Bi euskaltegi berri inauguratuko ditu AEKk ikasturte honetan, Gipuzkoan eta Bizkaian, hurrenez hurren: Oreretako Xenpelar AEK eta Mungiako Kinttopeko AEK. Ikasleek eta irakasleek aurreko ikasturtearen amaieran ezagutu zituzten lokalak, baina hil honetan egingo dira inaugurazio ekitaldiak.
Lehena irailaren 14an izango da, Oreretan: 12:00etan, Biteri kaleko Xenpelar AEK zaharra agurtuko dute, 40 urtean ikasle eta irakasle andana hartu duen egoitzak ez baitu gutxiago merezi. Ondoren, Nafarroa etorbideko 67.ean dagoen lokala irekiko dute, berria eta aurrekoa baino handiagoa; hala, ikasle eta irakasle guztiek egoitza berean elkarrekin egoteko aukera edukiko dute, lehen ez bezala. Izan ere, 11 irakasle eta ia 300 ikasle dabiltza Oreretako AEKn, eta aurreko lokala txiki geratu zitzaien. Ekitaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian, lau hamarkadan euskaltegian aritutako ikasleak eta irakasleak elkartzeko asmoz.
Bigarrena Mungiako Kinttopeko AEK euskaltegiaren inaugurazioa izango da, irailaren 20an, arratsaldeko zazpietan. Lokal guztiz berria da hau ere, Guridi Eresgille kaleko 6. zenbakian kokatua. Gaur egun, sei irakasle eta 100 ikasle baino gehiago dabiltza Kinttopeko euskaltegian, baina azken 30 urteetan aritu direnek lokal alokatu batean jardun dute euskara ikasten eta irakasten. Pozik dira, beraz, egoitza berriaren aurrerapen guztiekin eta kanpoan hainbat jarduera egiteko aukera emango dien atari zabalarekin.
Bestalde, joan den ekainean, Bizkaian euskaltegi berritu bat inauguratu zen: Galdakaoko Barandiaran AEK. Lehengo lekuan dago, Barandiaran kaleko 8. zenbakian, hain zuzen ere, baina barrualdea erabat eraberritu dute: lurra aldatu, hormak bota eta berriak altxatu... Amaitzen ari den ikasturtean, AEKko ikasleek eta irakasleek sei hilabete igaro dituzte beste lokal batean hori guztia egin ahal izateko, eta orain bertako bost irakasleak eta ia 100 ikasleak pozik dira egoitza berriarekin. Galdakaoko Udalak egin ditu obrak, bera baita lokalaren jabea, baina AEK arduratu da etorkizunean beharrezkoak izango diren aurrerapen teknologikoak instalatzeaz. Izan ere, 30 urtetik gora daramatza AEKk bertan, galdakoztarrak eta ingurukoak euskalduntzen, Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker. Bi erakundeek iaz berritu zuten kontratua, beste 10 urterako.