“Trikimailu bakarra jarrera da”
Blanca Cabezudo
Eibar, 1974
Gizarte hezitzailea, Eibarko AEKn B2 maila lortzeko ikasten ari da Cabezudo, autoikas- kuntzan. Gaztetan ere euskara ikasten aritu zen, lehenik eskolan, errefortzu moduan, eta ondoren euskaraz bizi ahal izateko. Horrexe- gatik hasi da aurten, berriro, euskaltegian. Eñaut Mitxelena.
Nolatan iritsi zinen euskarara? Nire familia ez da euskalduna. Txikitan, auzokoarekin euskaraz hitz egiten nuen, nahiko normal, gainera. Gero, eskolan hasita, erraztasun hura galdu egin nuen; han, irakasgaietako bat zen, besterik gabe. Orain, nire lagun guztiak euskaldunak dira. Nire bizitzan beti egon da presente, eta berreskuratzeko urratsa egin nuen.
Zergatik erabaki zenuen ikastea? Nire helburua ikastea da, hitz egitea eta bizitza euskaraz egitea. Adibidez, laneko bileretan batzuetan kostatzen zait euskaraz egitea, baina erraztasunez egin nahi dut. Hori lortzeko erabaki nuen B2 hizkuntz agiria eskuratzea. Hau da, titulua lortzea da nire helburua betetzeko modua.
Nolako prozesua izan duzu? Nahiko lasaia. Inoiz ez dut jakiteko edo ikasteko presiorik eduki. Beharbada, horregatik izan da nire prozesua hain lasaia. Beti joan izan naiz euskaltegira euskara ikasteko gogoz, eta presiorik gabe.
Zer izan da zailena zuretzat? Aditzak... ai, ama! Aditz batzuk ongi erabiltzea pilo bat kostatzen zait. Eta egitura gramatikal batzuk ere bai.
Eta errazena? Askatzea, nik uste. Ez zait kostatzen ausartzea, edozein unetan askatzea. Nire esaldi izarra honako hau da: “Euskaldun berria naiz, une honetan ikasten ari naiz, normalean ez dut ulertzeko arazorik baina bai gauza batzuk euskaraz ongi esateko”. Hori esanda, edozein lekutan semaforo berdea daukazu. Ez daukat hitz egiteko beldurrik. Badakit akats batzuk egingo ditudala, baina horrela ikasten da.
Erabiltzen duzu euskara? Bai. Ez egunero, baina bai. Moldatzen naiz. Lanean, adibidez, saiatzen naiz zenbait e-posta euskaraz idazten, edo telefonoz, pertsonaren arabera, euskaraz hitz egiten... Eta lagunekin, gehienetan, ere bai.
Gustuko hitza edo esamoldea? Bejondeizula! Pila bat gustatzen zait. Irratian entzun nuen aspaldi, eta harrituta geratu nintzen: “Zer da hitz hori?” Hiztegian begiratu, eta bai, gustuko dut.
Trikimailuren bat? Nire ustez, trikimailu bakarra jarrera da. Jarrera, eta helburu oso handiak ez jartzea. Hobe da helburu txikiak jartzea. Esate baterako, “gaur zerbait idatziko dut euskaraz”, eta ea zer ateratzen den. Jarrera: gustura ikasi euskara, ingelesa edo beste edozein gauza.