Udan zer egin pentsatzen hasten gara garai honetan, eta aukera ona izan liteke egun batzuk euskara ikasteko baliatzea. Hori dela eta, AEKk prest dauka udako barnetegien eskaintza: datak, prezioak, deskontu berezia AEKko ikasleentzat... Izan ere, barnetegietako ateak zabalik egon arren euskara ikasi nahi duten lagun guztientzat, ikasturte honetan AEKn dabiltzan ikasleek % 10eko beherapena izango dute matrikularen prezioan, baldin eta aurrematrikula martxoaren 31 baino lehen egiten badute (familia barnetegian, deskontu hori ume bakar bati aplikatuko zaio). AEKko ikasleak ez direnentzat, aldiz, maiatzaren 5ean hasiko da izena emateko epea.
Hainbat barnetegi antolatu ditu AEKk datorren udarako. Adibidez, bi familia barnetegi izango dira Adunan (Gipuzkoa): lehenengoa, uztailaren 21etik abuztuaren 1era; bigarrena, abuztuaren 4tik 15era. Barnetegi mota hori egokia da familia barruko hizkuntz ohiturak aldatzeko; baita ere seme-alabak konturatzeko euskara ez dela eskolan soilik erabiltzeko hizkuntza, barnetegian lagun berriak egingo baitituzte begiraleen zaintzapean jolasten diren bitartean.
Euskalduntze barnetegiak, berriz, Arantzan (Nafarroa) egingo dira uztailean eta abuztuan: uztailaren 7tik 20ra, uztailaren 21etik abuztuaren 3ra, abuztuaren 4tik 17ra (B2 eta C1 mailetako azterketak prestatzeko barnetegiak ere hamabostaldi horretan egingo dira), eta abuztuaren 18tik 31ra (hamabostaldi horretan, gutxienez talde bat A2 mailakoa izango da). Iraileko euskalduntze barnetegia, aldiz, Foruan (Bizkaia) izango da, hilaren 1etik 14ra.
Ikasle askok ezagutzen dute dagoeneko nola laguntzen duen barnetegiko egonaldiak hizkuntza baten ikasprozesuan; are gehiago, euskara entzuten den leku batera joanez gero, bertakoekin zein ikaskideekin euskaraz egiteko. Hori guztia leku ederrean eta giro onean egiten bada, onura are handiagoa izango da. Horregatik da barnetegia euskara ikasteko lekurik onenetakoa. Informazio gehiago eskura daiteke AEKren edozein euskaltegitan, www.aek.eus atarian, 607 673 541 telefono zenbakian edo