Euskarazko Wikipediak, 25 urte


Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
Azaroaren 7an beteko dira 25 urte euskarazko Wikipedia sortu zenetik. Egunerokoan bermatutzat jo eta horrexegatik, hain zuzen ere, behar beste balioesten ez ditugun altxor horietako bat.
Gogoratu beharra dago kontzeptuak berak zer iraultza ekarri zuen: entziklopedia bat, dohainik, elkarlanean idatzia eta etengabe berritzen dena. Goitik beherako buelta ordura arteko liburukote-bilduma handi eta astun haiei, gainera urtetik urtera handitu egin behar zirenak, informazioa zaharkituta geratu ahala. Garesti arraioak1 ere baziren. Amak oraindik gogorarazten digu zenbat negar eta izerdi egin behar izan zuen hileroko kuotak ordaintzeko, norbaitek konbentzitu ostean lau seme-alabak ondo hezteko ezinbestekoa zuela etxerako bat erostea.
Wikipedia oasia da korporazio handiek menderatutako Internet kakaztuaren erdian. Sareen sarearen hastapenetan aldarrikatzen zen ‘informazioaren superautobide’ planteamendu haren azken hondar2 isolatu bat, kosta ahala kosta defendatu beharrekoa. Jakintza doan partekatzeko azpiegitura irekia, auzolan digitala ezagutzaren mundura ekarrita.
Euskararentzat, eta euskara baino are ahulago dauden hizkuntza askorentzat, Wikipedia gotorlekua3 da, Noeren ontziaren moduko zerbait, non erraz eta merke gorde daitezkeen bai hizkuntza bera bai hari lotutako jakintza eta mundu-ikuskera. Hizkuntza-komunitateko kide guztiek, edonork, hustu ahal du bertan bere ezagutza, transmisio hori diruaren truke egiteko prest dagoen aditu baten zain egon gabe.
Euskal komunitatearen indarraren eta bizi-gogoaren erakusgarritzat ere jotzen da sarritan euskarazko Wikipedia. Munduan diren hizkuntza ezberdinetako 348 Wikipedietatik, euskarazkoa 33. postuan dago artikulu-kopuruari dagokionez, 497.000 baino gehiago bilduta. Mila euskaldun bakoitzeko, 690 artikulutik gora daude euskarazko Wikipedian; gaztelaniazkoan, 4,56; eta frantsesezkoan, 10,18. Ez esan hori ez denik euskal komunitatearen jardueraren adierazgarri⁴ ezin argiagoa.
https://eu.wikipedia.org
Ezagutuko duzu, seguru, baina aipatu beharra dago!
https://labur.eus/wikipediak
Munduko Wikipedia guztien zerrenda, hainbat irizpideren arabera ordenatua.
https://wikimedia.eus/
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea arduratzen da euskarazko Wikipedia dinamizatzeaz.
1. Arraio: izugarri, ikaragarri, oso.
2. Hondar: resto (es), reste (fr).
3. Gotorleku: bastión (es), bastion (fr).
4. Adierazgarri: señal (es), signe (fr).
