James Ling Cheung
Hong Kong, 1988

Bi urte daramatza Tolosan, eta tarte horretan euskara ikasi eta C1 titulua lortu du. Donostian, Txinan, AEBetan, Katalunian eta Asturiasen bizi izan da, eta txinera, ingelesa, gaztelania eta katalana ere badakizki. HonYa komiki-denda du; hain zuzen, etorkizunean euskarazko komiki bat egin nahiko luke. Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Tolosan bizi naizelako. Euskaraz asko hitz egiten dute herritarrek eta, beraz, haiekin hitz egiteko eta elkar ulertzeko. Hasierako asmoa oinarrizko maila lortzea zen, baina behin hasita C1 eskuratu arte jarraitu nuen.
Nolako prozesua izan zen?
Nire kabuz1 ikasten hasi nintzen, liburu batez. Hilabete-edo egin nuen horrela. Ondoren, Zornotzako barnetegian urte eta erdi inguru egon nintzen. Handik aterata, Lazkaoko barnetegian hamabost egun eman nituen, C1 prestatzeko. C2 maila lantzen ere hasi nintzen, baina lan egiten nuen, ikastaro bat egiten ari nintzen... Gauza asko neuzkan buruan, oso gogorra egin zitzaidan eta utzi egin nuen.
Zer izan da errazena zuretzat?
Hiztegia barneratzea.
Eta zailena?
Agian, hitz egitea. Euskarak gramatika-arau asko ditu, asko pentsatu behar duzu hitz egin baino lehen, eta perfekzionista naizenez, trabatuta geratzen nintzen edo oso motel hitz egiten nuen. Ongi hitz egiteko, denbora behar da. Nahiz eta bi urtean C1 lortu, soltura izateko beharrezkoa da asko hitz egitea.
Erabiltzen al duzu?
Bai. Ez egunero-egunero, beharbada, baina astero bai. Bezeroekin, lagunekin... Tolosa oso herri euskalduna da eta horrek asko laguntzen du.
Trikimailuren bat?
Liburuak irakurtzeak asko lagundu zidan hiztegia barneratzeko. Badago hiztegia lantzeko aplikazio bat, baina oso nekagarria iruditu zitzaidan. Aplikazioarekin alderatuta, liburuak irakurriz hiztegia nabarmen zabaldu zitzaidan. Aplikazioa gauza bera da, baina liburuekin ez duzu hain behartuta ikasten, modu inkontzienteagoan barneratzen duzu hiztegia, eta dibertigarria da. Gainera, esamoldeak ere ikasten dituzu, baita esaldiak nola osatu ere. 

1. Nor(k) bere kabuz: bakarrik, inoren laguntzarik gabe.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.