Harro Enkarterri omenaldia eskualdeko eragileei
Bizkaiko Enkarterri eskualdean euskara sustatzen ibilitako eragile historikoak omendu zituzten, apirilaren 20an, Sodupen. Esker ona merezia zutela erakusteko, datu bat baino ez, Eustatena Enkarterriko euskaldun kopuruari dagokionez: 1981ean, populazioaren % 1,02; 2021ean, % 31,58. Gaur egun, Enkarterrin euskarak eta euskaldunek oro har pairatzen dituzten zailtasunak eta arazoak Euskal Herriko eskualde askotan nozitzen dira. Halere, 1981eko egoera etsigarria kontuan izanda, eskualdeko euskaltzale batzuek zer ospatu eta zer eskertu badagoela pentsatu eta omenaldi ekitaldia antolatu zuten, herri bazkaria eta egun osoko jai giroa lagun. Omenduen artean, Lurdes Gauna Aduriz AEK-ko irakasle jubilatu berria zegoen; baita ere lehenengo ikastola eta gau eskola klandestinoen sortzaileak, geroago ikastolak eta eskoletako B eta D ereduak sustatu zituzten gurasoak, euskaltegiko irakasleak eta ikasleak, laguntzaileak… Guztiek jaso zituzten ondo merezitako txaloak.