Korrika Beka, 'Kaka' lanari
Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak aurkeztutako Kaka proiektuak eskuratu du Korrikaren 24. edizioko Korrika Beka. Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu dute, eta hauek izan dira, aurkeztutako 14 proiektuen artean, Kaka saritzeko azaldu dituzten arrazoiak: Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia eta moldagarria izatea, formatu, gune eta baliabide aldetik. Hala, lana aurrera ateratzeko bultzada emango dio AEK-Korrikak beste bide batzuetatik gauzatu ezin izango zen egitasmoari. Izan ere, AEKk euskal kulturaren sorkuntza lana sustatu nahi du beka honen bidez, Korrika Kulturalerako obra bat sarituz bi urterik behin. Dirulaguntza 23.000 eurokoa da eta, horrez gain, saritutako lana 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren ardatza izango da, 2025eko azarotik 2026ko martxora bitartean.