heltzear web

493rojas

Joxe Rojas

Galdetu zalantzak teknopatari:Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

‘Adimen artifiziala’ delakoan oinarritutako txatbotek (ChatGPT, Copilot, Gemini eta abar) arazo eta arrisku asko dituzte. Gehienak alderdi teknikotik datoz, baina ez dira bakarrak, ezta larrienak ere, beharbada.
Finean, txatbot horiek produktuak baino ez dira. Momentuz dohainik ere erabil daitezkeen arren, euren jabeek saldu egin nahi dizkigute, eta, horretarako, txunditu behar gaituzte. Horregatik, gehiago saltzeko, teknologiak berez ez dituen bi ezaugarri psikologiko txertatu dizkiete saltzaileek txatbotei.
Alde batetik, txatbot guztiak erantzun sinesgarriak1 emateko programatuta daude. Ez egiazkoak edo zuzenak, sinesgarriak baizik. Erantzun guztiak hasiko balira “eskura ditudan datuen arabera, litekeena da zure galderaren erantzuna hau eta hau izatea”, beste era batera tratatuko genituzke. Baina ez lirateke hain txundigarriak eta, beraz, ez genituzke hain erraz erosiko. Eta, hala, “zure galderaren eran­tzuna hau eta hau da” erantzuten digute, egia esanez ala ez. Arrazoi faltsuak tartekatuz, beharrezkoa bada, ez baitira informazio zuzena emateko makinak.
Erosleak erakartzeko beste ezaugarri psikologiko bat ere txertatu diete txatbotei, gutako edozeinentzat oso erakargarria: lausengua2. Propio diseinatuta daude lehenago edo geroago erabiltzaileari arrazoia ematen bukatzeko. Makinari kontatzen badiozu zeure buruaz beste egiteko gogoa duzula, eta horretan apur bat tematuz eta arrazoien zerrenda emanez gero, azkenean esango dizu ideia bikaina dela, eta, zure arrazoi horiez gain, beste mordoxka bat emango dizu haren alde.
Horren muturrera joan gabe ere, Science aldizkariak argitaratutako ikerketa batek erakusten du txatbotak erabiltzeak pertsona okerragoak egiten gaituela, epe ertainera. Oso erraza da makinaren etengabeko lausenguetara ohitzea eta, denborarekin, gureekin bat egiten ez duten iritziekiko edo kritikekiko tolerantzia erabat galtzea, gure burugogorkeria3 elikatuz.
Baina, hori bai, dokumentuen laburpenak eta Ghibli estiloko marrazkiak oso azkar egiten dituzte!

LOTURAK

https://labur.eus/losintxa1
Science aldizkariko artikuluaren laburpena (ingelesez).

https://labur.eus/losintxa2
Txatbotak lagunak direla pentsatzearen arriskuak, Ataun Irratian.

https://labur.eus/losintxa3
Txatbotak eta nerabeen suizidioak, Gazteberri aldizkarian.

1. Sinesgarri: creíble (es), crédible (fr).
2. Lausengu:
lisonja (es), flatterie (fr).
3. Burugogorkeria:
obstinación (es), obstination (fr).

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.