Ezetz Jakin lehiaketa Gernika-Lumotik Bizkaiko beste eskualde batzuetara zabaldu da, Meatzaldeko eta Enkarterriko berbalagunek hasi berri dituzten txapelketek erakusten dutenez. Aste Santuaren ostean, Uribe Butroen ere abiatuko dute.

Meatzaldean, 10 galderako sorta batekin ekin diote lehiaketari, eta maiatzean berriro egin nahi dute. Enkarterrin, berriz, bi hilean behin 15 galdera argitaratzeko asmoa dute. Batean zein bestean, eskualdeari buruzko bitxikeriak, historia, geografia, pertsonaia ospetsuak, gertaerak... bilduko dituzte.
Jokoa, baina, Gernika-Lumon sortu zen: AEK-ko kide Pili Ibarraren “harrikada” izan zen. Berbalagun 2004ko maiatzean jarri zuten martxan bertan, eta, 2004-05 ikasturteko lehen hiruhilekoa igarota, Gabonetan eskutitz bana bidali zien berbalagunei, egitasmoarekin pozik zeuden jakiteko: “Horrekin batera, amaitu berria zen Bizkaiko bertsolari txapelketari buruzko sei bat galdera. Harrituta geratu ginen 20 erantzun inguru jaso genituenean”. Orduan, ideia herrira zabaltzea pentsatu zuten, euskararen presentzia indartzeko eta herri ezagutzaren transmisioan laguntzeko, “hilabeteko epea emanda, hainbat talde eta kuadrillatan erantzunez berba egingo zelakoan”. Esperientzia oso aberasgarria gertatu zen, eta, harrezkero, jatetxe asko batu dira hilero afariak eta bazkariak zozkatzeko, beren publizitatea hainbat lekutan banatzen den galderen eskuorrian jartzearen truke. Orain, pandemia garaian egindako proba oinarri, lehiaketak euskarri digitalera ere egin du jauzi: galderak, praktikatu.eus atarian.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.