AEKren bi ikasguk egoitza1 bana estreinatuko dute 26/27 ikasturtean, bata Tuteran eta bestea Astigarragan. 
Gaur egun, Erriberako AEKren egoitza nagusiak bi gela besterik ez du; 1988an erosi zen eta, zorionez, txiki geratu da. Urte hauetan guztietan, bertako irakasleek inguruko herrietako hainbat egoitzatan (udal-lokalak, kultur etxeak...) ere eman dituzte eskolak: Milagron, Arguedasen, Valtierran, Cascanten... Izan ere, gaur-gaurkoz, ikasguak sei irakasle ditu, batetik bestera ibiltzen direnak Nafarroako Erriberan, gela desplazatuetan ere euskara-eskolak ematen.
Tuterako Arrigarai AEK euskaltegi berriak hiru gela izango ditu, guztiak oraingoak baino handiagoak; horiei harrera-gunea, irakasle-gela polibalentea eta patioa (tailerrak eta bestelako jarduerak2 egiteko erabiliko dutena) gehitu behar zaizkie. Inaugurazioa irailaren 18an egingo dute, arratsaldeko 19:00etan antolatu duten ekitaldian. Hau da helbide berria: Camino de San Marcial kalea 31, behea (Gaztanbide antzokitik oso hurbil).


Astigarragan, berriz, Bada Euskararen Etxean egongo da Astigarragako AEK (Nabarra Oñatz kaleko 11.ean). Horrela, 15 urterako lagapena3 eginez, Astigarragako Udalak AEKren aspaldiko eskaerari erantzun dio.
Udalak Bada Euskararen Etxean hainbat ekitaldi eta ekintza antolatzeko asmoa du irailean zehar, umeentzat, gazteentzat zein helduentzat. Helburua da eraikin berria euskara eroso erabiltzeko arnasgunea⁴ izatea han elkartuko diren herriko euskaldun guztientzat, Astindu euskara-elkartearentzat, kasu. Hala, hango erabilera anitzeko⁵ gela handian antolatuko dira aurrerantzean euskararen inguruko hitzaldiak, aurkezpenak eta bestelako ekitaldiak. 
Euskaltegiak 15 lagunentzat atondutako⁶ lau gela handi edukiko ditu euskara-eskolak emateko, baita bilera-gela eta bulegoa ere. Udalak irailaren 18an inauguratuko du Bada Euskararen Etxea, eta aurreko egunean (irailak 17) egingo da egoitza bertan izango duen Astigarragako AEK euskaltegiaren irekiera-ekitaldia.

1. Egoitza: sede (es), siège (fr).
2. Jarduera: ekintza, aktibitate.
3. Lagapen: cesión (es), cession (fr).
4. Arnasgune: arnasa eta indarra hartzeko toki.
5. Anitz: ugari, asko.
6. Atondu: prestatu, egokitu, antolatu.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.