heltzear web

493rojas

Joxe Rojas

Galdetu zalantzak teknopatari:Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Euskara ikasten ari bazara, konturatuko zinen honezkero: ikasten eta erabiltzen ditugun hizkuntzek gure pentsaeran eragiten dute. Beste hizkuntza bat ikasteak munduari begiratzeko modu berriak ematen dizkigu. Eta dakizkigun hizkuntzetako bakoitzean erabiltzen dugun hitz bakoitzak ere munduaren ikuskera1 aldatzen du. Geurea zein solaskideena.
Horregatik, sektek egiten duten lehen gauzetako bat bik­timen eguneroko hizkun­tza aldatzea da: hitz batzuk debekatuz edo ordezkatuz, biktimen nortasuna modela­tzen hasten dira.
Antzekoa gertatzen ari zaigu gizarte osoan “adimen artifiziala” delakoarekin. Etengabe darabilgu ahoan denerako balio duenez esanahi zehatzik gabe geratu den kontzeptua: robot aspiragailuak etxeko mapa egiteko eta gogoratzeko sistema; hamarnaka urte duten irudien kalitatea hobe­tzekoa; bideoak sortzekoa; bilatzaileetan ezarri dizkiguten txatbotak; hortzetako eskuila2 elektrikoak presioa detektatzeko sen­tsoreak; minbizia aurreikusteko sistema estatistikoak; itzultzaile automatikoak... Horiek guztiak eta gehiago ere sartzen ditugu “adimen artifizial” marketin-kontzeptuaren barruan. 
Bada, irudikatu une batez dado bat bota eta galdetzen dugula: “Zenbat da hiru gehi bi?”. Emaitza bost bada, esan­go ote genuke dado hori inteligentea dela ala, besterik gabe, irten zaigun zenbakia erantzun zuzenarekin bat datorrela? Eta, emaitza bi bada, esango ote genuke dadoak ‘haluzinatu’ duela?
Orain, irudikatu dado hori programatu ahal dugula aurrez galdera berari emandako milioika erantzunetan oinarrituta. Horrela, kalkulu estatistiko bat egin eta aurrez bildutako erantzunetan oinarritutako emaitza emango digu. Horixe da, zehazki, “adimen artifiziala” izendatzen duguna. Ez da adimenduna, ez ditu galderak ulertzen eta, beraz, ez du erantzunik ematen. Ematen diogun inputaren erantzunen batezbestekoa3 ematen digu.
Horregatik, batzuk proposatzen ari dira “automatizazio probabilistikoa” izendatzea. Erabiltzen hastean, sistema horien errealitatetik hurbilago dagoen irudia sortzen du burmuinean, egin proba!

LOTURAK

https://labur.eus/ez-AA
Azalpen gehiago “adimen artifizial” esamoldearen atzean dauden gezurrez.
https://labur.eus/kanada-AA
Kanadako guraso batzuek teknologia honetaz hitz egiteko sortu duten estilo-gida.
https://labur.eus/hiztegi-AA
Hiztegi-proposamen bat gai hauetaz zehatzago hitz egiteko.

1. Ikuskera: ikusteko era, ikuspegi.
2. Hortzetako eskuila: hortzak garbitzeko erabiltzen dugun objektu.
3. Batezbesteko: promedio (es), moyenne (fr).

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.