Osasunak eta AEKk elkarlanean segituko dute futbol taldean eta Fundazioan euskararen presentzia areagotzeko: sei urteko lankidetzaren ondoren, 2027ra arte sinatu dute hitzarmenaren luzapena. Ahize-AEKren aholkulariek, beraz, aurrera egingo dute planak diseinatzen eta ezartzen: sentsibilizazio jarduerak, euskara eskolak eta itzulpenak, bertzeak bertze.
Emaitzak begi bistakoak dira: euskara gero eta gehiago ageri da bai Osasunaren euskarrietan bai bazkideekiko eta herritarrekiko harremanetan. Nabarmentzekoak dira, esaterako, Sadar zelaiko errotulazioa, bazkideentzako mezu eta eskutitzak, webguneak eta lehen taldearen X sareko euskarazko kontua (ia 6.000 jarraitzaile ditu jada). Halaber, ikasturtez ikasturte, euskara ikastera animatu diren langileen kopurua hazi egin da, eta haurrekin aritzen diren futbol eskoletako teknikari guztiek jaso dituzte hizkuntz aniztasunaren gaineko motibazio saioak. Gaur egun, 330 ume dabiltza euskaraz, eta azken urteetan horrelako bost talde osatu dira Iruñerrian eta Lizarran. Era berean, Osasunak azken urteotan administrazio publikoek eta euskalgintzak sustatutako ekitaldi eta kanpainetan parte hartu du, Euskaraldian eta Korrikan, kasu.
Haatik, aurrerapausoak egin badira ere, lan eskerga dago oraindik egiteko. Hortaz, AEKrentzat hagitz pozgarria da elkarlanean segitzea, Osasunak, hain eragile indartsua izanik, euskara normaltasunez erabiltzeko bideak urratzeak guztiz bat egiten duelako AEKren misioarekin.