Susana Santiagok irabazi du Barakaldoko AEKk Gabonetarako antolatu zuen gutun lehiaketa. Abenduaren 19an euskaltegian bertan ospatutako jaian jaso zuen saria: doan joatea Barakaldoko AEKkoek Arratiako AEKkoekin batera Foruan maiatzean egingo duten asteburuko barnetegira. Olentzerori eta Mari Domingiri bidaltzeko gutunen lehiaketan 200 ikaslek hartu zuten parte, eta epaimahaia osatu zuten hiru irakasleek Susana Santiago saritzea erabaki zuten, “haren originaltasunagatik eta aurkezpenagatik”. Halaber, Maite Adamek eta Nerea Cuestak jaso zituzten, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sariak: Berbalagun opariak. Hala, Gabonetako oporrei hasiera emateko festa oso giro onean ospatu zuten. Helburu nagusia euskaltegira egun eta ordutegi ezberdinetan joaten diren ikasleek elkar ezagutzea izanik, berba egiteko hainbat dinamikatan hartu zuten parte guztiek, eta sarituek beren gutunak erakutsi eta ozen irakurri zituzten.