heltzear web

493rojas

Joxe Rojas

Galdetu zalantzak teknopatari:Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Seguruenik, kapitalismoaren eta komunismoaren arteko alderik handienetakoa jabegoaren1 ideia da. Kapitalismo tradizionalean, norbanakoa gauzez jabetzea oinarrizko eskubidea da. Komunismoak, aldiz, jabetza kolektiboa sustatzen du. Estatua edo kolektiboa da guztiaren jabe, eta norbanakoek guztiona dena beren beharrak asetzeko2 erabiltzen dute.
Bada, azken urteotan bizitzen ari garen turbokapitalismo azeleratu honetan, gauzak gero eta hurbilago daude jabetza komunista bihurritutik3 pribatutik baino. Gauzak elite aberats baten jabetza dira, eta kaleko gizagaixook⁴ hileroko kuota ‘erosoak’ ordainduta erabiltzen ditugu. Hori nabarmen-nabarmena da teknologiaren eta entretenimenduaren alorrean.
Erreparatu, adibidez, ikus-entzunezkoen esparruari. Nire lankide gazteenek ulertu ere ez dute egiten musika-disko bat erosteko ideia. “Disko bat erosi? Zertarako? Plataforma honetan zein hartan nahi dudan musika guztia entzun dezaket, nahi dudanean!”. Pelikula bat erosi? Gero eta zailagoa da, nahi izanda ere. Euskarri fisikoak, diskoak, dendetatik kendu dizkigute, baita haiek irakurtzeko gailuak ere. Etxean disko-bilduma handiak ditugunok gero eta zailago daukagu non erabili topatzea. ‘Gure’ musika, pelikulak edo bideojokoak jadanik ez dira gureak; berriz ere, Silicon Valleyko soziopata-kuadrilla da gure aisialdiko edukiaren jabe. Eta ez dira hor geratuko.
Adibidez, Microsoft hasita dago Windows 11ren oinordekoa prestatzen, 2027. urtearen hasieran merkaturatzeko. Windows berriak bi ezaugarri nagusi izango bide⁵ ditu. Copilot ‘adimen artifiziala’ azken errebueltarik ezkutuenean ere izango du sartuta, noski. Eta, gainera, ‘modularra’ izango ei da: gauza gehiago edo gutxiago egin ahal izango ditu, hilero zenbat ordaintzeko prest zauden. Bukatu da sistema behin ordaindu eta hurrengo bertsioa kaleratu arte ahaztea. Orain, hileko kuota ordaintzera behartu nahi gaituzte ordenagailua erabili ahal izateko. Sistema ez baita gurea, egileena baizik.
Hona hemen komunismoarekin lotutako beste kontzeptu interesgarri bat: gulaga.

LOTURAK

https://labur.eus/kkztea
Bideo honetan oso argi azaltzen da zer den ekonomia osoa hartu duen ‘kakazte’ prozesua.

https://labur.eus/gulag
Gulaga, Wikipedian.

https://labur.eus/
plataformak Ikus-entzunezko plataformen inguruko kezka ez da gauza berria...

1. Jabego: (derecho de) propiedad (es), (droit de) propriété (fr).
2. Ase:
satisfacer (es), satisfaire (fr).
3. Bihurritu:
pervertir (es), pervertir (fr).
4. Gizagaixo:
desgraciado, -a (es), malheureux, -euse (fr).
5. Bide:
antza denez, dirudienez, badirudi.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.