Urtemugak eta pregoiak

Ikasturte-bukaeran, jai-giroko urtemugak eta pregoiak pilatzen ari dira AEKn. Alde batetik, Itsasi AEK euskaltegiaren 30. urteurrena ospatu zuten Altsasun maiatzaren 23an. Guztiak ere, dotore-dotore jantzita. Euskaltegian bertan apaindu1 zuten elkar, baita hamaiketakoa egin ere. Ondoren, nola ez, bazkaria. Eta, bukatzeko, jaia herriko taberna batean, bi DJren konpainian. Zalantzarik ez primeran igaro zutela eguna!
Bestetik, Bilboko Indautxu AEK euskaltegia bere 40. urteurrena ospatzen ari da ikasturte honetan. Hori dela-eta, ekainaren 20an auzoko Guruzu plazan bazkalduko dute, Urkijo 73 tabernan 13:00etan hasiko den triki-poteoaren ondoren (izena whatsapp bidez eman daiteke, 688 746 475 telefono-zenbakian). Geroko, argazki-emanaldia, musika eta sorpresaren bat edo beste iragarri2 dituzte. Dena den, ospakizuna maiatzaren 7an hasi zen, urteurrenaren aitzakian Indautxu auzoko jai-batzordeak pregoia irakurtzeko enkargua egin zielako. Euskaltegiko bi irakasle beteranok kontatu zuten oholtza gainean 40 urteko historia, ikasguko gaur egungo hainbat irakasle (duela 40 urteko Luis Angel Lopez de Alda Azkoitia barne) lagun zituztela. Pregoian nabarmendu zuten aitzindari3 haiek “apustu handia egin zutela Bilboko erdiguneko hain euskaldun eta euskaltzalea ez zen auzo hartan”. Bada, “Indautxu AEKk leku berean dirau, garai haietan irakasle boluntario zoro batzuek izan zuten ilusio berarekin”.
Ilusioz daude, halaber⁴, Mungiako Kinttopeko AEK euskaltegiko kideak: 50 urte bete dira aurten gerora euskaltegia izango zenaren inguruan alfabetatze-eskolak ematen hasi zirela, eta horrexegatik eskaini diete herriko sanpedrotako pregoia udaletxetik irakurtzeko ohorea⁵, ekainaren 28ko 20:00etan. Ez da ospakizunik falta, ez, ikasturte-amaiera honetan!
1. Apaindu: preparar(se) (es), (se) préparer (fr).
2. Iragarri: jakinarazi, ezagutzera eman.
3. Aitzindari: precursor, -a (es), précurseur (fr).
4. Halaber: asimismo (es), de même (fr).
5. Ohore: honor (es), honneur (fr).
