Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980) futbolari profesionala izan zen 14 urtez, Realean debutatuta. Gerora, Vanpopel musika taldea eratu zuen, baina orain ezagunagoa da ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioko aurkezlea delako eta aktore aritzen delako. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Lehendakarigaia antzezten zabiltza, Iker Galartzarekin. Non dago izaten ari zareten arrakastaren gakoa?
Antzezlana bera polita da ikusteko, oso barregarria. Gero, apaltasun faltsurik gabe, Galartzaren lana aipatuko nuke. Ibilbide handia dauka, urte asko daramatza, eta jokatzen duen papera bikaina da. Bestalde, biok ere ezagun samarrak gara telebistan, euskal hiztunen munduan, behintzat, eta jendeari sinpatia-edo eragiten dioten bi pertsonaia garela uste dut; beraz, jendea horregatik ere joaten da antzokietara. Hortik dator arrakasta, sarrerak saltzeko orduan, behinik behin.
Komediak arrakasta ziurragoa du oraingoak bezalako garai zailetan?
Kontsumitzeko errazagoa da, baina horrek ez du esan nahi egiteko errazagoa denik. Nik telebistan umorea landu badut ere, batez ere, tarteka egin izan dut saioren bat “dramatikoagoa”, eta askoz errazagoa suertatu zait gauza serioagoak jorratzea edo elkarrizketa serioak egitea jendea barrezka jartzea edo elkarrizketa umoretsuak egitea baino. Kontsumitzeko errazagoa dela argi egon arren, komedia egitea ez zait iruditzen hain erraza, ongi egin behar da. Honelako garaiotan, jende askok esaten du barre egitea ezin hobeto datorkigula. Hainbesteko pena, hainbesteko tristura eta hainbeste albiste ilun egonda, balio segurua da... barre eragitea lortzen baduzu, noski! Izan ere, gogorra da umorista batentzat kartelean komedia dela jartzea, jendea barre egitera joatea eta inork ez egitea. A zer “porrota”!

Galartza eta biok hainbat lanetan zabiltzate. Euskal kulturak ematen al du bizitzeko lain?
Guk biok, behintzat, badaukagu zorte hori, hortik bizi gara. Iker zirkuan, telebistan eta antzerkian ari da. Ni telebistan, bakarrizketak egiten eta antzerkian. Euskaraz ari gara gehienbat, nahiz eta gaztelaniaz ere aritzen garen tarteka, baina euskaraz egiten dugun horrek ematen digu, nagusiki, honetatik bizitzeko aukera. Erraza ez da, baina euskaraz lan eginez bizi daiteke kulturatik.
Laugarren antzezlanarekin, honezkero hasiko zinen zeure burua aktoretzat hartzen...
Zorte handia izan dut, euskal aktorerik onenekin jarduteko aukera izan dudalako: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Iker Galartza... Agertokian, publikoa behar dudala ohartzen naiz. Publikoaren erreakzioak ulertzen ikasi dut, nonbait, eta badakit nola esan behar dudan esaldia, funtziona dezan. Hortaz, taula gaineko pertsona sentitzen naiz, baina entseguetan oso aktore kaskarra naiz, konturatzen naiz oraindik, bederen, ez naizela haien mundukoa. Gaizki pasatzen dut, eta lotsa ere sentitu dut Ramon, Joseba eta Ikerren aurrean, ez dakidalako mugitzen. Zalantza asko eragiten dizkit horrek, baina zorionez, eta hori ikasi dut, antzokia betetzen denean eta jendea aurrean dudanean badaukat “esaten” ari zaidana interpretatzeko instintua. Ez dakit zer naizen... plazagizona? Bai, intuizioz aritzen den plazagizona.
Psikologoarenera jotzea normalizatzen duzue antzezlanean. Lagundu dizu zure esperientziak?
Psikologotan ibiltzea paziente gisa tokatu izan zait, eta interesgarria iruditzen zait osasun mentalaren gaia agerian jartzea. Neure bakarrizketa batean, osasun arazo mentalez aritzen naiz, lehen pertsonan kontatuz, batik bat neuk bizi izandakoak. Antzezlanean, aldiz, psikiatrarena egiten dut; inoiz ez naiz pertsonaia bat jokatzera hain prestatuta heldu. Badakit psikologoak nolakoak diren: zein serioak diren gehienetan, nola jokatzen duten, zer bilatzen duten, nola egiten dituzten galdera motzak pazienteek erantzun luzeak eman ditzaten... Horrek, egia esan, pertsonaian sartzen lagundu dit.
FutbolisTOK bakarrizketan zure kasua kontatzen duzu. Umorea terapeutikoa da?
Oso terapeutikoa, neuri balio izan dit. Bakarrizketan, arazoei aurre egiteko norberaren buruaz barre egiteak zenbat laguntzen duen erakutsi nahi izaten dut. Barreak beti laguntzen du, batez ere norberaren buruaz eginez gero. Ez dago umorea baino botika hoberik, umorea zentzu onean, ez dut maite umorea besteez barre egiteko erabiltzea. Nire miseriak eta penak jendeari umorez erakusteak asko lagundu izan dit bizitzan, eta agertokira bakarrizketa horrekin igotzea oso lagungarria zait garai bateko oinaze haiek, ahazteko ez, baina bai erlatibizatzeko eta desdramatizatzeko.
Futbola herriaren opioa da?
Futboletik bizi nintzenean, merezi nuena baino diru gehiago irabaziz, sekula ez nuen horren kontrako kritikarik egin. Beraz, orain, kanpoan nagoenean, futbola kritikatzea ez zait polita iruditzen, nahiz eta gaiari buruzko nire ideiak izan baditudan. Barruan zinenean isilik egon, eta atera zarenean, edo atera zaituztenean, futbolari egurra ematen hastea itsusia litzateke. Zatarra irudituko litzaidake dirua irabazten egon nintzenean isilik egon, eta orain diru gehiegi irabazten dela esatea, sinatu nituen kontratu guztiak isil-isilik kobratu bainituen. Nire bakarrizketan, futbolari eta nire ibilbideari buruz mintzatzen naiz, hor ikus daiteke futbolaz zer iritzi dudan.
Pandemiaren ondorio ona izan da osasun mentalari erreparatzea?
Ondorio on gutxi ekarriko ditu, baina ona da horretaz hitz egitea; halere, ordaindu beharreko bidesaria gogorra izango da. Nik pairatu dudan, eta oraindik pairatzen dudan, eritasun mentala nahasmendu obsesibo konpultsiboa da, eta pandemia garaiko egunerokoan egin behar izan ditugun sakrifizioak izugarriak izan dira. Nik, garai batean, 40 aldiz garbitzen nituen eskuak, irrazionalki. Hori ez dela zuzena ikasi behar izan nuen, hots, eskuak ez garbitzen, ia-ia zikin izaten. Pandemian, ordea, hein batean, eskuak 40 aldiz garbitzea arrazionala bihurtu da; beraz, nirearen gisako gaitza dutenentzat katastrofiko samarra izan da, arrazionala eta irrazionala nahasi egin direlako. Esan bezala, ordaindu beharreko bidesaria gogorregia izango da, lehen TOKik ez zuen jende askok arazoak izango dituelako hemendik ateratzen garenean.
Nola doa Herri txiki, infernu handi saioaren aurtengo denboraldia?
Egiari zor, ikusle kopuruak politak dira, katearen batezbestekoak kontuan hartuta; halere, denboraldi honetan pixka bat jaitsi garela aitortu behar dugu. Ez dira datu txarrak, eta zilegi ere bada jendea noizbait gu ikusteaz aspertzea. Hori gertatzen den egunean, esker on osoz onartuko dugu, ezin dugu gehiago eskatu: hasierako asmoa 10 saiora iristea zen, telebistan ez baita erraza hori gainditzea, eta zortzi denboralditan 200dik gora egin ditugu.
Nolako euskaldunak aurkitu dituzue saioa egitean?
Nik neuk mugako herrietan gozatu dut gehien, euskaraz hainbeste bizi ez diren herrietan. Jendea oso esker onekoa izan da, gu haien herrira joateak, umorezko saio bat euskaraz egitera, ilusioa egin die, eta hala erakutsi digute. Dena eman digute, eta oso saio on eta politak atera dira. Hori bai, herri horietan ez dago adineko jende euskaldun askorik, guk elkarrizketatu ohi ditugunak, eta askoz ere gazteagoekin aritu behar izan dugu, baina dena eman dute eta haiei esker lortu dugu saioak egitea. Ni benetan zoriontsu Oionen, Andosillan, Samaniegon... ibili naiz, eta Maulen ere zoragarria izan zen.
Euskalki guztietan aritu zarete...
Pixka bat ahaleginduz elkar uler dezakegula erakutsi diogu Euskal Herri osoari. Euskara batua bikaina da, denok batu gaitzakeelako. Garrantzitsua da euskara ikasten ari direnentzat, eta euskaldun zaharrok ere saiatu egin behar dugu. Zorteko sentitzen naiz, Elgoibarren jaio, Donostian bizi eta bikotekidea baxenabartarra izanda, euskalki guztietan moldatzen naizelako nahiko erraz. Horrek asko lagundu dit saioan, bi gauza direlako garrantzitsuak niretzat: batetik, elkarrizketatzen ari naizen pertsonak niri ongi ulertzea; bestetik, Euskal Herriko beste puntan elkarrizketa ikusten ari denak ere ondo ulertzea. Horretarako, komunikazioa sortuko bada, batzuetan lizentziak hartu, eta erdarakadatxoren bat sartu behar izaten dugu. Adibidez, idatziren ordez eskribitu esan, ez dagoelako umorerik komunikaziorik eta abiadurarik gabe. Ez da erraza, eta lizentzia asko kritikagarriak izango dira, askotan ez genuen asmatuko eta akatsak egingo genituen, baina asmoa beti izan da denek ongi ulertzea.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Mundua ikusteko beste leiho bat delako. Horretaz, batez ere Herri txiki infernu handi egitean ohartu naiz. Beste kate batzuetan badaude horrelako saioak, eta galdetu izan diot neure buruari gaztelaniaz egiteko gai izango ote nintzatekeen. Bada, Gaztelan bai, agian, baina hemen ez. Saioak euskaraz ari garelako funtzionatzen du, euskaraz soilik ulertzen diren eta grazia euskaraz soilik egiten duten kodeekin. Hortaz, euskara mundua ikusteko beste leiho bat delako bultzatuko nuke jendea ikastera. Ez da ez hobea ez okerragoa, bestelakoa baizik; eta bakarra, besteak ere bakarrak diren bezala.

KOLKOTIK

Lortuko al du Realak Europan sartzea? Bai, lortuko du.
Futbol zelai batean ikusi duzun azken partida? Urte asko neraman Anoetara joan gabe, baina aurten Granadaren aurkako partida ikusi dut.
Realeko inoizko jokalaririk onena? Luis Arconada, bizitzan izan dudan idolo bakarra, edozein arlotan.
Herri txiki batean bizitzekotan, non? Baigorrin, hain zuzen ere Donostia eta Baigorri artean bizi naiz.
Musika talde bat? Izaki Gardenak.
Besaulkian eserita gozatu duzun antzezlan bat? Dublindarrak.
Zer ikusten duzu telebistan? Frantziako telebista kateak, frantsesa ikasteko. Oso tresna ona da hizkuntzak ikasteko.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzean? Bizitzeko jarrera oraindik aurkitu ez duen gizon bat.
Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen albistea? Antzokian publikoa maskararik gabe ikusteko aukera edukiko dudala.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Garagardoa, zergatik esan gezurra?
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Baigorrira joan. Iriste hutsak erlaxatu egiten nau.
Larunbat gauerako planik onena? Parrandarik ez, zahartu naizen seinale. Lagunekin elkartean afaltzea.
Eta igande arratsalderako? Kanpoan euri jasa dela, sofan etzanda film bat ikustea, lasai asko, ezin delako etxetik atera.
Zerk galarazten dizu loa? Hurrengo egunean Herri txiki, infernu handi grabatu behar izateak. Zorionez, astean behin bakarrik izaten da.
Zerk ematen dizu beldurra? Gauza gehiegik, eta gehienak beldur irrazionalak dira.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Harraskako trapua urez beteta eta zikin aurkitzeak, aurretik erabili duenak horrela utzi duelako.
Bizitzako plazer txiki bat? Hainbat gaztaren aukera ona eta Irulegiko arno beltza.
Esaldi batean, nolakoa da Zuhaitz Gurrutxaga? Ez da mutil txarra!

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.