Eskuragarri daude Korrikaren unitate didaktikoak
23. Korrikaren unitate didaktikoak webgunean dira dagoeneko, Euskal Herri osoko ikastetxeen esku. Korrikaren eta Ikastolen Elkartearen arteko lankidetzan, Orereta ikastolako Iñaki Zapirain irakasleak ondu du ikasmateriala, adinaren arabera, lau ataletan sailkatuta. Ikasgelako arbel digitalean proiektatzeko zein ikasleen ordenagailu eramangarrietan erabiltzeko prestatuta egoteaz gain, irakasleentzako gida didaktikoak ere badaude, deskargatzeko moduan eta jarduerak aurrera eramateko argibide guztiekin. Halere, materiala nahi bezala erabil daiteke, atazak egiteko denbora edo adin tarteak egokituta. Jarduera ugari proposatzen dira: Goiatz Labandibarren ipuin batean oinarritutako Ispilu harrogarri; Harro, herri, korri! esku jolasa, Irundik Baionarako ibilbidea osatzeko; Iparraldeko lagunek azterketak euskaraz egiteko dituzten arazoez jabetzeko, dokumentalaren gaineko zineforuma egin eta Seaskaren Azterketak Euskaraz kolektiboari elkartasun gutunak bidaltzea; Myrian Perezek sortutako Plazara dantzara! koreografia; Korrikahoot jolasak, Korrikaren historia ezagutzeko; Bingo musikatua, aurreko edizioetako kantak abesteko... bai eta dagoeneko klasiko bihurtutako atazak ere, petoa eta lekukoa egitea, kasu.