Dahye Kim 
Seul, Hego Korea, 1986

Lezoko Oroitzene AEK euskaltegian ibili da aurten, B1 mailako taldean. 2023tik bizi da Lezon, familiarekin. 2014an ezkondu ondoren ere bi urtez bizi izan zen bertan, baina senarraren lanbideagatik munduko beste leku askotan ibili izan da: Mexiko, Dubai... Koreeraz gain, ingelesa, gaztelania eta txinera dakizki. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Gure alabak txikitatik euskaraz hitz egin du senarrarekin, eta ez nien ulertzen. Orduan erabaki nuen euskara ikastea. Orain, ulertzen diot alabari. Guztia ez, oso hiztuna1 delako, baina gutxi gorabehera ia dena ulertzen dut.
Nolako prozesua izaten ari da?
Hasieran, erraza izan zen. Lehen, denbora asko neukan ikasteko eta, beraz, erraza zen ikastea. Orain, ordea, bi seme-alaba dauzkat, senarra bi hilabetez egongo da kanpoan lanarengatik, eta ez daukat denborarik. Ondorioz, orain zailagoa da. Halere, asko gustatzen zait euskara-eskola. Irakaslea oso jatorra da, eta ikaskideak ere bai. Gure artean asko hitz egiten dugu, bizitza kontatzeko-eta. Gustura nago.
Zer da errazena zuretzat?
Gramatika logikoa denez, erraza da uler­tzeko. Arazoa da ez daukadala buruz ikasteko denborarik.
Eta zailena?
Hizkiak2. Alfabetoa oso arraroa da niretzat: x, k, rr... asko daude, eta irakurtzeko oso zaila da. Euskarazko hizkiak oso desberdinak egiten zaiz­kit, eta zailak dira gogoratzeko. Beste hizkun­tza batzuk ikasten ditudanean, memorizatzea asko gustatzen zait, baina hizki hauek zailak dira eta gutxi memorizatzen ditut.
Erabiltzen al duzu?
Bai, alabarekin. Etxean, haurrekin korearrez hitz egiten dut, ulertzen dute, baina etxetik kanpo saiatzen naiz euskaraz mintzatzen.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Maite zaitut. Euskarazko nire lehenengo hitzak izan ziren. Maltan bizi ginenean erakutsi zizkidan senarrak.
Trikimailuren bat?
Alabarekin hitz egitea. Umeekin hitz egitea errazagoa denez, saiatzen naiz harekin praktikatzen. Batzuetan, alabak berak erakusten dizkit euskarazko kontuak! 

1. Hiztun: asko hitz egiten duen pertsona, berritsu.
2. Hizki: letra. 


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.