Apirilaren 5ean ospatuko da Sopelan Esaera Zaharren Txapelketaren 30. edizioa. Lehen ediziotzat jo ahal duguna 1992an egin zuten, baina Sopelako Nikola AEK eta Algortako Lauaxeta AEK euskaltegietako bi talderen arteko lehia izan zen, mintzapraktika egiteko antolatutako ekintza berezia baino ez. Ordutik, bilakaera handia izan du Txapelketak: gaur egun, 80-90 lehiakide inguru erakartzen ditu Sopelara, eta egun-pasa ederra bihurtu da. Sopelako kaleetan euskararen presentzia bermatzeaz gain, ALBE Algortako bertso eskolako bertsolarien, AEKko kideen, lehiakideen, musikarien eta epaileen artean 100ndik gora lagun elkartzen ditu, goizean hasi eta iluntzean amaitu arte, Artadi garagardotegiko bazkarian atseden hartuta. Hala izango da aurtengoan ere, baina edizio berezia izanik, beste hitzordu batzuk antolatu dituzte Txapelketaren aurreko eta osteko egunetarako: martxoaren 24an, Esaera Zaharren Txapelketa, 30 urte erakusketa inauguratuko da, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Apirilaren 3rako, kalejira eta kantu-poteoa antolatu dituzte, Sopela Kantari taldearen eskutik; eta, apirilaren 4an, umeentzako disko-festa udaletxeko plazan (euria bada, Zipiriñe eskolako jolastokian). Egun nagusia igarota, apirilaren 10ean Esalegeak gurean hitzaldia eskainiko dute Akaitze Kamiruagak eta Iñaki Gilisastik; eta, azkenik, maiatzaren 20an, Adolfo Arejita euskaltzainak esaera zaharren gaineko hitzaldia emango du. Biak ala biak, Kurtzio kultur etxean.