Egun Laranja ospatu zuten Iruñean

Abenduaren 13an elkartu ziren Iruñerriko AEKko ikasleak eta irakasleak (172 lagunek eman zuten izena bazkarirako) Egun Laranja ospatzeko. Jaia 11:00etan hasi zen, Alde Zaharreko Iruñezar AEK euskaltegiaren ondoko plazan. Ginkana moduko bat antolatu zuten bertan, ikasleek zenbait 'misio' betetzeko; ondoren, bermutaren ordua iritsi zen. Bazkaltzera, berriz, Donibane auzoko Anaitasuna pabiloiaren ondoko jatetxera joan ziren, eta bapo bete1 eta gero (txorizo, urdaiazpiko, arrain, haragi eta abarrez gain, menu beganoa izan zuten aukeran) giro ederrean igaro zuten bertan arratsaldea, kantuan, bingoan jolasten eta Korrika argazkiak ateratzen. Bertsoren bat edo beste ere entzun omen zen.
Iruñerriko AEKko arduradun Erkuden Aristu Fernandezek ez du gogoratzen zehatz-mehatz2 zenbat denbora daramaten Iruñerriko AEKn Egun Laranja antolatzen, “baina 20 urte bai, gutxienez”. Eta nola eta zergatik hasi ziren ospatzen? Bada, kondairak3 dioenez, AEKren kamiseta laranja asko pilatu4 omen ziren garai hartan euskaltegian eta aterabidea5 eman behar zitzaienez, nolabait6, zer hobeto kamiseta laranja jantzi eta mintzapraktika jai giroan egitea baino? Harrezkero7, laranja koloreko kamisetarekin joaten dira asko jaira. Berez, azaroaren amaieran antolatu ohi dute Egun Laranja, baina pasa den urriaren amaieran Iruñezar euskaltegiaren 25. urtemuga ospatu zutenez, Egun Laranja pixka bat atzeratzea erabaki zuten. Aurtengoa ohiko datara itzuliko da, urriaren amaierara, baina bitartean bada zer ikasi eta disfrutatu. Betiere euskaraz, jakina.
1. Bapo bete: tripa guztiz bete.
2. Zehatz-mehatz: exactamente (es), exactement (fr).
3. Kondaira: leyenda (es), légende (fr).
4. Pilatu: acumular (es), accumuler (fr).
5. Aterabide: solución (es), solution (fr).
6. Nolabait: de algún modo (es), d'une certaine façon (fr).
7. Harrezkero: desde entonces (es), depuis lors (fr).
