heltzear web

493rojas

Joxe Rojas

Galdetu zalantzak teknopatari:Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Politikari buruzko lagunarteko eztabaidetan, bada lehenago edo geroago beti azaltzen den esaldia: “Egiten dugun guzti-guztia da politika, aizu!”. Eta bai, hala da. Egiten dugun oro da politika, egunerokoan erabiltzen dugun teknologia ere bai.
Makro mailan, esaterako, Trumpen agintaldiak sekula ez bezalako arrakalak1 ireki ditu. Laranja koloreko gizonkoteak2 estu hartu ditu AEBetako teknologia-enpresa erraldoiak, eta ezin argiago utzi du nazioarteak haiekiko duen mendekotasun teknologikoa. Ehunka estaturen eta estatuz gaindiko erakunderen informazio-sistemak enpresa estatubatuarren kontrolpean daude, eta Trumpen hitz bat nahikoa da sistema horiek erabat blokeatu eta funtzionatzeari uzteko.
Arrisku hori ez da hipotetikoa. Gertatu izan da dagoeneko. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelgo presidente Benjamin Netanyahuren aurkako atxilotze-agindua eman zuenean, Washingtonek berehala eskatu zuen bertan behera uzteko. Fiskalak ez zuenez hori egin, Microsoft Outlooken zeukan posta elektronikoan eta dokumentazioan sartu ezinik geratu zen, Trumpek enpresa informatikoari emandako zuzeneko agindu baten ondorioz.
Horren alde ona da estatu eta administrazio batzuk kezkatzen hasi direla mendekotasun teknologikoak ekar ditzakeen arriskuekin. Neurriak hartzen ere hasita daude, eta badirudi mugimendua hedatzen ari dela. Frantziako Gobernuak, esate baterako, Microsoftetik urrundu eta, Windows beharrean, Linux sistema eragilea erabiltzen hasiko dela iragarri du. Trantsizioa abiatzeko data ere zehaztu du: 2026ko udazkena. Burujabetza3 teknologikoa, aukera baino, premia estrategikoa dela diote Frantziako agintariek. Eta ez zaie arrazoirik falta.
Norbanakooi dagokigunez, tira: gure dendatxo edo elkartearen informazioa webgune estandar batean ez eta Facebooken edo Instagramen argitaratzen dugun bakoitzean, Xko eztabaida antzu⁴ horietako batean parte hartzen dugun bakoitzean, Whatsapp erabiltzen dugun bakoitzean, mundua eta gizartea hondamendira eramaten ari diren ultraeskuineko soziopaten jokaera ontzat ematen eta indartzen ari gara. Hori nahi dugu benetan?

LOTURAK

https://labur.eus/karim
Nazioarteko Auzitegiko Fiskalaren postaren blokeoa.
https://labur.eus/numeriko
Frantziako Gobernuaren iragarpena (frantsesez).
https://luberrilinux.eus/
Euskarazko Linux banaketa, etxean probatu nahi baduzu ere...

1. Arrakala: brecha (es), fracture (fr).
2. Gizonkote:
gizon handi, sendo.
3. Burujabetza:
soberanía (es), souveraineté (fr).
4. Antzu:
estéril (es), stérile (fr).



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.