24. Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte

Euskal Herriko Ikastolak eta AEK aritu dira 24. Korrikaren unitate didaktikoak diseinatzen. Egileak dira, batetik, Iñaki Zapirain eta Jon Alustiza, Orereta Ikastolako irakasle eta ikastetxeetarako unitate didaktikoen egileak. Bestetik, AEKren Didaktika Saileko kide Amaia Lopez de Luzuriaga. Ondorioz, bi motatako1 atazak2 daude: ikastetxeetarako ikasmaterialak, adinaren arabera3 sailkatuta, Haur Hezkuntzatik Batxilergora; eta AEKren Didaktika Sailak euskaltegietarako prestatutakoak, mailaka antolatuta, A1etik C1era. Helburua da ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleen artean euskararen aldeko jarrera4 zabaltzea, gure hizkuntzarekiko kontzientzia suspertzea5 eta haren erabileran eragitea, euskal kultura transmititzea eta bertoko kultur erreferenteak ezagutaraztea. Eta Korrika iragartzea6, noski. Bestalde, unitate didaktikoek hainbat berritasun dakartzate. Adibidez, ikastetxeetarako materialean, Korrika Txokoa jarduera7 zirkulazio autonomoan aritzekoa da, ikasleek beren kasa erabiltzekoa. Hurrengora arte! jarduera, berriz, Korrika amaitu ondoren egiteko da, bertan bizi izandako esperientziak partekatzeko. Euskaltegietarako, ostera, hiru materialeko sorta prestatu dute: Badator 24. Korrika!, 24. Korrikaren ibilbidearen jolasa eta Korrika historian. Azken horretan, Euskal Gorrak (Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioa) ibili da laguntzen, entzumen-arazoak dituzten pertsonei egokitzeko⁸. Guztiak eskura daitezke korrika.eus atarian.
1. Mota: tipo (es), type (fr).
2. Ataza: jarduera, egiteko, eginkizun.
3. Arabera: en función de (es), en fonction de (fr).
4. Jarrera: actitud (es), attitude (fr).
5. Suspertu: avivar (es), aviver (fr).
6. Iragarri: anunciar (es), annoncer (fr).
7. Jarduera: actividad (es), activité (fr).
8. Egokitu: adaptar(se) (es), (s')adapter (fr).
