“Euskaltegi guztietan ibili naiz!”
Joli Pascualena
Iruñea, 1976
Pedagogia eta musika irakasle ikasketak egina, ibilbide oparoko aktore eta abeslaria da Pascualena. Askok Pirritx eta Porrotxekin aritu zenetik izango dute gogoan. Demode Quartet laukotearen sortzailea, taldearen ikuskizunez gain bestelakoak ere sortzen ditu taldekideekin batera. Esaterako, Kutsidazu bidea, Ixabel musikala, 2021ean musika ikuskizun onenaren Max saria jaso zuena. Eñaut Mitxelena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Nire anaiak hainbat disko-eta ekarri zituen etxera eta bertan euskara entzuten hasi ginen; garai hartan, nik ia-ia ez nekien ezta zer zen ere. Ondoren, Irubide institutura joan nintzenean, euskara eskolak ematen hasi ziren eta orduan hasi nintzen euskararekin, 14 urterekin. Lehenengo urteetan, jarraian ikasten ibili nintzen, gero utzi, berriro hasi... Hamar bat urtez-edo aritu nintzen ikasten. Egia esan, orain ere jarraitzen dut. Oraindik hanka sartzen dut askotan... Baina gaur egun ongi sentitzen naiz euskaraz hitz egiten, eta ia egunero erabiltzen dut. Hau da, poz-pozik nago.
Nolako prozesua izan zenuen?
Institutuan hasi nintzen, esan bezala, eta gero AEKn, IKAn, Leitzako barnetegian, Maizpiden, Hizkuntza-Eskolan... egon nintzen, euskaltegi guztietan ibili naiz! Denetik probatu dut, baina Pirritx eta Porrotxekin lanean hasi nintzenean ausartu nintzen euskaraz hitz egitera. Ordura arte, larri-larri ibiltzen nintzen, batez ere ongi ez hitz egiteak lotsa ematen zidalako. Baina pailazoekin hasi nintzenean, pentsatu nuen: “Kito, ausartuko naiz!”. Prozesu oso luzea izan zen. Esaterako, Hizkuntza-Eskolan hasi nintzenean, 5. mailan, lur jota geratu nintzen eta zenbait urtez ikasteari utzi nion. Gorrotoa hartu nion. Amodioaren eta gorrotoaren arteko harremana izan da, baina orain amodioa besterik ez diot. Ez da soilik hizkuntza eta kultura ezagutzea, baita jende ugari ere.
Zer izan da zailena zuretzat?
Euskaraz hitz egitera ausartzea.
Eta errazena?
Eskoletara joatea, oso ongi pasatzen nuen. Lehen urtea, bereziki, oso polita eta dibertigarria izan zen. Gainera, normalean, jendeak oso ongi hartzen zaitu euskaldun berria zarela dakienean.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Oro har, euskara asko gustatzen zait, hizkuntzaren doinua. Antzerkian, adibidez, batzuetan ikuskizun bera gaztelaniaz eta euskaraz egiten dugu, eta askoz gehiago gustatu ohi zait euskaraz. Nahiz eta ama hizkuntza gaztelania dudan, gozoago sartzen zait euskaraz. Ez dakit, tonuagatik edo...
Trikimailuren bat?
Lotsarik ez izatea, edo, nahiz eta izan, saiatzea eta saiatzea. Nik urteak pasatu nituen ausartu gabe eta orain pena ematen dit. Atzera begiratu eta zergatik ez nuen gehiago egiten galdetzen diot neure buruari. Beraz, ausartu, eta hitz egin konplexurik eta arazorik gabe. Zeren, gainera, euskara dakitenak hortxe baitaude guri laguntzeko.