Bilboko Santutxu AEK euskaltegiko mintzataldea Bermeora joan zen pasa den hilean, Ekaitz Goienetxearen Zaldi mamarroa1 (Elkar, 2018) liburuaren aztarnaren2 bila. Miren Garcia Camino ikaslearena da txangoaren kronika.

Ikastaro amaiera ospatzeko, trenez joan ginen Bilbotik Bermeora, Goienetxearen liburuan agertzen diren lekuak ikustera. Portuan hasi zen ibilbidea. Bertan dago liburuan Erreñezuri izena duen baporea, osorik irauten duen egurrezko arrantza ontzi bakarra. Orain auzolanean berreskuratu nahi dute, Herriko Itsas Memoriaren parte garrantzitsua delako.
Gero Bermeon ibili ginen kalez kale, eskaileraz eskailera. Liburuaren arabera, eskailera horietan 80ko hamarkadan xiringak3 egoten ziren, eta andreek haurrek ez ikusteko batzen zituzten. Gaur egun, ordea, kaleak lasai daude, noizean behin mota ezberdinetako pintaketak baino ez dira agertzen. Kostatu egin zitzaigun liburuan Erremedio kaleko 5. zenbakian dagoen Karkaba taberna aurkitzea, orain itxita baitago leku hori.
Santa Maria eliza berria da, XIX. mendekoa; haren aurrean zegoen azoka txiki bat ikusi, eta harresira. Zazpi portaletatik, San Juan arkua da zutik geratzen den bakarra (Gaztelugatxerako bidea bertatik hartzen zelako du izen hori). Handik hilerriraino jarraitu genuen. Herriko goiko aldean dago, itsaslabarraren4 gainean. Panteoi batzuetan, “istripuz hil zen” idazkuna5 dago, han daudenak drogaren mende hil zirela ezkutatzeko.
Talako kantinan hartu genuen atseden. Leku berezia da, ederra. Bermeoko goialdean dago, Kantauri itsasoa eta Bermeoko itsaslabarra ikusteko moduan. Orain leku lasaia da, baina garai batean ekaitzak, trumoiak, tximistak, olatuak… bazeuden, herrikoak hara joaten ziren balea itsasontziak itxarotera. Liburuaren arabera, lonjari “hipodromoa” esaten zioten, zainetan heroina sartzeko tokia.
Berriro erdigunera itzuli eta Lamera parkera heldu ginen. Nestor Basterretxearen Euskal serie kosmogonikoa ikusi eta gero oinez joan ginen Bermeotik Mundakara, itsasoa, itsasadarra eta Izaro irla ikusiz. Azkenean, bazkaltzeko tokira heldu ginen, Beti aurrera txokora. Izen ezin egokiagoa guretzat. Giroa oso atsegina eta ederra izan zen, eta janaria goxo-goxoa. Pozik itzuli ginen Bilbora.

1. Mamarro: espantagarri.
2. Aztarna: rastro (es), trace (fr).
3. Xiringa: jeringa (es), seringue (fr).
4. Itsaslabar: acantilado (es), falaise (fr).
5. Idazkun: inscripción (es), inscription (fr).


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.