Gatibu digitalak
1990eko hamarkadan Internetek eztanda egin zuenean, fede handia jarri zen natibo digitalengan. “Gure atzetik datozenak gu baino askoz ere iaioagoak izango dira hura erabiltzen eta atarramentua ateratzen”.
Gutxik aurreikus genezakeen orduan diru goseak zenbat bihurrituko zuen Interneten bilakaera. Muturretik muturrera joan gara, erdi disimuluan, baina etenik gabe. Hasieran, nahikoa zen HTML kodea apur bat ikasi edo web editore bat instalatu, eta nork bere webgunea di-da sortzea. Operadoreek ere web espazioa eskaintzen zuten Internet konexioekin batera, familiaren argazki albuma, amamaren musika bilduma edo beste zernahi argitaratzeko.
Baina gero ‘Internet bi puntu zero’ etorri zen: sare sozialak eta plataformak. “Zuek ez kezkatu kodea ikasteaz, sortu edukia eta guk emango dizuegu hura argitaratzeko tresna”. Jende asko eta asko hasi zen bere gauzak sarean kontatzen... teknikaz ezertxo ere jakin (eta jakin nahi) gabe. Unibertsala eta erraza izateko pentsatuta zegoen HTML kodea friki eta teknikari gutxi batzuentzako kode misteriotsua bilakatu eta publiko orokorraren interesgunetik desagertu zen. “Webgunea? Zertarako? Facebooken plazaratuko ditugu gure elkartearen gauzak!”.
Orain, kontu teknikoen nekeez ‘askatu’ ondoren, erraldoi teknologikoek edukiaz ere ez kezkatzeko esaten digute: “Lasai, ez nekatu ezer idazten, marrazten edo sortzen, gure makinek egingo dute-eta erraz bezain azkar!”. Hainbat adituk dioten bezala, Internet apurtu egin da: dagoeneko ez da komunikaziorako tresna, erabiltzaileoi ageriko zein ezkutuko publizitatea eta propaganda irentsarazteko makina erraldoia baizik, inork sortu ez duen edukiaz gainezka dagoena.
Bilatzaileek jada ez dute informazioa bilatzeko balio; ezta komunikatzeko tresnek elkarrekin komunikatzeko ere... eta zer okerrena: erabiltzaileok honezkero ez gara kapaz informazio eta komunikazio hori bitartekaririk gabe sortu edo bilatzeko.
Natibo digitalen zain geunden eta, ustekabean, gatibu digitalak bilakatu gaituzte. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!
LOTURAK
https://labur.eus/masto
Ados, aitor dezadan: testu hau Mastodoneko elkarrizketa honek inspiratu du.
https://labur.eus/bene
Nostalgikoa? Ni?
https://labur.eus/hildako
Hildako Interneten gaineko azalpenak eta gogoetak, jon.eus blogean.