Arratian ere badira gurasolagunak
Ikasturte honen hasieran jarri zen martxan Igorreko Berbalagun (Arratia eskualdean, Lemoan eta Areatzan lehendik ere ari ziren); bada, horren barruan premia ikusita, duela hilabete abiatu zen Gurasolagun egitasmoa. Hala, eskolaren eta guraso elkartearen bitartez deialdia egin, eta hamar familiarekin hasi ziren. Ekintza bidezko funtzionamendua izango du eta hilero ekintza bat egitea aurreikusten dute, gurasoekin eta seme-alabekin batera. Lehendabizikoa otsailaren 3an egin zuten, Igorreko Kubulu AEK euskaltegian: erroskilla tailerra. Oso gustura aritu zirenez, martxoan antzerki tailerra egitea aurreikusi dute Urtxintxa Eskolarekin. Horrez gain, herriko beste eragile batzuekin ekintzak elkarlanean antolatzeko eta inguruko herrietako berbalagunak parte hartzera gonbidatzeko asmoa ere badago.