Bilboko Indautxu AEK euskaltegian, Haiku Lehiaketa egin dute ikasturte amaieran. Edizio honetan, B1 mailako Jose Aldekoa Retolazak irabazi du, 23 botorekin (bigarrenak 22 lortu ditu). Hau izan da bere haikua: zure begiak / izar distiratsuak / gauetan dantzan. Aurten, nobedade moduan, irakasleek aparteko1 botoa izan dute, eta sailkapen horretan C1 mailako Yaiza Varela Fernandez nagusitu da (hirugarren geratu da sailkapen nagusian, 21 botorekin). Haren haikua: argirik gabe / sentimenduak bero / eta hitzak hotz.
Indautxuko AEKn lau urte daramate lehiaketa hau egiten, eta ikasle askok hartzen dute parte. Txapelketa abiatzeko, lanketa egiten dute taldeetan, haiku bat zer den azaltzeko (Japonian tradizio luzea duen hiru lerroko poema txikia: lehena, bost silabakoa; bigarrena, zazpikoa; eta hirugarrena, bostekoa). Ondoren, haikuak idatzi eta bidaltzeko epea bukatzen denean, jasotako haiku guztiak ikusgai ipintzen dira euskaltegiko hormetan. Ordutik aurrera, ikasle bakoitzak hiru boto ditu, gustuko dituen haikuen artean nahi bezala banatzeko. Aurtengo irabazleek Praktikatu Zerbitzuaren kutxa bana jaso dute sari.
1. Aparteko: extraordinario, -a (es), extraordinaire (fr).