), administrazioak egin behar ditu urratsak. Adibidez, benetako doakotasuna aldarrikatzen dugu, jendeak euskara dohainik ikasteko aukera izatea; baita irisgarria5 izatea ere, ez soilik diru kontuetan edo ordutegien malgutasunean6.
Zer esango zenieke ikasten ari diren horiei, animoso jarrai dezaten?
Lehenengo eta behin, eskerrak eman euskaltegietara hizkuntza ikastera hurbiltzen direnei. Guk berez7 jaso dugu euskara, ama hizkuntza dugu; beraz, meritu handiegirik ere ez daukagu, baina heldutasunean kontzientzia hartu eta euskara ikasteko hautua egin duten horiei, eskerrik asko, denok garelako beharrezkoak euskararen herria osatzeko. Eta oraindik hurbildu ez direnak, animatu, zoragarria delako euskaraz bizi ahal izatea, eta mundu oso bat dutelako ezagutzeko.
Emozioetan positiboki eragiten duela eraku-tsi du EHUko Jon Zabalaren ikerlanak, ezta?
Bai, eta, aldi berean, bizi garen jendarte indibidualista honetan geure erroetara8 itzultzeko aukera ematen digu: nondik gatozen, zer garen, talde pertenentzia indartzen du, komunitatea, identitatea, euskara garela lehen lerrora ekarri... Ingurune osoan sortzen den balio, ideologia, sentsazio... multzo hori Korrikak sortzen du. Bi urterik behin ondo datorkigu hori gogoraraztea.
Izan ere, batzuek inertziaz hartzen dute parte Korrikan?
Bueno, batzuek inertziaz egingo dute, beste batzuk bi urterik behin heltzen den hitzordu berezi horren zain egoten gara... Asko aldatu da Korrikan parte hartzen duen jendearen tipologia. Euskaltzale militante konprometitu horiek oraindik gurekin ditugu eta beharrezkoak dira, baina badaude ez horren gertutik bizi duten beste batzuk ere. Guztiak dira nahitaezkoak, atxikimendu9 mailaren arabera, euskarak guztiok behar gaituelako.
Postureo pixka bat agertzen hasi da zenbaitetan?
Askok Korrika arineketan egitearekin lotzen dute, eta guk argi adierazi nahi dugu Korrika aldarrikapenerako egitasmoa dela. Korrika egitea metafora bat da, euskarak duen presa aldarrikatzeko. Horregatik goaz korrika, ez ariketa fisikoa egiteko.
Zertan da grabatzen ari diren Korrikaren gaineko dokumentala?
Orain arte, Korrikak ia edizio guztietan egin izan du dokumentala, askotan omenduari edo mezuari lotuta. 24. Korrikak ez du berariazko10 dokumentalik edo ikus-entzunezkorik izango, baina epe luzerako proiektu batean ari gara lanean Mirukotana ekoiztetxeko11 Ander Iriarterekin. Asmoa da, Korrika ardatz hartuta, euskararen egoeraren irakurketa eta hausnarketa egitea dokumentalaren bitartez. Iriartek Korrikaren antolaketa lanak grabatu zituen 24/25 ikasturtean; orain, Korrikaren aurkezpen egunetik ari da elkarrizketak eta beste grabaketa batzuk egiten, lasterketa bera igaro eta bukatu arte. Gero, edizio lanak etorriko dira. Dena ondo bidean12, 2027ko Zinemaldian aurkeztea du helburu.
Errigora da 24. Korrikaren omendua. Zergatik?
Errigorak 10 urte baino gehiago daramatza lanean. Euskaraz eta euskaratik egiten den herri ekimena da. Nafarroako hegoaldean oinarritzen bada ere, Euskal Herrian saretuta dagoen egitasmoa da. Euskara elikatzen13 dute bertako produktuekin, eskuratzen dituzten irabaziak euskalgintzan inbertitzen direlako gero, AEKn, Sortzen-en, ikastoletan eta Agerraldian, hain zuzen. Hala, ziklo oso bat osatzen du. Horregatik, omenaldi polita iruditu zaigu aitortza egitea14, baita aurrerantzean bultzada emateko ere.
Zonifikazioaren oztopoa dugu Nafarroan. Nabaritu da bertan euskararekiko jarrera aldaketarik?
Gaur egun, 24. edizioari begira, Korrikak babesa dauka Nafarroan ere, lekuan lekukoa15. Eremu asko ditugu oraindik irabazteko, baina hori ere bada gure helburua. Korrikak modu bisualagoan egiten du hori, espazioa hartzen dugulako, tarte batez bada ere: hain euskaldunak ez diren herrietan presentzia hori bermatzen da.
Hasiera, Atharratzen. Zer suposatzen du zuberotarrentzat Korrika han hasteak?
Erronka eta ahalegin handia, eta, aldi berean, bultzada. Atharratze eta Zuberoa Euskal Herriko mapan kokatzeko balioko digu. Toki batzuetatik Korrika ez da igarotzen, eta Atharratze da horietako bat. 1985ean handik atera zen 4. Korrika, eta 2025era arte ez da itzuli. Beraz, bi hasiera izango ditu, Korrika bizitzeko beste modu bat. Izan ere, Korrika gure herritik igarotzen da, normalean: heltzen ikusten dugu eta segituan badoa, baina Atharratzek beti ikusten du joaten. Hortaz, oro har Ipar Euskal Herrirako, erronka handia. Hegoaldean jaieguna izango denez, Atharratze betetzea espero dugu.
Amaiera, Bilbon. EAEn, euskaldunon eskubide urraketa etengabea da, eta oldarraldi16 judiziala hor da.
Nafarroan edo Iparraldean oldarraldiaz hitz egitea oso ohikoa da, baina EAEn epaitegien jarrera erasokor hori azken urteotako kontua da. Horrek euskararen aldeko jarrera ere indartzen du. Jendeak ikusten du aurrerapausoa egiten ez badugu, atzerantz joango garela, baina hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira, horretan jarri behar da azpimarra. Nire ustez, pandemiaren osteko lehen Korrika mugarria izan zen, hain handia, Donostian hainbeste jende bilduta... Baionan, hiriburua bera txikiagoa da, baina orain ikusi egin behar Donostiako mailara heltzen garen edo aurreko amaieretara itzultzen garen. Hori bai, behin aurkezpena eginda, gero eta jende eta eragile gehiago hurbiltzen ari da guregana. Gure helburua hori ere bada: askotarikoen17 aterpea izatea; bakoitzak beretik, denok dugu garrantzia. Horrek osatzen du euskararen komunitatea, eta amaiera arrakastatsua espero dugu.
Korrikak erakunde askoren babesa lortzen du. Argazkia ateratzerakoan esandakoak, ordea, erraz ahazten dira?
Adostasuna lortzen duen euskararen aldeko ekitaldi bakarrenetakoa izango da, baina kezka hori edizio guztietan sortzen zaigu. Korrika martxoaren 29an bukatuko da eta 30ean egingo dugu balorazioa, baina edizio honetan indar berezia jarriko dugu honetan: egia da jendeak Korrikan parte hartu eta bat egiten duela, baina guk adierazten dugu benetako lasterketa Korrika amaitu eta gero datorrela, euskararen aldeko lan hori nork bere arloan egin eta susta dezan.
Horregatik 12. eguna. Zertan datza?
Benetako lasterketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Askotan, Korrika labur geratzen zaigu, baina geratzen den sentsazio indartsu horri helduta AEKn hainbat konpromiso hartu dugu: erdaldunentzako euskara eskola bat doan ematea, jendea euskararen aterpera erakartzeko; mintzodromo bat ere antolatuko da; eta, bukatzeko, enpresen foroa. Beraz, jendarteko hainbat arlotan euskararen normalizazioan aurrerapausoak egiteko konpromisoa hartu dugu. Eta gainerako eragileak ere hala egitera gonbidatu nahi ditugu.

KOLKOTIK
AEKidea ez bazina, zer egingo zenuke? Edozer18, ez daukat lan egiteko arazorik.
Korrikak zer dauka ona? Dena.
Eta txarra? Gauza onak hainbeste19 direnez, txarrak ahaztu egiten ditugu.
Korrikako unerik politena? Egunsentia20 ikustea furgonetatik.
Negar egiten duzu Korrikarekin? Asko!
Prest dago lekuko barruko mezua? Horretan ari gara (begi keinua eginez21).
Zure etxeko sukaldean, zer egoten da beti? Gazta.
Zelan moldatzen22 zara kozinatzen? Ondo.
Zer ateratzen zaizu oso ondo? Lapikokoa23.
Zer egiten duzu erlaxatzeko? Mendi buelta.
Zerk ematen dizu lotsa? Auzo lotsa24 ematen dit lagun artean “Ez begiratu!” esan eta denek burua jiratzeak.
Zerk beldurtzen zaitu? Tximistek25, adibidez.
Zure bizitzako leloa? Ekin26!
Bizitzako plazer txiki bat? Trenean irakurtzea.
Larunbat gauerako planik onena? Pote batzuk lagunekin, eta gero gerokoak.
Eta igande arratsalderako? Etxean lasai egotea.
Zure ustez, nola egongo zara 20 urte barru? Nor-nori-nork irakasten oraindik.
Zer albiste ikusi nahi duzu biharko egunkarian? Israelek Palestina bakean utzi duela.
Labur, nolakoa da Ane Elordi? Arduratsua27 eta eraginkorra28.
1. Behar: lan, eginkizun, zeregin.
2. Jendarte: sociedad (es), société (fr).
3. Norbanako: pertsona, gizaki.
4. -(r)en lepo utzi: besteren ardurapean utzi, ardura besteren esku utzi.
5. Irisgarri: accesible (es), accessible (fr).
6. Malgutasun: flexibilidad (es), flexibilité (fr).
7. Berez: modu naturalean, ezer egin gabe.
8. Erro: raíz (es), racine (fr).
9. Atxikimendu: adhesión (es), adhésion (fr).
10. Berariazko: espezifiko.
11. Ekoiztetxe: productora (es), maison de production (fr).
12. Ondo bidean: ondo badoa, arazorik ez badago.
13. Elikatu: alimentar (es), nourrir (fr).
14. Aitortza egin: reconocer (es), remercier (fr).
15. Lekuan lekuko: leku bakoitzeko.
16. Oldarraldi: ataque (es), attaque (fr).
17. Askotariko: mota askotako.
18. Edozer: cualquier cosa (es), n'importe quoi (fr).
19. Hainbeste: asko eta asko, pila bat, oso ugari.
20. Egunsenti: amanecer (es), aube (fr).
21. Begi keinua egin: guiñar (es), faire un clin d'œil (fr).
22. Moldatu: arreglarse (es), se débrouiller (fr).
23. Lapikoko: cocido (es), pot-au-feu (fr).
24. Auzo lotsa: vergüenza ajena (es), faire honte (fr).
25. Tximista: rayo (es), éclair (fr).
26. Ekin: manos a la obra (es), au travail (fr).
27. Arduratsu: responsable (es), responsable (fr).
28. Eraginkor: eficiente (es), efficient (fr).

