Dagoeneko abian da AEKren Praktikatu zerbitzuaren kanpaina, Euskara ZU zara lelopean. Ikasturte honetan, euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi du, bereziki mintzapraktika programetako parte hartzaileek jokatzen duten rola: “Egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean euskara gara denok”. Hala, mintzapraktika programetan ez dago ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo... Programen bidez, hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko.
Bestalde, AEKren Praktikatu zerbitzuak euskarazko aisialdia sustatzen jarraituko du, ekintza osagarrien bidez. Joan den ikasturtean, esaterako, 500 jarduera baino gehiago antolatu zituen: tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak, udako ibiltaria, Zilegi Asteak... Aipatzekoa da zerbitzua doakoa dela eta kide guztiek deskontuak zein sari politak eskura ditzaketela.
Dagoeneko hasiak dira elkartzen berbalagunak, mintzakideak eta mintzalagunak, baina oraindik ere eman daiteke izena parte hartzeko. Ikasturte honetan, 103 herritan izango dira, Agoitzetik Muskizera edo Tuteratik Zarautzera. Bestalde, egitasmo berriak abiatuko dira, hala nola, mintzalagun Lezon, berbalagun Artziniegan eta, lehen aldiz, gurasolagun Hernanin. Iparraldean, berriz, AEKk Lapurdiko bortz herritan abiatuko ditu mintzalagun taldeak: Itsasun, Baionan, Kanbon, Uztaritzen eta Hendaian. Gainera, online taldeak ere berehala jarriko dira martxan.
Horretaz gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak aurrera egingo du, elkarri hika hitz egiteko talde berriekin. Eta familientzako gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek euskaraz elkarrekin aritzeko aukera izan dezaten. Aitzakiarik ez, beraz, mihiari eragiteko!

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.