RUPER ORDORIKA (Oñati, 1956) ezin da lau lerrotan aurkeztu, baina aurkezpenik ere ez du behar. Lehen diskoa (Hautsi da anphora) atera zuenetik 42 urte igaro dira ia, eta ordutik beste 25 argitaratu ditu. Azkena, Amour eta toujours (Elkar), iragan udazkenean. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Buru-belarri zabiltza diskoaren aurkezpen biran. Nolako harrera izaten ari da?
Ez dakit oso ondo neurtzen. Duela bi urtetik hona, harremana erabat aldatu da: jendea maskara jantzita dago eserita, kontzertuak ezin dira zutik egin, garagardo bat eskuan... hori guztia pikutara joan da. Batzuetan, kontzertuak aski arrakastatsuak izaten ari dira, eta jendeak badu gogoa, baina beste era bateko harremana sortzen da. Kontzertuak oso ongi joan arren, harremana aldatzen ari da.

 

“Euskal Herria ezin nezake ulertu euskararik gabe”
“Euskal musikan, orain arte, industriatxo aski biziari eutsi zaio”
“Humanoideak beti lortu izan du bere nahia teknikaren bidez adieraztea”

“Barkatu esatea, baina paperezko aldizkariak eta... argi ibili!”
“Binilo salmenten zenbakiak penagarriak dira”
“Musikaria izan ez banintz, galdua nintzateke”


Hautsi da anphora ikuskizuna ere kaleratuko duzue, zure lehen diskoaren berrinterpretazioa...
Asmoa da oholtzara, oraingo taldearekin batera, Bixente Martinez gonbidatzea, disko hartako gitarrista, alegia. Eta Bernardo Atxaga ere bai, hitzak harenak direlako. Baita garai hartan diskoan parte hartu zuen beste gonbidaturen bat edo beste ere. Musikalki, aldaketa batzuk egingo ditugu, eta Atxaga testu berri batzuk lantzen ari da. Egitasmoa Loraldia festibalekoen ekinez sortu zen: duela sei bat urte hasi ziren konbentzitu nahian, baina nik ez nuen ikusten. Eta hurrengo urtean berriz, eta hurrengoan berriz... Halako batean, beste era batera hartu eta Bernardorekin hitz egitea pentsatu nuen. Diskoaren 40. urtemugan egitekoa zen, iaz 22. Korrikarekin batera, baina...

Orduan, atzera begiratze hori ez da izan zure asmoa...
Ez, ez. Loraldia jaialdiko Imanol Agirrek bultzatu du kontua. Berarentzat diskoa euskal mundu literarioaren ezaguera izan zela esaten zidan, eta bere belaunaldiko jende askok, euskaldun berri askok bereziki, disko honekin egin zuela bat lehendabizikoz euskal literaturarekin. Gauza hauek, orain, beste modu batera bizitzen dira. Beti izan dut hasieretan behar izaten den entzule hori, baina disko hau bere garaian guztiz eszentrikoa gertatu zen euskal munduan, jende askok ez zuen batere ulertu, hori badakit. Halere, beste batzuek bihotzean hartu zuten, eta horren ondorioz dator hau guztia.
Martxoan eskainiko da, Loraldiak ekoitzita eta Korrika Kulturalaren barruan, ezta?
Bai, egitasmoari baiezkoa emateko, ia baldintza moduan jarri nuen ezin zela saio bakar bat izan, ibilbide bat behar zuela. Bost emanaldi izango dira guztira: 6an, Senpereko Larreko kultur gunean; 10ean, Iruñeko Gaiarre antzokian; 11n, Bilboko Euskalduna Jauregian; 20an, Eibarko Coliseo Antzokian; eta 25ean, Gasteizko Principal Antzokian.
Zer da Korrika zuretzat?
Aitortuko dut oso urruti izan dudala nire bizitzan, harik eta Iparraldean bizitzen jarri nintzen arte, duela urte batzuk. Harrezkero, beste esanahi bat du niretzat. Euskal munduan nola eragiten duen ikusten dut, eta zein ideia ona izan zen.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Nik neure kasua konta dezaket. Ni hemen bizi banaiz, hizkuntzagatik da. Euskara da nire lan tresna: berben soinuak, kantaerak, euskalkiak... ia gehientsuen gustatzen zaidan gauzetako bat da. Nork bere moduan bizi behar du, ezin daiteke denontzako lege bihurtu, baina nik Euskal Herria ezin nezake ulertu euskararik gabe. Niretzat, bizitzako ardatz handi bat izan zen kantuan euskaraz ariko nintzela erabakitzea, gure gazte garaian galarazita baitzegoen. Baina euskara ikasi ahal izateak halako “normalizazioa” ekarri du eta, kontsumoaren ibai zabalean sartuta, jende askok, euskalduna izan arren, bere hizkuntza lantzeko motibazioa galdu du. Gure garaian, hizkuntzak bazuen puska apologetiko hori, defendatu beharra, baina gaur egun ez. Dena aldatu da, eta horrek eragin handia du gauza guztietan: gerta daiteke talde batek, ia kide guztiak euskaldunak izanda, ingelesez kantatzea.
Zeu non inspiratzen zara kantuak sortzeko?
Leonard Cohenek esaten zuen bezala, kantu onak nondik datozen jakingo banu, gehiagotan joango nintzateke bertara. Baditut nire ohiturak, eta gauza batzuk denborarekin ikasten dira. Kantuak ontzeko sasoian, beste frekuentzia bat behar izaten dut, egunerokotik ahalik eta kanpoen egon, eta irakurri. Horixe maite dut, baina ez dut metodorik. Kantari batzuek, musikari handiak, hoteleko gelan idazten dituzte pieza bikainak, biran dabiltzanean, baina niretzat bi mundu dira. Barruan zerbait sentitzen dudanean, horretara jarri beharra dut. Hori bai, etengabe aritzen naiz bururatzen zaizkidan gauzak biltzen.
Ez zara inoiz inspirazio faltaren beldur izan?
Gehiago arduratzen nau lana aurrera ateratzeak. Gurea artisau langintza da, esparru asko bateratu behar izaten dira aurrera egiteko, eta horretan gorabehera gehiago izaten dira. Dena den, Hautsi da anphora lanaren garaian ez nuen inoiz pentsatuko 40 urte eta gero honela ariko ginenik; neure orduko lagunek ere hortxe dihardute denek, ez naiz bakarra. Nahiz eta ez nuen inolako asmo taktikorik, beti-beti dut hor, ganbaran [burua seinalatuz], zerbait egin nahia. Horrek bultzatzen nau.
Zertan aldatu da 1980ko Ruper Ordorika hura?
Zer aldatu den baino, zerk jarraitzen duen berdin esatea egiten zait errazagoa. Aurreneko elkarrizketan, garai hartako Argia aldizkarian, esan nuen diskoan kantuak, poema kantatuak eta bertsoak bildu nituela. Denbora pasatuta, iruditzen zait erantzun hark oso ondo adierazten duela zerk iraun duen nire langintzan: kantuaren formarekiko eta hitzekiko zaletasuna. Horretan sakonduz joan naiz; gauza batzuek orain, segurki, pisu handiagoa izango dute, eta beste batzuk arindu egingo ziren, baina nire beharra, hasierako nahi hura, bertsua da. Aldatu, berriz, gauza asko. Gure langintzak harreman handia du teknologiarekin, musikak iraultza itzela bizi izan du, eta bizi du; beste guztien aurretik, gainera, geu garelako aitzindariak mundu digitalean. Horrek eragin handia du sormenean, ez bakarrik kontsumoan, eta zenbait gauza asko aldatu dira. Esate baterako, niretzat estudioa sormenerako gunea da orain, dena ikusten diot aldeko, baina garai hartan toki beldurgarria zen, oso denbora gutxirekin sartzen ginen bertan, ez genuelako beste ahalmenik.
Zure webgunean ez dago sare sozialetarako loturarik...
Ez dakit kontu horiez, esparru hori ez dut ondo ezagutzen. Ez nago harro, baina ez dut betarik hartzen. Mundu zibernetikoaren hastapenetan gaude: akatsa egitea asmatzea bezain inportantea da, musikan eta edozein langintzatan, baina oraindik ez dakigu akatsa programatzen. Ez dago belarrira gaizki ematen duen musikarik; zerbait berezia topatzea, ordea, oso zaila da, homogeneizazioa ikaragarria delako. Humanoideak beti lortu izan du bere nahia teknikaren bidez adieraztea. Duela 100 urte, ez gehiago, Gaiarreren moduko kantaria izateko, ahotsa antzokiko goiko partean ondo entzuteko moduan proiektatu behar zen, eta mikrofonoa sortu zenean musikaren kontzeptua erabat aldatu zen. Gero, entxufeak eta gitarra elektrikoa etorri ziren, dagoeneko iragan mendeko gauzak! Oraingo musikaren zati ikaragarri bat, munduan dantzatzen den musika gehiena, ordenagailuz egina da. Ez du akatsik, beste sormen mota bat dakar, eta beste gustu bat ekarriko du. Jendeak irri egiten du ahots pitufatu horiekin, baina gure haurrak hizkuntza horiek erabiltzen dituzten marrazki japoniarrekin hazi dira, eta hori maitatuko dute, arbasoek sopranoen ahotsa bezala. Dena dago teknologiarekin oso lotuta.
Eta sortu ondoren, nola kaleratu? Jende askok ez dauka CD bat non entzun...
Lagun bati CDa entzunarazi nahi izan nion, asko lagundu didalako lan honetan, eta geratuak ginen etxean bluetooth bozgorailua besterik ez zegoen! Kanpoan bost auto egon arren, batek ere ez zuen entzungailurik. Grabatu berri nuen diskoa ezin erakutsita itzuli nintzen etxera! Nire lehenengo lau diskoak LP formatuan atera ziren, orduan ez zegoen CDrik, eta orain... Gure mundua, zentzu horretan, suntsituta dago, inork ezin du ikusi hurrengo pausoa zein izango den. Barkatu esatea, baina paperezko aldizkariak eta halakoak... argi ibili!
Biniloa, aldiz, berpizten ari omen da...
Hori ez dakit noraino dagoen frogatuta. Esan esaten da, baina binilo salmenten zenbakiak penagarriak dira. Oso-oso gutxitan ematen dute fabrikazioa berdintzeko adina.
Euskaldunok euskal musikaren kontsumitzaile onak gara?
Bai, euskaldunok asko maite dugu musika, baina kontsumitzailea unibertsala da: Ruper Ordorika, Billie Eilish, Bruce Springsteen... Nahi duzuna daukazu parean, eta prezio berean. Hala ere, euskal musikan, orain arte, industriatxo aski biziari eutsi zaio. Eta, frogarik gabe esanda, Euskal Herrian aipa ditzakegun kezka guztien gainetik, eskaintza eskaria baino askoz zabalagoa da oraindik; hau da, gauza asko erabat oharkabean pasatzen dira, eskakizunik ez dagoelako. Literaturan ere gauza bera gertatzen da: asko produzitzen da euskaldun batek irakurri ahal duenerako, euskaldunak euskaraz ez ezik, espainolez, ingelesez... ere irakurtzen baitu.

KOLKOTIK

Agertokira igo aurreko maniaren bat?
Zapatak aldatzea.
Eta kontzertua amaitu ondoren, zer?
Ura, beti izaten dut botilatxo bat gertu.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Neure arbasoren bat, kar-kar!
Eta nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Espero dut kantuan ez ibiltzea, euskaldunei bake pixka bat emateko, kar-kar!
Sukaldari ona zara?
Bai.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Esnea. Ez dut sobera hartzen, baina...
Dutxan ere abesten duten horietakoa zara?
Ez.
Musikaria izan ez bazina, zer?
Galdua nintzateke.
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena?
Isilik egotea.
Larunbat gauerako planik onena?
Neure kontzertu on bat.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Isilik egon etxean, geldi. Edo paseatu.
Zerk ematen dizu lotsa?
Kantatzeko beharra handiagoa zenez, oholtzarako bideak ematen zidan lotsa gainditu behar izan nuen.
Eta beldurra?
Beldurrak gidatzen gaitu askotan, baita ustekabean ere. Ez dut beldur zehatzik, baina motibo handia da bizitzan.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Gaitasunik ezak.
Zerk eragiten dizu barre?
Barre errazekoa naiz. Lagunarteak, lagun giroak...
Zerk galarazten dizu loa?
Etxeko kezkek, familiakoek.
Bi hitzetan, nolakoa da Ruper Ordorika?
Kar-kar! Ikasten ari den norbait.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.