Sarritan esan izan dizuedan moduan, Interneten hedapen masiboaren hastapenetan ‘informazioaren superautopista’ esan ohi zitzaion sareari, eta esna ere amets egiten genuen zer-nolako gauza zoragarriak ekarriko zizkigun informazioa eta jakintza modu librean partekatzeko tresna miragarri hark.
Baina informazio asko abiadura eta askatasun handiz harat-honat garraiatu behar zuen autobide hartatik oso-oso gutxi iritsi da gure garaiotara. Bide zabal bat baino, makinatxo bat lorategi daukagu gaur egun sarean, denak eder eta erakargarriak, eta denak gero eta hesi gotorragoez itxiak, beren arteko gero eta komunikazio gutxiagorekin.
Baina ez pentsa: ideia bat, gutxienez, autobidearen kontzeptu hartatik salbatu da. Izan ere, zer daukate autobide guztiek sarreran? Horixe bera: bidesaria ordaintzeko kabinatxoa. Bada, lorategi gotortu horiek ere berdin: gero eta gehiagok dituzte sarreran beren kabinatxoa eta barrera, bertara sartu nahi duenak lehenago sos batzuk utz ditzan.
80ko hamarkadan gure herri eta hirietako auzorik ilunenetan zebiltzan ‘gameluek’ bezalatsu, Interneteko lorategien jabeek dohainik eman dizkigute beren drogaren lehen dosiak, eta, erabateko mendekotasuna sortu ondoren, orduantxe hasi zaizkigu kobratzen. Eta, jakina, jada ezin garenez hura gabe bizi, kreditu txartela dantzan jarri beste erremediorik ez dugu.
Twitter, adibidez, kontuen lapurreta saihesteko balio duen bi urratseko egiaztapena hasi da kobratzen, orain arte plataformaren segurtasun ezaugarria zena produktu gehigarri bihurtuta. Metak ordainpeko harpidetzak iragarri ditu Facebooken eta Instagramen. Snapchatek ere antzeko planteamendua dauka erabiltzaile fidelenentzat, Netflixek bere harpidetza planetan egindako aldaketak aski ezagunak dira...
Orain arte publizitateari eta erabiltzaileon datuen salerosketari esker lortutako etekin maila ez da nahikoa, nonbait, ‘datuen kapitalismoko’ ugazabentzat, eta merkantzia kobratzen hasi zaizkigu... Merkantzia hori gu geu bagara ere.

LOTURAK

https://labur.eus/tblue
Twitter Blue ordainpeko zerbitzua, Berriaren webgunean.

https://labur.eus/spoty
Batzuek errukirik gabeko taktikak erabili dituzte ordainpeko erabiltzaileak lortzeko. Spotifyren iragarki jasangaitzak, esaterako.

https://labur.eus/katixa
Katixa Agirreren gogoeta interesgarri eta mamitsua, Berrian.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.