“Egunero neure buruari euskaraz hitz egiten diot”

Gus Melgosa
Miranda Ebro (Espainia), 1972
Zaila da jakitea noiz erabaki zuen euskara ikastea. Agian, amaren aldeko aitonari 36ko gerrako pasadizoak1 kontatzeko eskatzen zionean. “Euskaldunak apartekoak dira”, esaten zion. Urte batzuk geroago, lagun batzuek Hiztegia 2000 oparitu ziotenean, “hasi zen dena”. Egun, B2 mailan ari da Hendaiako gau-eskolan. Hendaiako gau eskolako B2 mailako ikasleak. Argazkia: Ruben Cordon.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hizkuntzak gustatzen zaizkit, oro har, baina euskara bereziki. Beste hizkuntzekin konparatuta, ezberdinena eta bereziena iruditzen zait. Bestalde, nire aitonak 36ko gerran parte hartu zuen, eta beti esaten zidan ezagutu zituen euskaldunak oso nobleak eta zintzoak zirela. Txikitatik izan dut ideia hori buruan, eta euskara ikastea euskaldunengana hurbiltzeko modu bat izan da.
Nolako prozesua izaten ari da?
Aitaren herrian pasatzen nituen udak, Burgosko lurretan, baina Arabarekin mugan, eta han euskaldun asko ibiltzen ziren. Haiek oso ongi zekiten zenbat maite nuen euskara. Halako batean, euskara-hiztegi handi bat oparitu zidaten, eta horixe izan zen behar nuen bultzada.
Erabiltzen al duzu?
Orain, bai. Komertziala naizenez, bezero euskaldunekin harreman handia izaten dut. Goierrin eta Tolosaldean ibiltzen naiz, batez ere, eta han beti saiatzen naiz euskaraz hitz egiten. Gure irakasleak esaten duen bezala: “Haiek badakite akatsak egingo dituzula, baina zure ahalegina beti eskertu eta baloratuko dute; beraz, ez dudatu!”.
Zer da zailena zuretzat?
Mirandakoa izanik, ez nuen aukerarik euskaldunekin hitz egiteko eta hizkuntzan murgiltzeko. Euskarazko telebista eta irratia hor izan ditut beti, baita liburuak ere.
Gustuko hitza edo esamoldea?
“Euskara da euskaldun egiten gaituena”. Esaldiak euskaldun bilakatzeko indarra eman dit, argi uzten duelako euskalduna izateko ez dela baitezpadakoa2 Euskal Herrian jaiotzea.
Trikimailuren bat?
Egunero neure buruari euskaraz hitz egiten diot, eta ni neu saiatzen naiz behar ditudan erantzunak bilatzen. Adibidez, azken ikasturtean ikasitakoa praktikan jartzen dut, eguneko nozioak erabiliz eta neure buruari galderak eginez.
1. Pasadizo: anekdota, istorio, bitxikeria.
2. Baitezpadako: ezinbesteko, nahitaezko, behar-beharrezko.
