Praktikatu zerbitzuaren Hiketalagun egitasmoa abian da Durangaldean. Eskualdeko hitanoan jarduteko taldeak osatzeko asmoz, pasa den abenduan abiatu zuten izen ematea, eta 40 lagun baino gehiago batu ziren hilabete eskasean. Pandemiak, ordea, urtarrilean hastekoa zuten ikastaroa martxan jartzea galarazi zien. Halere, ordutik, egitasmoaren oinarrian dagoen Poltsikorako hitanoa liburuxka atontzen aritu dira. Hortxe bildu dute Durangaldeko hitanoan berba egiteko beharrezko informazio guztia: oinarriak, noiz erabili, noiz ez, aditz taulak… Haatik, hitanoa herri batetik bestera asko aldatzen denez, bizkaieraz idatzi dute, eta herriz herriko aldaketak aplikatzeko jarraibideak eman dituzte. Iurretako herritar batzuen laguntza izan dute liburuxka osatzeko, eta haiek emango dute ikastaroa ere. Pozik eskaini dute laguntza, kezkatuta baitaude eskualdean hitanoa galtzen ari delako. Halaber, ekintza berezi bat ere antolatu dute ekainaren 20rako: liburuaren aurkezpen ekitaldian, Iurretako plazan, bertsolariak izango dituzte lagun, hiketan abesten. Urtarrilean egitekoa zen ikastaroa, berriz, datorren ikasturtean egingo dute, eta, bukatutakoan, hitanoan jarduteko taldeak sortuko dituzte eskualdean.