Bilboko San Ignazio auzoan dago AEKren euskaltegia. Ez da handik mugitu 40 urtean, eta makina bat ikasle eta irakasle igaro da bertatik lau hamarkadatan. Batzuk ikasle hasi, eta irakasle jarraitu zuten gero. Zorionez, guztien lanari esker, auzoa duela 40 urte baino euskaldunagoa da orain.
Urteurrena ospatzeko, egitarau oparoa antolatu zuen Larrako AEKk azaroaren lehen asterako: La Basuk rap tailerra eskaini zien ikasleei Euskararen Etxean, auzoan bertan; Bilboko AEKko beste ikasle eta irakasleak ere gonbidatu zituzten itsasadarrean zeharreko txangoaz disfrutatzera, Bilboats ontzian, euskarazko audio-gida entzunez; ginkana bat prestatu zuten gonbidatu guztiek auzoa ondo ezagutzeko aukera izan zezaten...
Urtemugaren ginga larunbatekoa izan zen: Larrako AEK euskaltegiko ateak ireki zizkieten 40 urtean bertatik igarotako irakasle, ikasle eta laguntzaileei. Zertarako eta memoria astindu eta historian atzerako bidaiatxoa egiteko, ariketa vintage baten bidez: nola irakasten zen euskara duela 40 urte Bilboko euskaltegi batean? Kaseteak, VHS bideoak, eskuz moztu eta itsatsitako material behin eta berriz fotokopiatuak... Nostalgia, borborka. Amaitzeko, zer hoberik auzoko tabernak bisitatzeko triki-poteoa baino?
Deustuko Matxintxu AEKri ere laster tokatuko zaio: motorrak berotzen hasteko, 38. urteurren jaia ospatu zuten azaroaren 30ean.