Donibane-Ziburuko AEK-k Praktikatu egitasmoa abiatuko du ikasturte honetan. Dagoeneko egiten dira inguru horretan aldizkako ekintza itxi batzuk, zenbait egitura edo elkarteri lotuak, eta orain AEKren Praktikatu zerbitzua gehituko zaie, elkarlanean jarduteko. Udazkenetik aurrera, Ziburun, Donibanen, Getarian eta Urruñan osatu nahi dituzte mintzataldeak, eta 10 talde sortzeko helburuarekin ekingo diote kanpainari. Gainera, hiru hilean behin, ekimen bateratuak antolatuko dituzte existitzen diren ekimenekin elkartuta. Egitasmoak harrera ona izan du udaletan eta Euskal Elkargoan, baita horrelako zerbait galdegiten zuen jende anitzen eta orain arte arlo horretan diharduten taldeen aldetik ere, “osagarriak izan gaitezkeela ikusi dutelako”. Donibane Lohizuneko AEK-k euskararen erabilera sustatu nahi du horrela, “baita gure ikasleen beharrak ase ere, ikasprozesua uzten dutenean askotan ez dutelako non praktikatu. Beraz, erabilera lantzeko esparru bat segurtatu nahi dugu haientzat” dio gau eskolako kide Paulo Arzelusek. Taldeak irekiak izango dira: “Gure ikasleentzako gehi jendarteko eragile guztientzako ekimena da, oraindik biziki jorratua ez dugun erabilera esparrua behar dugulako. Hutsune hori betetzera gatoz”. Astean behingo taldeak osatzeko asmoa dute, lauzpabost lagunekoak. “Gurean hasi, eta ondoren Iparraldeko AEK-ko beste eskualde batzuk gomitatuko ditugu, egitasmoa pixkanaka zabal dadin”. Izena Praktikatu zerbitzuan edo Donibane-Ziburuko gau eskolan eman daiteke; aurkezpen ekitaldia, berriz, irailaren 15ean egingo dute Donibane Lohizuneko herriko etxean.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.