Bumerana


Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
2000ko hamarkadaren hasieran, ‘puntucom burbuila1' delakoa gertatu zen. Internet publiko zabalarengana hedatzen hasi zenean, poltsikoak azkar eta erraz bete nahi zituzten zientoka inbertsiogilek sareko negozioetan egin zituzten euren apustuak: eskuz elikatutako webguneen aurkibide tematikoak, lehen bilatzaileak, albiste- eta entretenimendu-atariak, txat- eta mezularitza-zerbitzuak... bata bestearen atzetik sortu eta, bat-batean, bata bestearen atzetik ixten ere hasi ziren. Jendea bai, oldeka2, baina dirurik ez zutelako erakartzen. Hondamendi latza3 izan zen apustua egin zuten haientzat, eta krisi ekonomiko handia eragin zuen.
Adimen artifizialarekin ere antzeko zerbait gertatzen hasia da jada, batez ere software-garapenaren moduko eremuetan. Adimen artifizialaren txerpolariek⁴ ideia ezin erakargarriagoa zabaldu dute enpresaburu eta inbertsiogileen artean: “Orain, programak sor ditzakezu programazio-koderik jakin gabe!”.
Amu horri sendo helduta, software-enpresa handi askok langileak saldoka⁵ kaleratu dituzte, haien ordez kodea automatikoki idazten duten robotak erabiltzeko. Arazoak azkar hasi dira: robotek oso azkar idazten dute, bai, baina akats handiak ere egiten dituzte. Akats horiek gizakienak baino askoz ere zailagoak dira aurkitzen, kodea idazteko erabili duten logikaz ez dagoelako galdetzerik. Azkenean, denbora gehiago behar da makinaz sortutako kodeak zuzentzeko kodea bera idazteko baino.
Hori guztia gutxi balitz bezala, gure AAko txerpolariek edozein droga-saltzaileren trikimailu zaharra erabili dute: hasieran, dohainik edo oso merke eskaini dute produktua; gero, behin mendekotasuna sortuta, prezioa biderkatu egin dute. Honezkero, robota ez da hezur-haragizko programatzailea baino merkeagoa.
Azkenerako, software-enpresa handiek burua makurtu, eta duela hilabete batzuk kaleratutako programatzaileak berriz kontratatu behar izan dituzte, roboten hondamendiak konpontzeko. Burbuila ez, bumerana deitu diote adituek efektu horri: urrutira bidalitako langileak bueltan etortzea.
LOTURAK
https://labur.eus/puntucom
‘Puntucom burbuila’, Wikipedian.
https://labur.eus/burbuila
Datorkeen AA burbuilaz, Berrian.
https://labur.eus/bumeran
AAko bumeran efektuaren azalpena, ingelesez.
1. Burbuila: burbuja (es), bulle (fr).
2. Oldeka: kopuru oso handian.
3. Latz: gogor, ikaragarri, izugarri.
4. Txerpolari: charlatán, -ana de feria (es), camelot (fr).
5. Saldoka: oldeka, asko batera.
